Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “urria, 2024”

“Zerrendan”. Josu Laguardia Igiñitzen bertsoak, Iruneron.

ZERRENDAN

Egilea: Josu Laguardia Igiñitz

Doinua: Gure herri txiki hau da

Hemen jaitsi dezakezu

1)
Testamentu Zaharrean,
EXODO dago eskura,
Bertan idatzitakoa
gureganaino heldu da.
Sinai mendian, antza,
Yavhe jaitsi zen mundura,
Moisesi eskaini zion
aurrean zuen lur hura.
“Hemen izango duzue,
amestu duzuen uda.
Ez zaitezte bertakoez,
inolaz ere, arrangura.
Zuentzat dagoen guztia:
lurra, jakiak eta ura.
Hau da Jainkoak zuentzat
asmatutako lilura”.

2)
Yavheren horiek entzunda,
zer nolako hotzikara!
Herzl-en ametsa, egun,
Netanyahuren ozkada.
Israel sortzea izan zen
Europaren lehen haitada.
Geroztik indarkeria,
Nakba eta intifada.
Palestinarrak kanpora,
urrutira, pikutara…
Hau da Europa aberatsak
jarri dizuen enboskada.
“Lurrik gabeko herria”,
lapurtutako lautada.
Palestinakoa zer da,
genozidio bat ez bada?

3)
Eskonbroz beterik dago
emankorra zen soroa.
Txikituak, etxe ondoko
erreka eta basoa.
Lorerik ez da ageri.
Ez da itzuli usoa.
Ura kutsatua dago,
gainera ez da nahikoa.
Amak faltan du senarra,
geroztik galdu du loa,
Semeak, irrifarrik ez…
irrifarra du itoa.
Nola berreraiki zerbait?
Nola berpiztu gogoa?
Sinesgaitza izan arren,
bizitza aurrera doa.

4)
“Ama, duela urte erdi bat,
belztu egin zen zerua.
DANBA hark astindu zuen
beste behin gure patua.
Ez da oraindik itzali
orduan piztu zen sua,
garbiketarik latzena
eragiteko sortua.
Ama, besarka nazazu,
nahasia dut barrua.
Atta erail zutenetik,
galdu egin dut burua.
Haren oroimenez, noski,
hartuko dut mendekua.
Hauxe da jarri didaten
ate bakar eta estua”.

5)
“Jamal, hauxe da attonak
aspaldi esaten zuena:
Duela mende bat edo
etorri zela zezena.
Pizti beltza eta adardun,
denetatik bortitzena,
bertakook adarkadez
hauts bihurtuko gintuena.
Etzazula ate hori pasa,
izan baitaiteke azkena.
Zu zara nire mundua,
mundu honetan dudan dena.
Lehenengo attona, gero
osaba eta atta hurrena…
Zu gabe galduko nuke
zutik mantentzen nauena”.

Iturria: https://irunero.eus/zerrendan/

“Beldur eszenikoa”. Maider Ugarte Garbizuren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

BELDUR ESZENIKOA

Egilea: Maider Ugarte Garbizu

Doinua: Santa Barbara zure bizitza

1)
Hitzak, ahotsa, gorputza eta
birikei eskerrak arnas
Ideiak lotu ta diskurtsoak
egiteko banaiz kapaz
Oraingo hontan hitz egin nahi dut
ez zait aterako erraz
Jende aurrean hitz egiteak
ematen didan beldurraz

2)
Blokeo eta dardar kolpea
gorputzean zait mugitzen
izerdi hotza tantaka daukat
izu usaina jaurtitzen
Zalantzak ditut buru-belarri
gorputz osoa zatitzen
autoestimu falta ari zait
neure burua txikitzen

3)
Erre zituzten emakumeak
esanez zela mesede
gure gorputzen desjabetzea
egiteko zenbat lege
Bizi gaitezke enbarazurik
egin gabe, alafede!
Beraz, ikasi dugu mezua:
ez zaitez saiatu ere.

4)
Jaiotzetikan espero dute
guk asko egin dezagun
Espektatibak izan daitezke
beldur guztien errudun
hegoak dira eta batzuetan
edo aingura pisudun
Ea Anarik dioen bezala
diren aingura hegodun.

