Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “martxoa, 2021”

“Bertso berriak, igogailuko gorabeherei jarriak”. Adrian Arruti Bernadeten bertsoak, Bidasoko Hitzan.

Bertso berriak, igogailuko gorabeherei jarriak

Doinua: Egunaren izena I / Potajearena
Egilea: Adrian Arruti Bernadet

1)
Auskalo noizko ene

lagun agurgarri
izenarekin ez al
da gaia igarri?
Igogailuek sortu
didatenez sarri
mila pasarte txar zein
mila kakalarri
azalpenekin hona
hainbat bertso jarri:

2)
Apur bat zehaztea
ez al da onena?
Ez da estutasuna
estutzen nauena.
Baina bertan sartzean
ene zer problema!
Jasangaitz bilakatu
dakidakeena
elkarrizketa bat da…
desio ez dena!

3)
-Kaixo. -Kaixo, zer moduz?
-Ongi. -Ni ere bai.
Ez al gara hizketa
hortxe uzteko gai?
-Aizu, eguraldia…
Alabeteporai!!
-Zu jasateko ez dut
behar beste dohai(n);
zuk nahi duzu baina nik
ez dut hitz egin nahi!

4)
Batzuek segapoto
aurpegia dute
ulertzeko ez dute
nahi beste bertute.
Izan ere Andoni
Aizpuru entzute
hutsa halako plazer
bihurtu balute
Eitb jarri eta
topatuko nuke!

5)
Problema berriketa
balitz sikiera
aditzeko egingo
nuke saiakera.
Jator izateko prest
nengoke gainera!
Baina sarri mundua
datorkit gainera
sartu ezkero bertan
bost lagun batera.

6)
Eta bertan sartuko
bagara kalteko;
behin geldituko gara
pisu bakoitzeko!
Nola ez, izango naiz
azkena jaisteko…
Zalantzarik ez daukat
nik dagoeneko
ados jartzen direla
ni izorratzeko!

7)
Pertsonalki ez hartu
hemengo marmarrik
gai hoberik ez nuen;
ez dut nahi oldarrik.
Igogailu kontutan
gauza bat bakarrik:
sasoian nagoenez
oraindik, beharrik,
jakin nik ez dudala
inongo beharrik!

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/irunabar-bertso-sorta/

“Soka jolas” Iruneron. Aitor Errazkin Vicenteren bertsoak.

Soka jolas

Doinua: Asteburu aldera
Egilea: Aitor Errazkin Vicente

1)
Haurrak itzuli izan
zaizkigu jostari (biz.)
eskolan soka bana
jasota opari.
Wifi-aren garaian
nahikoa mirari!
Meritua zor zaio
eman zien hari:
Mertxe, autobuseko
begiraleari.

2)
Sokak metro inguru,
komeni neurrira (biz.)
bi muturrak elkarri
lotu eta tira;
barrutik esku biak
sartu ahala, di-da,
ia aldi berean
ipiniko dira
ahurrak eta haurrak
elkarri begira.

3)
Piramidea”, “zerra”,
sehaska”, “erratza”… (biz.)
Guztiak eraikitzen
ez dago erraza…
ez bazara bat ere
sortzeko kapaza
jausiko zaizu esku
artera mataza…
berritik hasi eta
baietz ongi pasa!

4)
Bakarrik ezin bada,
bikoteka ekin (biz.)
bi eskurekin baino
hobeto laurekin
guztia marra zuzen
plegu eta erpin
lehenik zu nirekin
gero ni zurekin”
dena errazagoa
baita elkarrekin.

5)
Laguntzak ez du inoiz
umerik eskasten (biz.)
baizik eta lagundu
elkarrekin hazten
jolas honekin ere
zenbat irakaspen!
hariekin mundua(k)
airean marrazten
elkarren hatzen beha
elkarri ikasten.

6)
Ez da zertan jostatu
haurrek haina ordu (biz.)
ohartzeko badela
ume haina modu
irudimenak muga
eza du lurzoru
beraz, hegan bagoaz
denak balio du…
Jolasari araua
topatu diogu!

7)
Beraz, ari zintezke
sobera arreta (biz.)
jarri gabe ere zer
sortuko, zer gerta …
Mugimendu arauei
horrenbeste buelta
eman gabe hariak
ezker-eskuin tenka!
zuk nahi duzun huraxe
izango da eta.

8)
Horrelako jolasek
badute ahalmena (biz.)
indartzeko sormena
eta mintzamena.
Umea gai denean
kontatzeko dena,
ikusten dena eta
ikusten ez dena
bai al dakigu horrek
balio duena?

9)
Memoria ordea
erdi oporretan (biz.)
sumatu izan zaie
batzu-batzuetan
batez ere ostiral
arratsaldeetan
autobusetik jaitsi
izan direnetan
txamarra ahaztu baina
soka eskuetan.

10)
Zenbatsu belaunaldi
ez ote gara-ba, (biz.)
jolas berberarekin
dibertitu jada?
Eta bikaina dela
agerikoa da,
gure seme-alabei
soka xabalkara
esku artetik kentzen
ibiltzen baikara!

11)
Bi hilabetez edo
iraun die grinak (biz.)
azkar itzuli baietz
hari, kordel finak
grisak, moreak, beltzak,
gorriak, urdinak…
Sokak soka, finean,
une ahaztezinak
betirako baitira
umetan eginak.

11)
Eskerrik asko, Mertxe,
bihotzez, goratik (biz.)
autobusean haurrak
goxatzeagatik
eskolara eraman,
ekartzeagatik
eta helduoi ere
bide beretatik
haurtzarora itzultzen
laguntzeagatik.

Iturria: https://irunero.eus/soka-jolas/

Post Navigation