Beñat Gaztelumendi eta Oihana Iguaran aritu ziren bertsotan, eta Egoitz Zelaia bertsolari hendaiarrak hartu zuen gaiak jarri eta saioa gidatzeko ardura.
Manu Goiogana eta Aitor Errazkin irundarrak aritu ziren abenduaren 3an Txingudi Ikastolan bertso kantari. Goizez, DBHko ikasleen aurrean aritu ziren, eta arratsaldez, aldiz, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleen aurrean. Bi bertso saioetan ikasleek jarritako gai eta ariketak izan zituzten kantagai.
Abenduaren 13koa izango da 2018ko azken bertso-gaua, eta boskote mundial batekin emango diogu amaiera urteari: Jon Martin oiartzuarra, Nerea Elustondo legazpiarra, Maider Arregi oñatiarra, Andoni Zelaia hendaiarra eta Iñigo Ugarte irundarrarekin. Gaiak jartzen Aitor Errazkin irundarra ariko da eta bertso jarriak Adrian Arruti irundarraren eskutik etorriko zaizkigu. Anima zaitezte eta gogoratu Kabigorrik aukera bikaina eskaintzen digula saioaren ondotik afaltzen geratzeko.