Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “maiatza, 2019”

Irati bigarren izan da Zuberoa, Behe Nafarroa, eta Lapurdiko Eskolartekoan

Naia Etxeberri erabaki dute garaile, larunbatean, Hazparnen egin den Xilabako Eskolarteko Txapelketan. Oso tarte txikia izan da lehen bi sailkatuen artean, eta Iratik bakarkako lanean eginiko poto batek, balantza Naiaren aldera eraman du.
Azken laukora sailkatu diren Josu Txoperena eta Asier Arbelaitz hendaiarren lana ere aipatzekoa izan da. Lauak lapurtarrak izaki, lehen biek soilik lortu dute, Saran, ekainaren 8an, egingo den Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketarako txartela.

Zorionak, Irati!

 

Irati Alcantarilla XILABAko Eskolarteko Xapelgoan ariko da larunbatean [2019-05-18]

Maiatzaren 18arekin, goizeko 10:00etatik goiti, Hazparneko Haritz Barne Zineman, Xilabako Bertsolari Gazteen Xapelgoa egingo da. Asier Arbelaiz, Leire Casamajou, Nahia Etxeberri, Daia Harlouchet, Unai Harlouchet, Mae Lascaray, Ekhi Perrier, Josu Txoperena eta Irati Alcantarilla ariko dira bertan txapelaren lehian. Xilabako Txapeldunaz gain, Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketara lurralde bakoitzetik zein joango den ere erabakiko da.

Zorte on, Irati!

Txingudiko Bertso-eskola Mendeluko jaietan [2019-05-18]

Mendeluko jaietako egitarauaren barruan, larunbatarekin eta 13:00ean bertso saioa eskainiko dute Txingudiko Bertso-eskolako hainbat kidek. Ekintza bailara biltzen dituena egitaraua osatu dute asteburu osoan zehar gaztetxo, nerabe eta helduentzako. Guztiaren berri hurrengo loturan.

http://www.txikisdelbidasoa.com/evento/mendeluko-jaiak-2019/

Anima zaitezte!

Manu Goiogana Gipuzkoa Bertsotan [2019-05-18]

Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko Manu Goiogana kideak Gipuzkoa Bertsotan sailkapen faseko saioa izango du asteburu honetan. Larunbatarekin, maiatzaren 18an, Aretxabaletan arituko da Ainhoa Agirreazaldegi, Peru Aiartza, Endika Igarzabal, Julene Iturbe eta Izarne Zelaia bertsokide izango dituelarik. Saioa, Aretxabaletako Zaraia Aretoan izango da arratsaldeko 17:00etan.

Gipuzkoa Bertsotan udazkenean hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako aurrefasea da, 84 bertsolarik hartuko dute parte 42ko 2 taldetan banatuta. Talde bakoitzeko lehen 17ek lortuko dute udazkenean parte hartzeko txartela.

Animo, Manu!!

 

Txapelketako informazio gehiagorako bisitatu ondoko webgunea:

https://www.bertsozale.eus/eu/gipuzkoa/gipuzkoa-bertsotan

 

“Lurtarrak” Iruneron. Andoni Zelaia Otañoren bertsoak.

Lurtarrak

Doinua: Azienda bat dago
Egilea: Andoni Zelaia Otaño

1.
Bide okerra hartu
dugula demagun
natura zirikatzen
zertarako jardun.
Pikutara badoa
gu gera errudun
lurtarrak gera baina ez
lurraren lagun.

2.
Baserri ta mendiak
laster dira kale;
eoliko, antenak,
eta mila kable…
zaborra itsasora,
gu bai garbizale,
suburbiotan bizi
nahi dugun seinale.

3.
Lur azpiko fosilak
eta sumendiak,…
izotz plakak ez dira
lehen bezain handiak.
Elektrikaz hornitzen
autoen zaldiak
kontsumoak itsutu
ditzake begiak.

4.
Gezurra; energia
garbirik ez dago
gure konfort gosea
doa haratago.
Ez badugu bizi nahi
estresan esklabo
auto gutxiago ta
txirrinda gehiago.

5.
Dirua, boterea,
ongile posea,
esku gutxitan dagon
sistema klasea.
Bihurtuko da eman
ezkero haizea
gaurko hanka-sartzea
biharko gosea.

6.
Danok gara mundutar
ta hori aski da
kontzientzi askea
bizitzan desira.
Borroka egitean
barnera begira
gure kontraesanak
azalduko dira.

7.
Kontzientzi kargarik
ezin da arindu
lurra kexaz ari da,
gure lurrak min du.
Zuzentzeko garaian,
lege zein agindu
lurretik bizi gera
eta lurra zaindu.

8.
Okerra zuzentzea
tokatzen da sarri
lana eta natura
lotuaz elkarri.
Belaunaldi berrien
zeregin pizgarri
asfaltoa kendu ta
baratzeak jarri.

Iturria: https://irunero.eus/lurtarrak-2/

Post Navigation