Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “urria, 2023”

“Gaymularen 2023ko uda”. Beñat Elosegi Ortiz de Zarateren bertsoak, Iruneron.

GAYMULAREN 2023KO UDA

Egilea: Beñat Elosegi Ortiz de Zarate
Doinua: Motibo bat nigana

1
Behin Marokok Sahara
atxikiz esklabu,
Sahararrak ihesi
desertuan salbu.
Udan ezin da jasan
hirurogei gradu,
afera hortan behingoz
hartu nahirik kargu,
ume bati genion
etxea zabaldu.

2
Zortzi urteko neska
ilusioz bero,
ondoren negar malkoz
ia egunero.
Kontatu ziotena
al zuen espero,
partida bat bezala 
gertatu zen gero:
Espektatibak 10
Ikusiak 0.

3
Tinduffetik gaixoa
bidaliz honuntza
etxekoek animoz 
ote zuten bultza?
Komunikazioa
zeharo kamutza,
mobileko transleitor 
genuen laguntza;
izan ere bakoitzak
du bere hizkuntza.

4
Etortzeko unean
hain ginen urduri,
asmatzeko beldurrez
barren denak mugi.
Hainbeste malko nola
daiteke ixuri?
bihotza erdibitzen
zigun bitan guri.
Nahita ezina hortxe
genuen irudi.

5
Etxekoak zituen 
hark oroimenean,
ezintasunak hartu
zuen azkenean.
Ondoren muturtuta
mespretxu batean,
ez dauka jasaterik
nork bere etxean.
Kasik nahiago nuen
negarrez zenean.

6
Aquariuma, Topic
Trenez igo Larrun,
hondartza, padelsurfa,
horrenbeste jardun.
Halako eskaintzarik
ez daukazu inun,
mendia eta kosta
aproposa Irun.
Plana bukatu eta
berriz kopetilun.

7
Igande arratsaldez
Hondarbitik biran,
behin kofidantza pixkat
jarri zuen nigan.
“No me gusta España”
nola bota zidan,
behingoz irribarre bat
atera zitzaidan,
“a mi tampoco mucho”
aitortuz segidan.

8
Haurra bere mundutik 
pintzekin atera,
eta ekarrarazi
martziano artera.
Adin horrekin udan
egin du aurrera,
nire buruarentzat
hauxe dut galdera,
ulertzekoa ez al 
zen bere jarrera?

9
Egoera halere
ez zen hain petrala,
elkartearekin bat
eutsiz nolahala.
Pena denak ahaztuta
etxean bezala,
neska txintxoa baitzen
fin eta apala,
ikusgarria zuen
irribar zabala.

10
Bizitzak eskaintzen du 
zer erakutsia,
elkarbanatzea ez 
dela itsusia.
Norbaitek izan badu 
zer irabazia,
bost urteko alabak 
egin du jauzia,
udan miretsi baitu
ahizpa nagusia.

11
Esperientzien bidez
hazten da pertsona 
eta zer ikasia 
izan da denona.
Nahiz momentu batzutan 
zen ezinegona,
familia hurbil zen,
Saharan dagona,
bihotzez jaso dugu
haren esker ona.

12
Elkartasunik gabe
ez goaz inora,
Españaren ardura
ekarri gogora.
Saharatik Maroko
doala kanpora!
Eta Polisarioa 
behingoz izango da.
“SAHARA AL-GHARBIA
HURRA” eta GORA!!!

Gaylmula Euskal Herrira etorritako haur sahararrei egindako harreran. Argazkia hemendik hartua

Iturria: https://irunero.eus/gaymularen-2023ko-uda/

Euskalgintzaren Kontseiluaren manifestazio deialdiarekin bat [2023-11-04]

Kaixo, bertsozale:

Eskualdeko hainbat eragilerekin bat egin dugu azaroaren 4ean Bilbon izango den manifestaldirako deialdia zabaltzeko. “Euskararen aurkako oldarraldiari” erantzuteko autobusa antolatu dugu: Hendaiatik irtengo da, eta Irun eta Hondarribian ere jendea bildu ondotik, zuzenean abiatuko gara Bilborantz.