5)
Langile, ama, bikote, lagun
beti eredu ta gida
Maiz perfektua izan beharrak
sortzen dit niri hozkira
Jende aurrean hanka sartzea,
zaudetenean begira,
zuek ez duzue inoiz barkatzen
begiradak iltzeak dira

6)
Periferian gaude gu beti
zentroetan bakar batzuk
gurea ez den espazioa
hartzeko egon behar zut
hizlariak eta publikoak
egin dugunean tupust
arnasa sakon hartu, aurrera
tokia nire egin behar dut

7)
Espazio hau edukitzeak
eragiten dit zirrara
saiatuko naiz lasai hartu ta
neurtzen daukadan ikara
esan entzuten duzula nire
bihotzaren hots taupada
lasaitu nadin gorputz osoaz
emaidazu besarkada!

8)
Bortizki epaitua izatea
beldurraren kausa dut hor
badirudi guk zuei beti
dizuegula zerbait zor
Nirearekin nahikoa dut ta
ni bertsotan ez bainaiz nor
hasi berria naiz eta beraz
arren, ez epaitu gogor!

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/maider-ugarte-garbizu-beldur-eszenikoa/

Ikasturtea hasi dugu, baina izen emateko aukera beti dago zabalik [2024-10-10]

Kaixo, bertsozale:

Ikasturteari ekin diogu jada, baina gogoan izan urte osoan zehar zabalik dagoela Txingudiko bertso-eskoletan izena emateko aukera. Bertsolaritzaren alderdi “guztiak” lantzeko moduko taldeak ditugu gurean: bat-batean aritzeko, aritzen ikasteko, trebatzeko, idatzizkorako, eskualdean bertsolaritza sustatzeko…

Oraingoz aktibo dauzkagun bertso-eskolak hauek dira:


1- Gazte eta heldu hasi berrien bertso-eskola: asteazken arratsaldeetan. Igauri Lopetegi da arduraduna.
2- Bat-batean I bertso-eskola: asteazken arratsaldeetan. Igauri Lopetegi da arduraduna.
3- Bat-batean II bertso-eskola: ostegun arratsaldeetan. Abel Zabala da arduraduna.

Hala ere, ez da baztertzen ikasturtean zehar beste talderen bat sortzeko aukera. Bertso-tailerra edo bertso jarriak lantzeko taldea esaterako.

Beraz, edozein dela ere bertsolaritzara hurbiltzeko buruan duzu(e)n manera, ez izan zalantzarik, eta idatzi irunabar@gmail.com helbide elektronikora. Gu geu jarriko gara zu(r)ekin harremanetan, eta hitz egingo dugu.

Jarraian Iruneroko urriko zenbakian argitaratua: https://irunero.eus/ikasturte-berria-bertsolari-hasiberri-zein-eskarmentudunentzat-ere-hasiko-da/

“Ikaztegietatik Irunabarrera”. Jon Luzuriaga Iurramediren bertsoak, Iruneron.

IKAZTEGIETATIK IRUNABARRERA

Egilea: Jon Luzuriaga Iurramendi

Doinua: Trikitilariak omen gara

1)
Ez al da galdera ona
zer ote den zoriona?
Zer ote den zoriona
nola den putzu sakona
kontatu nahi nizueke
nola heldu naizen hona.
Nola heldu naizen hona
ez al da galdera ona?

2)
Haize freskoaren nahian
ibili nintzen garaian;
ibili nintzen garaian
aldaketaren bidaian,
Ikaztegietatik urrun
bukatu nuen Hendaian.
Bukatu nuen Hendaian
haize freskoaren nahian!

3)
Nahiz eta sinesten kosta
joan da egun mordoxka,
joan da egun mordoxka
hiru urte ozta-ozta
barnealdea utzirik
harrapatu nuen kosta.
Harrapatu nuen kosta
nahiz eta sinesten kosta!

4)
Izanaz nola damutu,
izenez ez dabil mutu,
izenez ez dabil mutu
beraz egin nion kuku
ia oharkabe nuen
Irunabar ezagutu.
Irunabar ezagutu
izanaz nola damutu!

5)
Beraz niretzat mesede
bai baitaukat aski fede,
bai baitaukat aski fede
baina izenak ze lege?
Irunetik badu zerbait
badu abarretik ere.
Badu abarretik ere
beraz niretzat mesede.

