Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “martxoa, 2026”

M-28, egun betea Donostian eta Añorgan. Txingudi A taldea aurrera, Gipuzkoako Herriarteko Taldekako Txapelketan.

Txingudi A taldeak Gipuzkoako Herriarteko Taldekako Txapelketako saioa izan zuen martxoaren 28an, goizeko 11:00etan, Donostiako Guardetxean, bertako Bilintxi taldearen aurka.

Horren ondotik, Balantxa donostiarren eta Basandrik oiartzuarren arteko norgehiagoka izan zen, 12:30ean hasita, eta Balantxakoek egin zuten aurrera. Saio eder askoak izan ziren goizeko biak ala biak. Bertsolari guzti guztiek kantatu zituzten ale gogoangarriak.

Horiek horrela, Balantxa eta Txingudi A taldeek egin zuten aurrera, eta arratsaldeko 19:30ean Añorgako zineman jokatzekoa zen “Eskualdeko” finalerako sailkatu. Finalean, estu-estu, eta talde bien artean oso saio ederra osatu ondotik, Txingudi A taldeak Txapelketan aurrera egitea hobetsi zuten epaileek. Zorionak Igauri, Jon eta Manu! Eta zorte on aurrerantzean!

Eskerrik asko bihotz-bihotzez Txapelketa honen lehendabiziko fasean zehar talde guziek zuon herrietan egin diguzuen harreragatik, eta bereziki, Bilintxi eta Balantxakoei; inor gutxi izan da orain arte gurekin zuek bezain eskuzabal. Eskerrik asko beste behin ere eta sarri arte; laster izango dugu elkarren berri.

Eta amaitzeko, eskerrik asko zeuri ere, Abel, egun guztian zehar argazkiak biltzen aritzeagatik. Bejondeizula.

Irungo Korrika Eguneko bertso bazkaria

Martxoaren 21ean izan zen Korrika Eguna Irunen, Bidasoko AEKk herriko eragileokin elkarlanean antolaturikoa, eta bazkari ondoko bertso bazkaria antolatzea izan zen Irunabarrek Egunari eginiko ekarpena. Otordua bikaina, AEKko zenbait ikaslek prestaturikoa. Eta bikainak ere, biak ala biak, bazkalondoko bertso saioa eta EKTn sortutako giroa. Hona hemen Uxue Kriado AEKideak bidalitako argazkiak; esker mila, Uxue!

Eskerrik asko AEK eta EKT. Behin baino gehiagotan ari izan gara zuekin elkarlanean, eta bikaina izan da beti emaitza, baita honako honetan ere. Hurrengorako prest, sarri arte!

“Zaharra, umea eta astoarean alegia”. Jon Luzuriaga Iurramendiren bertsoak, Bidasoako Hitzan.

ZAHARRA, UMEA ETA ASTOAREN ALEGIA

Egilea: Jon Luzuriaga Iurramendi

Doinuak: Manuel Narruk atzo esan dit C / Minberatu zaizkigu

Hemen jaitsi dezakezu Hemen jaitsi dezakezu

1)
Adineko bat eta ume bat
astoa sokan lotuta
herrira doaz pausaon oinez
eguzkiak berotuta
baina zer pentsa eduki dute
ez daude eta ohituta
ume koadrilla bat hasi zaie
barrezka eta ohiuka:

2)
-Zuek leher eginda
ez ote zaudete?
oinez zabiltzatenez
ia ordubete.
Inuzente xamarrak
izango zarete
asto gainean ere
joan zaitezkete!

3)
Ustekabeko kritika entzun
dutelako adi-adi
asto gainera igo da haurra
eutsi nahian orekari
zaharrak berriz oinez ondoan
ekin dio bideari
herritar batzuk hasi bitarte
kontu eske umeari:

4)
-Tokia zaharrari
haurrak ebasteak
erakutsi dizkigu
zuon kontrasteak.
Tristura ematen du
pentsatzen hasteak
errespeturik ez du
egungo gazteak…


5)
Umiltasunez haien kritika
iristean belarrira
umea jaitsi eta zaharra
asto gainean jarri da
herrira heldu nahi zuten baina
ezin joan urrutira
bidean zeuden hiru agure
kexaka hasi baitira:

6)
-Haurrak hartu bitarte
halako jipoia
patxadaz pasa duzu
kaleko kantoia.
Adina izan arren
baduzu sasioa,
nola izan zaitezke
horren zeurekoia?

7)
Erdi betilun, erdi haserre
(badute aski motibo)
biak batera aberearen
bizkarrera dira igo
modu horretan bidean barna
jarraitu arren astiro
ohartzerako geldiarazi
dituzte biak berriro:

8)
-Biak astoan lasai
nik ez dakit nora
zoazten baina ezetz
iritsi inora…
Astoa lehertzear
doa maldan gora
halako kargarekin
laister itoko da.

9)
Bien artean besotan hartu
dute asto handi hura
eta zubia pasa behar den
unean dena da duda…
Asto gaixoa ikaratuta
errekara amildu da
dena ikusi duen andreak
hau esan die gustura:

10)
-Astoa bizkarrean
zuek ezin eutsi,
ikusi dudana nik
ezin dut sinetsi,
errekan zuengandik
dijoa ihesi
normala, besterik ez
zenuten merezi.