Joateko asmorik baduzu, irun@aek.eus helbide elektronikora mezua igorrita eman dezakezu autobusean eserlekua gordetzeko izena. Bestela, 688 74 66 33 telefono zenbakira hots eginda, edo Hazia, Larragane edo Aranaztarra tabernetan dauden afixetan izen-abizenak emateko aukera ere baduzu.

Jarraian Bidasoko Hitzak argitaratu duen berriaren esteka duzu.

Ikasturtea hasi dugu, baina izen emateko aukera beti dago zabalik [2023-10-11]

Kaixo, bertsozale:

Ikasturteari ekin diogu jada, baina gogoan izan urte osoan zehar zabalik dagoela Txingudiko bertso-eskoletan izena emateko aukera. Bertsolaritzaren alderdi “guztiak” lantzeko moduko taldeak ditugu gurean: bat-batean aritzeko, aritzen ikasteko, trebatzeko, idatzizkorako, eskualdean bertsolaritza sustatzeko…

Aktibo dauzkagun bertso-eskolak hauek dira:

1- Nerabeen bertso-eskola: astelehen arratsaldeetan. Igauri Lopetegi da arduraduna.
2- Gazte eta heldu hasi berrien bertso-eskola: astearte arratsaldeetan. Igauri Lopetegi da arduraduna.
3- Bertso-tailerra: astearte arratsaldeetan. Aitor Errazkin da arduraduna.
4- Bat-batean I bertso-eskola: asteazken arratsaldeetan. Igauri Lopetegi da arduraduna.
5- Bat-batean II bertso-eskola: ostegun arratsaldeetan. Abel Zabala da arduraduna.

Beraz, edozein dela ere bertsolaritzara hurbiltzeko buruan duzu(e)n manera, ez izan zalantzarik, eta idatzi irunabar@gmail.com helbide elektronikora. Gu geu jarriko gara zu(r)ekin harremanetan, eta hitz egingo dugu.

Jarraian Igauri Lopetegi eta Adrian Arrutik Irunero eta TxingudiOnline-ko kideei eskainitako elkarrizketa:

“Hitzak eta ekintzak”. Jon Luzuriaga Iurramendiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

HITZAK ETA EKINTZAK

Egilea: Jon Luzuriaga Iurramendi

Doinua: Maitatzen zaitudalako

Hemen jaitsi dezakezu

1
Hire baloreek eta
printzipio politek
printzipioz ia ezin
hobeak ziruditek
baina buelta bat gehiago
eman behar genikek
hire ekintzek berdina
erakusten al ditek?

2
Gobernuaren jarrera
hain baldar hain ulergaitz
berotegi efektuaz
hausnartu izan duk maiz
baina bazkal ordurako
itzuli hadin garaiz
goizero lanera kotxez
bakarrik joaten haiz.

3
Hala pentsatzen duk sare
sozialen kasutan:
“Zergatik izaten dute
haurrek Tik Toka sutan?
Filtroa galduko ditek
hango filtro faltsutan…”
Baina Twiterren sartzen haiz
eztabaida antzutan.

4
Bai garaian garaikoa
bai kilometro zero
ideiekin omen hago
erabat ados edo
entzun behar huke hori
aipatu bakoitzero:
“Zumoa eta kafea
gosaltzen duk goizero!”.

5
Esna nahi dituk herriko
kaleak eta plazak
saltoki txikiek behar
omen ditek ardaztzat.
Hala ere merkeago
eros ditzaan galtzak
Amazon Primen harpide
urteak daramatzak.

6
Nola daukagu bizitza
hain indibiduala?
Auzolana aipatzen duk
elkarlana bezala,
baina pisukideekin
ikaslea hintzala
han hozkailuan bakoitzak
zian bere apala.

7
Bidasoako gorpuak
hain hotzak begitandu
zitzaizkianetik izan
duk zer heureganandu.
Nahiz tabernan lagunekin
afera sakon landu
sekula ez haiz etorkin
batekin harremandu.

8
Hi euskalduna omen haiz
bai buru bai ukabil
zazpiak herri bat gaituk
esanagatik abil
EITBren diskurtsotik
oso urrun ez habil
Maule baino gertuago
sentitzen baituk Madril.

9
Nola ez feminismoa
bizitzen duk bertatik
zein duan hire tokia
nonbait argi daukak hik,
gizontasunen tailerrak
goraipatuagatik
inoiz ez haizela joango
ederki asko dakik.

