Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “Iraila, 2014”

Urriaren 2an Goiogana, Murua, Aizpurua eta Casabal Kabigorrin

Aupa, bertsozale.

Iragarri bezala, bigarren aldiz jarraian, eta urriaren 2an hasita, Kabigorriko bertso gauez gozatzen hasteko aukera izango dugu berriz. Aurreko ikasturtean bezalaxe, hilabeteko lehendabiziko ostegunean izango dira saioak, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Irungo Peña kaleko Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan.

Urriaren 2an Manu Goiogana irundarra, Xumai Murua baionarra, Oier Aizpurua zarauztarra eta Haritz Casabal antxotarra ariko dira bertsotan, Abel Zabala irundarrak ondutako gaiei kantari. Saioaren aurretik, eta bigarren edizio honetako saio guztietarako aurreikusia dagoen gisan, Txingudiko Bertso Eskolako edo haren jirako lagunen batek bertso berriak kantatuko ditu, aldiro egunerokoak iradoki dezakeenari jarriak. Aitor Errazkin irundarra izango da lan horri eusten lehena, “Bertso berriak, 2014-2015 bertso ikasturte berriari jarriak” sortarekin.

This slideshow requires JavaScript.

 Besterik ez, lagunok. Egina dizuegu eskaintza, eta ea iazko saio guztietan denon artean sortu genuen giro goxo, eder eta errespetuzkoari eusten diogun aurtengoan ere. Elkarren arrimuan, ziur baietz. Eta gogoan izan saioa eta gero afaltzen geratzeko Kabigorrik eskaintzen duen aukera aparta; probatu duenak ederki daki.

Jaso besarkada bero bat,

Irunabar

Kabigorriko bertso gauak, bigarren urtez jarraian

Erne, bertsozaleok. Bigarren urtez jarraian, Kabigorriko bertso gauak ekimenari hasiera emango diogu urriaren 2an, lehen ostegunarekin. Izan ere, hileko lehen ostegunean izaten dira Irungo Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan (Peña kalea, 1), Bidasoaldeko zein inguruko eskualdeetako bertsolariekin osatutako bertso saio hauek. Arratsaldeko 19:30ak alderako deituak izaten dira, eta ordu eta erdiko iraupena izaten dute, gutxi asko. Orain arte, lau bertsolarik eta gai jartzaile batek osatu izan dute kartela, eta bertso-jaialdi formatu klasikoari eusteko joera izan den arren, Kabigorriko bertso gauek ez diete aterik ixten esperimentazioari eta bertsotarako formatu berritzaileagoei; horretarako, behar besteko lana eta ardura hartu eta hartara ausartuko diren gai jartzaile eta antolatzaileak behar, ordea (gonbidapen zabal gisa uler bedi, erronkari eutsi nahi liokeen edonorentzat).

Bestalde, aurtengoan, bertso jarriek ere tokia izango dute osteguneroko zitan. Bat-bateko saioen aurretik, bertso idatziak kantatuko dituzte Txingudiko bertso eskolako partaideek eta haien inguruko hainbat lagunek, txandan-txandan, beti ere. Ekimen honen helburu dira, batetik, eskualdean baztertu samarrik dugun bertsogintza molde honi keinu egin eta gozagarri aurkeztea, eta bestetik, Kabigorriko bertso gauak ekimenak irauten duen bederatzi hilabeteko tartearen bertso kronika modukoa osatzea; gure inguruari eta garaiari lotutako bertsozko testigantza bat biltzea, alegia.

2013ko urriko saioa

2013ko urriko saioa

Eskaintza egina dago, beraz. Kabigorrin espero zaituztegu, hilabetero ekaina bitarte, hileko lehen ostegunean. Urriaren 2ko saioan kantatuko duten bertsolarien berri, ahalik eta lasterren emango dizuegu. Bien bitartean, ongi bizi!

 

2014-2015 bertso ikasturte berria hastear da!

Ikasturtea hastear da Txingudiko bertso eskolan. Anima zaitezte eta azaldu lasai. Ateak zabalik daude.

HAUR ETA GAZTETXOAN TALDEA (16 urte arte):

  • Astelehenero bilduko dira Bidasoako EKT elkartean (Larretxipi kalea, 12), 18:30-etatik 20:00-etara.
  • Lehen eskola eguna: irailak 22
  • Informazio gehiago: 685 72 75 39 (Aitor) edo irunabar@gmail.com

BAT-BATEKO TALDEA I (adin mugarik gabe):

  • Irailaren 23an, asteartearekin, lehen bilera egingo dute zein astegunetan bildu erabakitzeko.
  • Talde hau ere 18:30etatik 20:00ak bitarte bildu ohi da Bidasoako EKT elkartean (Larretxipi kalea, 12).
  • Informazio gehiago: 669 36 35 89 (Egoitz) edo irunabar@gmail.com

BAT-BATEKO TALDEA II (adin mugarik gabe):

  • Ostegunero bildu ohi dira Jaizubiako elkartean, 19:30-etatik 21:30-etara.
  • Lehen eskola eguna: irailak 25
  • Informazio gehiago: 690 06 58 26 (Abel) edo irunabar@gmail.com

 

Txingudik badu bertso eskola
Hauxe da aurtengo plana:
bertsoei lotuz heldu mingaina
aske nahi dutenengana.
Baldin bazara horretarako
gogo pittin bat daukana,
ez bitan pentsa, aurtengoan bai,
hurbil zaitez guregana,
bertso eskola denon etxea
egin nahi dugunongana.

 

Post Navigation