6)
Ez ote nabil honetan
balantzan eta orekan?
Balantzan eta orekan
hitzen esanahi gordetan
gozoa topatu nahian
nola erleak loretan,
nola erleak loretan
ez ote nabil honetan?

7)
Eta zaila da gelditzen
gurpila martxan hasi zen.
Gurpila martxan hasi zen
behin hona sartu bainintzen;
errima, doinu, neurrien
munstroa doa handitzen.
Munstroa doa handitzen
eta zaila da gelditzen.

8)
Beti zerbait baitaukagu
noizbait saio bat mokadu,
noizbait saio bat mokadu,
bertso idatzitik badu,
saio musikatuekin
zorioneko gara gu.
Zorioneko gara gu
beti zerbait baitaukagu.

9)
Zeinen leku egokia
asteroko biltokia.
Asteroko biltokia
emozioz diot ia
euskaraz eta bertsotan
izan dezagun tokia.
Izan dezagun tokia
zeinen leku egokia.

10)
Ez Marinak, ez Butronek,
ez Abadiako hormek,
ez Abadiako hormek,
ez Jaizkibeleko formek…
Txingudialdea horren
eder egiten du honek.
Eder egiten du honek
ez Marinak, ez Butronek!

11)
Nahiz nahikoa ez den sarri
deiadar eta aldarri,
deiadar eta aldarri
gabe lana da oinarri,
hemen esker on moduan
dozena bat bertso jarri,
dozena bat bertso jarri
nahiz nahikoa ez den sarri.

12)
Orain artean bezala
jarraitu nahi nuke hala.
Jarraitu nahi nuke hala
ez ote dugu normala,
maite dugun txoko honek
luzaro elkar gaitzala.
Luzaro elkar gaitzala
orain artean bezala!

Jarraian bertso-sorta entzungai Jone Garmendia Castañosek eta Jonek berak musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

Iturria: https://irunero.eus/ikaztegietatik-irunabarrera/

“Korrika urtea”. Aiora Fagoaga Izaren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

KORRIKA URTEA

Egilea: Aiora Fagoaga Iza

Doinua: Zeru altuan zegoen jaunak

Hemen jaitsi dezakezu

1)
Euskal Herrian galdetu ezkero
zer da zuretzat Korrika?
Maitea dugun gure hizkuntzak
bi urtetik behin duen zita.
Bertan doanak aldiro uzten du
errepidean birika.
Korrikak beti eragiten du
bizipoza ta irrika.

2)
Ibilbidean mapa ikusi
ta egin dugu gogoeta;
makiltxo baten emango dio
euskarak herriari buelta.
Eguna hurbilduz dijoa eta
gu gaude pozez beteta,
erne ibili, prestatu zaitez,
hortxe dator furgoneta.

3) 23. Korrika
hemen hasiko dela entzun,
jarraian denok sentitu gara
berezi eta zortedun.
Elkartu ezagun, familiako,
bikotekide zein lagun.
Gure herrian hasiko da ta,
gozatu dezagun, Irun!

4)
Lagunekin hitz egiten hasi
eta gehiengoek lana,
horixe baita denek duguna
egunerokoan zama,
ordutegia aldatu nahi dut,
Korrikak horra narama,
eguna hurbiltzen hasi da eta
zein da zuk daukazun plana?

5)
Hiri hontako euskaldunontzat
bai pozgarria berria!
Eguna hurbilduz dijoan ahala,
ezin ezkuta irria.
Euskarak hemen izan dezake
bultzada, udaberria,
behingoagatik dagoelako,
Irunez harro herria.

6)
Hasiko da ta, den-denak erne
denok piztuta antena.
Hitz egin dute, eman digute,
korrika hasteko baimena.
Gaur hala ere berdin-berdin du
lehenengo ala azkena,
hemendik hasi eta badoa
Euskal Herrian barrena.

7)
Euskal Herrian barrena hortxe,
hartuz edozein karrika.
Herrietako txoko guztitan
piztuaz bai bere txispa.
Bi urte luzez itxoin ta gero,
pasatu zaigu irrista.
Hurrengora arte, aio pelaio,
beste bat arte, Korrika!

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-aiora-fagoaga/

Post Navigation