11)
Denei atsegin eman beharrez
eta azkenean larri
alegia hau besteen gisan
denotzat erakusgarri.
Etengabeko kritikei hobe
arreta txikia jarri
norberak bere zentzua ere
galtzen duelako sarri!

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/jon-luzuriaga-iurramendi-zaharra-umea-eta-astoarean-alegia/

Giro polita atzo Kabigorrin, Txingudi A eta Xenpelar taldeek eskainitako bertso-saioan

Gipuzkoako Herriarteko Taldekako Txapelketa dela eta, bertso-saioa izan zen atzo Kabigorrin. Txingudi A eta Xenpelar taldeko bertsolariak aritu ziren buruz buru, Jon Cia gai-jartzailearen agindupean. Eskerrik asko gerturatu zineten guztioi, eta esker mila bihotzez, beste behin ere, Kabigorriko bazkide eta langileoi. Maider Ugarte eta Uxue Kriado arduratu ziren saioko irudiak biltzeaz, eta Xabi Maiak ere bidali dizkigu bereak. Eskerrik beroenak, zuoi hiruroi ere.

Haritz Casabalek, Aitzol Astigarragak eta Aitor Errazkinek egin zituzten epaile lanak, eta haien erabakiaren arabera, Txingudi A izan zen garaile.

BERTSO BAZKARIA (M-21, Irungo Korrika Eguna)

Martxoaren 21ean Irungo Korrika Eguna izango da, Bidasoko AEKk herriko hainbat eragilerekin elkarlanean antolaturiko eguna. Hori dela eta, Irunabarrek ere jarri nahi izan du bere aletxoa, eta EKT, Bidasoko AEK eta beste hainbat boluntariorekin elkarlanean, martxoaren 21eko BERTSO BAZKARIA antolatu dugu.

Bertsotan, Manu Goiogana Bengoetxea, Maddalen Arzallus Antia eta Jon Luzuriaga Iurramendi ariko dira, eta gaiak jartzen, aldiz, Ainhoa Larretxea Agirre.

100 bazkaltiarrentzat izango da lekua, eta bazkaritarako tiketak Mari eta Hazia tabernetan eta Bidasoko AEK Irungo euskaltegian izango dira salgai. Tartean jaiegunak izango direnez, bazkarirako txartelak WhatsApp bidez ere eska ditzakezue (684804746).

Zeuk ere ekarpena egin nahi badiozu Irungo Korrika egunari, lagundu iezaguzu kartela zabaltzen!

Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketako bigarren bertso-saioa Kabigorrin [2026-03-12]

Kaixo, bertsozale.

Dagoeneko abian da Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa. Kabigorriko lehen bertso-saioa izan genuen otsailaren 19an eta, orain, bigarren bertso-saioa ere hemen dugu.

Kabigorriko bigarren saioari martxoaren 12an, ostegunean, ekingo diogu eta 19:30ean hasiko da. Bertsotan, Irungo Txingudi A eta Oreretako Xenpelar taldeak arituko dira. Kantuan Igauri Lopetegi Amostegi, Manu Goiogana Bengoetxea, Jon Luzuriaga Iurramendi, Inge Mitxelena, Aiora Gonzalez, Eider Puy eta Emaitz Murua ariko dira, gai jartzen, berriz, Unai Elizasu.

Gogoan izan Kabigorrik aukera ezin hobea eskaintzen duela behin saioa amaituta afaltzen geratzeko ere. Horretarako, ordea, astelehenerako ohartarazi beharko du interesa duenak.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan, ostegunera arte!

Zita bikoitza Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketan

Kaixo, bertsozale:

Dakizuenez, dagoeneko abian da Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa. Pasa den otsailaren 19an Txingudi B taldea estreinatu zen txapelketan, eta ostiral honetan izango du lehen zita Txingudi A taldeak. Iluntze berean izango du bere bigarren saioa Txingudi B taldeak ere. Etxetik kanpo aritzea egokituko zaie gure bi taldeei.

Alde batetik, iluntzeko 20:00etan hasiko Donostiako Bilintxi eta Txingudi A taldeen arteko saioa. Kantuan Igauri Lopetegi Amostegi, Jon Luzuriaga Iurramendi, Manu Goiogana Bengoetxea, Andoni Otamendi, Andoitz Urdapilleta, Asier Ibarguren eta Todor Azurtza ariko dira. Donostiako Ikatz kaleko Arrano Beltza Euskal Tokian izango da saioa.

Bestetik, ordu erdi beranduago, iluntzeko 20:30ean hasiko da Añorga eta Txingudi B taldeak elkartuko dituen afaria. Afalostean izango da bertso-saioa. Bertsotan Adrian Arruti Bernadet, Abel Zabala Elizazu, Iñigo Ugarte Azurmendi, Iñaki Gartziandia, Unai Gaztelumendi, Olatz Arrieta, Jon Altuna eta Harri Agirresarobe ariko dira. Errekaldeko elkartean izango dira aipatutako afaria eta saioa.

Batean ala bestean elkartuko garelakoan, segi bertsoez disfrutatzen.

Post Navigation