Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “bertsoak”

“GAUr EGUN”. Egoitz Zelaia Perezen bertsoak, Oarso-Bisoaldeko Hitzan

GAUr EGUN

Doinua: ‘Se me olvidó otra vez’
Egilea: Egoitz Zelaia Perez

1.
The Walking Dead-eko extra txarren antzera.
lanetik etxera sartua naiz atzera.
-lana badut eta ez noa kexatzera-
Joanen nintzake trago batzuk hartzera,
lagunekin bildu eta “desfasatzera”;
helduko nintzake, agian, dantzatzera…
baina dena itxi digute, eta zera,
berriz, aspertuta, bakarrik ohantzera.



2.
Will Byers bezala, luza ahala zangoa,

nonbait, desagertu egin da azaroa.
Ihesean joan aurretik gaztaroa,
berriz dastatu nahi nuke zure ahoa,
nire gorputzean gorde zure alboa.
Abendurako prest daukat sarkofagoa;
luzatu ezkero hau bihurtzera doa,
katu baten mihia baino lakarragoa.



3.
Eguberria ez da Brasil otsailean

batzuk ari gara nahiaren itzalean
aditza jokatu ezinik pluralean.
Euri tantak irrist eginez kristalean
hotz ari du modu diskriminatzailean,
guziak etxean, inor guti kalean;
beroa hartuaz botilen magalean
hartu beharrean besteen azalean.



4.
Hartu aitzin Sherlock-en detektibe kutsuak,

nahiz, garaian izan horren arriskutsuak
nahi ditut besteen alibi amultsuak;
Dena ahantziz, beraz, piztu ditzagun suak
ahanzteko hotzak eta euri-truxuak,
berreskuratzeko hitz-jolas burutsuak,
behatu konplize, besarkada sutsuak,
tekila, limoia, gatza eta musuak.

5.
Abenduak sortu du nahikoa debate
EAEk terrazak zabaldu baititzake,
Nafarroan ere, hau zen prioritate,
Lapurdin, bakarrik, lanerako gauzkate.
Gazteago banintz erotuko nintzake.
Zein dute harreman, zein afektibitate?
Enpatia pixka bat sentitu nezake;
Eni ere gauak ebatsi dizkidate.



6.
Laikarik gabeko enegarren Sputnik
batean joateko antza baino ez dut nik.
Ezin aterata hain ataka estutik
mikatzetik daukat lehen nuena prestutik.
Hogeiak” deus guti izan du amestutik,
ene hitzen minak ez dakar, berez, tutik.
Urtarrila heltzen ez bazaigu belztutik,
ea zeinek duen “hogeita bat” eskutik!

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/egoitz-zelaia-gaur-egun/

“Aiako Harriari”. Urko Casado Usandizagaren bertsoak, Oarso-Bisoaldeko Hitzan eta Iruneron

AIAKO HARRIARI
Doinua: Urki zelaiko puntan
Egilea: Urko Casado Usandizaga
1
Kantak jarriko ditut zure maitemiñez
sentimendurik hitzez azaldu eziñez.
Berdin du jazten zeran gris edo urdiñez,
hosto ugariz edo soineko ariñez,
ezin ederragoa nola zaren ziñez.

2
Bat edo hiru zaren askoren zalantza,K” batek karteletan dabilkien dantza!!
Toponimia du sarri hizkuntzak ardatza,
udalean zenbaitek ez dakite antza,
eta errespetua horretantxe datza.

 3
Hurbiltzeko parada nola sarri dedan,
zenbat denbora pasa ote det zuregan
zentzu guztiak erne (e)ta burua hegan,
denbora ere gelditu egiten ote dan…
zure parte izaterik bagenu aukeran!

4
Haseran tontorretan zen nire arreta,
Txurrumurru, Erroilbide, Hirumugarrieta,
eta sartalderantza daukazun pareta.
Ondoren baso, magal, zoko (e) ta erreka,
Zenbat sorpresa dezu neretzat gordeta?

5
Landaredia dezu benetan anitza,
Pago, txilar, astigar, iñar nahiz haritza,
zumar, gaztainondo, haltza, urki ta hurritza,
gorosti, lizar, ametz, sahats zein zumitza,
gai zera edonondik sortzeko bizitza.

