Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “azaroa, 2014”

Manu Goioganak irabazi du 2014ko San Andres Bertso Paper Lehiaketa

Hamasei urtetik gorakoetan lehen saria Manu Goiogana irundarrak irabazi du (300 euro eta txapela) eta bigarrena, berriz, Aimar Goenaga eibartarrak (250 euro eta plaka). Eta hamasei urtetik beherakoen artean, lehen saria Iturburuko Malen Suarezek jaso du (txapela eta liburua) eta bigarrena Arrateko Andra Mari ikastetxeko Pablo Santosek (plaka eta liburua). Irabazleek …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatutako “Bat-batean, munduko musikekin bertsotan” San Andres bertso-jaialdian jasoko dute saria eta bertan bertso irabazleak abestu beharko dituzte. Jaialdia azaroaren 23an (domekan) izango da, Portaleko areto nagusian eta saioan, Oskar Estanga eta Jon Martin bertsolariek samba, sona, tangoa eta bestelako doinuekin inprobisatuko dute. Sarrerak astelehenean ipini ziren salgai Sagar Bitza, Kultu eta Depor tabernetan, 6 eurotan. Saioa arratsaldeko 18.30etan hasiko da, baina aurretik, 18.00etan, San Andres bertso-paper lehiaketako sariak banatuko dira.

Testua eta argazkia: …eta kitto! Euskara Elkartearen web gunetik hartuak (lotura hemen).

DESIRA GOSE
Doinua: Gaur gurutzatu gara

1)
Bistaratu denean
ilargi zurbila
itxi dut kremailera,
lotu zapatila.
Gosea da desira
baten kiribila
Noan, zitara garaiz
iritsi nadila,
Bihotza asetzeko
menuaren bila

2)
Elkar topatu dugu,
berriro, Izaro,
eta irri bat egin
didazu emaro.
Aske zabiltza, alai,
gustura zeharo,
mahai gaineko ura
baino gardenago
eta nire bihotza
egarriak dago

3)
Lehen galdera “Kaixo,
zelan doa dena?”
elkarrizketa sortu
duen ekimena.
Hitzez hitz sortzen joan
gara ondorena;
ogi puska bat zara,
pertsona onena,
nire etxeko labean
egosiko dena!

4)
Elkarrizketak segi
duenez primeran
ohartzerako gaude
etxeko harreran.
Muxu bat ematean
lehenengo aukeran
gure mingainak ia
joan dira hegan
helize forma duten
makarroien eran.

5)
Gose grina begitik
ahoratzen bada
nola jan gura beste
baina zerbait laga?
Berriz ere hasi da
zimurtzen izara!
entsaladan dauden bi
urazen gisara
gu ere hostoz hosto
biluztuko gara!!

6)
Begiak distiratsu,
masailak melenga;
mingainak plazererantz
aurkitu du xenda.
Erantzi dugunean
gure azken prenda
zure_haragi xamurrez
ase nahi nuen ba
ahoan urtu ordez
ahoa urtzen da.

7)
Sagar eta udare
puskak ditugula
marrubi zaporea
nola disimula,
mazedonia goxo
batentzat formula.
Bion belarritara
“mmm” azken xuxurla
esanaz jandakoa
gustatu zaigula!!

8)
Desioa zegoen
maitasunaren zain,
pasiotik jan dugu
irriz hasteko lain.
Lasaitutako gorputz,
mindutako ezpain,
bihotza asetzean
gure goseaz gain
digestioa egin
behar dugu orain.

Manu Goiogana Bengoetxea

Post Navigation