10
Kezkatzen haute hamaika
jarrera desegokik;
ustez ez izan arren deus
gizon homofobotik
hausnarketa sakonago
bat ez ote dagokik?
Hatz txikia ere ez duk
sartu ipurtzulotik.

11
Nahiz eta osatzen hauten
kontraesan anitzek
oraindik jende askori
atzerakoi deritzek;
nahiz eta bestelakoa
dioten hire hitzek
pertsona ez al zuten ba
definitzen ekintzek?

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/jon-luzuriaga-iurramendi-hitzak-eta-ekintzak/

Jarraian bertso-sorta entzungai Jone Garmendia Castañosek musikatu eta kantatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

“BIDASOKO AEK IRUNGO EUSKALTEGIAREN 2023-2024 IKASTURTEKO ESKAINTZA BEREZIA”. Aitor Errazkin Vicenteren bertsoak, Iruneron.

BIDASOKO AEK IRUNGO EUSKALTEGIAREN 2023-2024 IKASTURTEKO ESKAINTZA BEREZIA

Egilea: Aitor Errazkin Vicente
Doinua: Zazpiak oihal batetik

Hemen jaitsi dezakezu

1.- Euskalduntzea ez dugu proba
jakin bat gainditze hutsa
C1a eta C2a baino
gehiago baita hizkuntza
ikaskuntzari zentzu betean
egin nahi dionak bultza
EUSKALTEGIAN bi-biak ditu:
AUKERA eta LAGUNTZA.

2.- Iaz bezala HIKA TALDEA
badaukagu, beraz, adi!
“Trebatu asmoz baldin bayabil,
gurera hurbildu yari!”
Azkenerako baietz bihurtu
makina bat hikalari
aurtengo uzta batzen bazaio
iaz bildutakoari.

3.- EUS-KA-HAL-DUN-TZE TALDEAN ere
begiak jarri ditugu
euskarak jiran hamaika putre
baitu inguru-minguru
gutxiespenaz ohartu eta
eskubideak helburu
talde-lanean ahalduntzeko
bidea egingo dugu.

4.-Euskal sortzaile baten izena
galdetu eta… akabo!
Literatura, bertso, antzerki…
Goazen pauso bat harago!
Hizkuntzak batzen duen herrian
egin nahi bada abaro
KULTURGINTZARI ARRETA jarriz
ikasi beharra dago.

5.- Proiektu, e-mail, ohar zein kartel
punttu-punttuan uzteko
taldea sortu gabe dugunik
ez zenuen, ba, usteko!
Ikastaro hau funtzionala da
hainbat praktika tarteko
ZURE LANEKO BEHAR-IZANEI
EUSKARAZ ERANTZUTEKO.

6.- ALFABETATZE TAILERRA indar
betean nahi dugu noski
bizitzan zehar mingain-arimak
nahiz eta euskaraz busti
araugintzatik urrun gertatu
direnentzat da zehazki,
aurrerantzean molda daitezen
hatxe, koma eta guzti.

7.- Gramatikatik abiatzeak
sortzen digu asperdura
hargatik MINTZA-TALDEEK pizten
dute gurean lilura
aztertzen dugu lotsarik gabe
ateratzen zaigun hura
eta norbere beharretatik
jotzen dugu liburura.

8.- IDAZKETARI SORMENA gehitu
eta nolako eztanda!
Barrenak nori ez dio egin
askotan horren demanda?
Baina bakarrik saiatu eta…
etsipen bide izan da.
Horrela bizi izan baduzu,
oraintxe da zure txanda!

9.- Zure helburu gure hizkuntza
ikastea baldin bada
OHIKO ESKAINTZAZ GAINERA AURTEN
BERRIA1 daukagu, hara!
Jakin-minak koxk egin badizu
etor zaitez AEKra
eskarmenturik ez zaigu falta
eta mintzatuko gara.

  1. Sarean kontsultatzen ahal duzu, “irungo aek eskaintza” bilatuta. ↩︎

Iturria: https://irunero.eus/bidasoko-aek-irungo-euskaltegiaren-2023-2024-ikasturteko-eskaintza-berezia/

Post Navigation