6
Orkatza, azeria, xagua, azkonarra,
arrabioa, igela, trikua, muxarra, 
muskerra, sugandila, saia, xaguzarra…
Pertsonok ez genuke onartzea txarra
haiek soilik dutela zurekin beharra.

7
Berez duzun oreka pertsonok irauli,
errespetorik gabe hainbeste ahali.
Ardi, behi edo behor mendira bidali,
zuregan bizi arren, nahiz askok estali,
abere bakoitzeko mila animali.

8
Etzarenez osatzen soilik lur publikoz,
lehenengo jo zintuen pinuak ostikoz.
Pertsonon mixerian dirua beti poz!!
ia etzaituzten janzten inoiz eukalitoz,
zuhaizti (e)ta basoak betirako itoz.

9
Beti ez dut erdi hutsa ikusten botila,
lau jantzirekin dabil zuregan okila.
Aurten hurbildu zaizu sekulako pila,
pinu lehorretara alimentu bila,
bizitzaz betetzeko txulo borobila.

10
Kantak jarri dizkizut Aiako Harria,
gutxi den bezain leku liluragarria.
Artzain-basozain biko maiz kontrajarria,
elkarlanerako da nere aldarria,
bakarra izanki lotzen gaitu(e)n uztarria

Iturriak:
https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/urko-casado-usandizaga-aiako-harriari/
https://irunero.eus/aiako-harriari/

 

2015-2016 ikasturteko Kabigorriko bertso-gauetako bertso sortak

Hemen dituzue irakurtzeko moduan 2015-2016 ikasturtean Kabigorriko berts-gauetako bat-bateko saioen aurretik Irunabarreko hainbat kide eta lagunek ondu eta kantatutako bertso-sortak.

http://issuu.com/irunabarirungobertsoarenbilgunea/docs/kabigorriko_bertso_sortak_2015-2016?e=26461396/39283552

//e.issuu.com/embed.html#26461396/39283552

Txingudi Ikastolako bertso tailerrekoak lanean

Ikasturteko lehen bideoa jaso dugu Txingudi Ikastolako bertso tailerreko haurren eskutik. Euskararen Nazioarteko Egunerako egindako bertsoen artean hautatutako baten gainean egindako lanaren emaitza da.

Euskarari kantari Eguzkitzatik

Gustura ari dira lanean Eguzkitzako bertso-eskolako gaztetxoak, Iker Goñi bertsolari donostiarraren babesean. Ikasturteko lehen emaitza gisa bertso-sorta ezin egokiagoa bidali digute, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dugun honetan.

Bertso Eskolan lanean
egin dugu, azkenean,
kopla sorta bat nahi dunarentzat
Euskararen Egunean.

1.- Behar genioke eutsi
erabiltzen baita gutxi,
munduko hizkuntza ederrena
ez dezagun galtzen utzi.

2.- Lehenengo gauza arreta,
bigarrena, arnasketa,
euskaraz bizi nahiko genuke
gure hizkuntza da eta.

3.- Ikastolan urtez urte,
nahiz gurasoek ez uste,
euskararekin eta euskaraz
jolastu nahiko genuke.

4.- Euskara, adinak adin,
osasuntsu egon dadin,
ez dakienak ikas dezala
ta dakienak hitzegin.

5.- Ez dezan gaizki usaindu
denok behar dugu zaindu.
Gure hizketak gorpuzten du ta
gure bertsoek apaindu.

6.- Maite dugunez euskara,
gure inguruan, hara:
urte osoko egun bakoitza
Euskararen Eguna da.

7.- Bakoitzak bere gunean
ta dagokion unean,
hitzegin beza ta ez bakarrik
Euskararen Egunean.

This slideshow requires JavaScript.

Txikitakoa

Adi bertso eskoletako haur guztiak! Hainbeste gustatzen zaizkizuen Gotzon Aizpiolea irundarraren bertsoak hemen dira zuentzat entzungai. Ea etxean ere gelan bezain ozen kantatzen dituzuen!!!

Post Navigation