Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “urtarrila, 2019”

Otsaileko bertso gaua, Kabigorrin [2019-02-07]

Gainean dugu dagoeneko otsaileko bertso gaua. 2019ko otsailaren 7an ariko dira, Kabigorriko oholtzan, Aitor Sarriegi, Aimar Karrika, Izarne Zelaia eta Manu Goiogana; laurak Mikel Gartzia eta Oihana Aranbururen esanetara. Bertso jarriak Mikel Garmendia irundarrak jarriak izango dira.

Gogoan izan saioa eta gero afaltzen geratzeko aukera paregabea eskaintzen digula Kabigorrik.

Anima zaitezte!

 

2019-02-06 – Bertsoz gidatutako solasaldia – 19:00etan Hondarribiko Kultur Etxean

Hondarribiko Blagan euskara elkarteak antolatuta, bertsoz gidatutako solasaldia izango da hurrengo asteazkenean, otsailaren 6an, 19:00etan hasita, Hondarribiko Kultur Etxeko Areto Nagusian.
Euskara Oholtzatik at” da solasaldiaren izena eta Galder Izagirre eta Fermin Muguruza izango dira solasean ariko direnak gai horren bueltan, Manu Goioganak bertsoz proposatutako hari-muturrei tiraka.
Atxikita doakizue emanaldia iragartzeko prestatu duten kartela, inon zabaldu edo ipini nahiko bazenute ere.

Maialen Lujanbio eta Alaia Martin Elatzeta Elkartean – 2019-02-23 – 20€

“Etorri berriak” Iruneron. Xabier Isasi Balanzategiren bertsoak.

Etorri berriak

Doinua: Ilun ikarak
Egilea: Xabier Isasi Balanzategi

1
Munduan inork ez du hautatzen
sorlekuaren patua
batzuk zorte on beste batzuk txar
zoriak hala hautua
gerra zitalak irauli zigun
infernua sorlekua
Nola liteke bilakatzea
sorlekua infernua?

2
Jaio nintzela negar batean
toki lohi eta itsusi
dena txikitu hondakin gorri
dena hondatu, erauzi
harriak, hautsa, hondamendia
besterik ezin ikusi
izugarria, hildako asko
eta gosea nagusi

3
Gerra piztu zen gure etxean
haiek ziren une latzak
lehertu zen dena, suntsitu dena
mendiak eta harkaitzak
izuak itsu alde eginda
salbatu nahian bizitzak
Bestela ez du uzten sekula
jaiolekua zuhaitzak

4
Oinez ikasi, ezin jolastu
lanean hasi segidan
mehazulotan sartzen gintuzten
milaka ume iladan
zuloan sartzen oihuka eta
garrasika despedidan
Hamaika urte nituen, ama
besoetan hil zitzaidan

5
Amarik gabe, babesik gabe
bizi grina ia galdu
maite gaituen inor ezean
ez dakigu nor garen gu
indar izpi bat barru-barrutik
bihotz-minak atera du
alde egin nuen baina tamalez
hartu ninduten soldadu

6
Ni bezalako milaka ume
hil ala bizi tenore
izugarriak egin nituen
gaitzak daraman adore
hainbeste odol eta oinaze
hilko baninduten hobe
gehiago ezin berriro ihes
egin nintzen desertore

7
Zentzu gabeko gerra latzetan
kausa gabeko gudari
dena galdu dut ez daukat ezer
ez daukat inor gidari
ihes betean helduko diot
bizitzaren borrokari
noraezean iparraldera
basamortuan errari

8
Itsasertzera iritsi ginen
agur Afrika betiko
esan digute beste aldean
dugula denetariko
Europa hartan gerra ez dela
ez nauela inork hilko
hemen hilzori jarraitu baino
hobe itsasoan ito

9
Lehengusu txiki Parisen daukat
joan behar dut haraino
txanela lepo beteta dago
zenbat min zenbat engaino
lurrera aldeko haizea dugu
gau ilun itsaso laino
Andaluzian sartu ta handik
Frantziako mugaraino

10
Autobusean iritsi gara
orain gaude aterpean
arropa, jana, Lakaxitako
giro onean, bakean
euskaraz gozo mintzatzen dira
haiek elkarren artean
eta jakin dut zer esan nahi den
ongietorri entzutean

Iturria: https://irunero.eus/etorri-berriak/

2019ko lehen bertso gaua, bihar, urtarrilak 3, 19:30etan Kabigorrin.

Urte berri on, denori. 2019ko lehen bertso gaua bihar izango da, urtarrilak 3, hileko lehen ostegunarekin, 19:30etan Kabigorrin. Beñat Gaztelumendi, Odei Barroso, Xabi Maia eta Abel Zabala izango ditugu kantuan, Uxue Larrukerten esanetara. Anima zaitezte urteko lehendabiziko bertso-zitara, eta azken boladan nahikoa jan eta edan egingo zenuten arren, gogoan izan Kabigorrik afaltzeko aukera paregabea eskaintzen digula.

Post Navigation