Euskararen eguna aitzakiatzat hartuta, azken urteetan eskualdeko ikastetxeetan saioak egin izan ditugu, eta hala izan da aurten ere.
Txingudi Ikastolako urteroko bertso saioan izan ziren Aitor Errazkin irundarra eta Izarne Zelaia donostiarra. Bestalde, Plaiaundi Institutuan Adrian Arruti eta Iñigo Ugarte irundarrak aritu ziren.
Txingudiko bertso eskolan hiru talde ari dira aurten, eta bideo honetan gazteenen taldeko lehen bertso-egitasmoa erakutsi nahi dizuegu. Aurten 15 lagun inguru ari dira gazteen taldean, eta Euskararen Nazioarteko Eguna zela eta, bertso sorta bat jartzea deliberatu genuen. Haurrak bost taldetan banatu, eta hortik aurrerako lan guztiak haurrek beraiek burutu zituzten.
Bertso sorta osatu bitartean, haur batzuek kale egin dute bertso eskolan, etxeko lanak edo eritasunak medio, eta bitarte horretan ere ikasle berriak batu zaizkio taldeari. Gora behera horiek guztiek apur bat mantsotu dute ikasleen lana, baina inolaz ere ez dira txapeldun guzti hauentzako traba izan eta, azkenerako, lortu dute urteko lehen egitasmoa arrakastaz bukatzea. Diogunaren froga, bideo honetan duzue.
Ikasturteko lehen bideoa jaso dugu Txingudi Ikastolako bertso tailerreko haurren eskutik. Euskararen Nazioarteko Egunerako egindako bertsoen artean hautatutako baten gainean egindako lanaren emaitza da.
Gustura ari dira lanean Eguzkitzako bertso-eskolako gaztetxoak, Iker Goñi bertsolari donostiarraren babesean. Ikasturteko lehen emaitza gisa bertso-sorta ezin egokiagoa bidali digute, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dugun honetan.
Bertso Eskolan lanean egin dugu, azkenean, kopla sorta bat nahi dunarentzat Euskararen Egunean.
1.- Behar genioke eutsi
erabiltzen baita gutxi,
munduko hizkuntza ederrena
ez dezagun galtzen utzi.
2.- Lehenengo gauza arreta,
bigarrena, arnasketa,
euskaraz bizi nahiko genuke
gure hizkuntza da eta.
3.- Ikastolan urtez urte,
nahiz gurasoek ez uste,
euskararekin eta euskaraz
jolastu nahiko genuke.
4.- Euskara, adinak adin,
osasuntsu egon dadin,
ez dakienak ikas dezala
ta dakienak hitzegin.
5.- Ez dezan gaizki usaindu
denok behar dugu zaindu.
Gure hizketak gorpuzten du ta
gure bertsoek apaindu.
6.- Maite dugunez euskara,
gure inguruan, hara:
urte osoko egun bakoitza
Euskararen Eguna da.
7.- Bakoitzak bere gunean
ta dagokion unean,
hitzegin beza ta ez bakarrik
Euskararen Egunean.
Azaroa ere aurrera doakigu, eta abenduaren hasierak berekin dakar Euskararen Nazioarteko Eguna. Egun honen harira zenbait ekitaldi antolatu dira, eta guztiak “Irungo Euskararen Egunak” herri ekimenera bildu.
Irunabar (Irungo Bertsoaren Bilgunea), beste hainbat eragilerekin batera, “Irungo euskararen egunen” antolakuntzan ari da.
Joan den astean EKTn antolatu zen bertso-afariaren berri eman genizuen, eta atxikita doakizuen kartelean ikus dezakezuen bezala, huraxe izan zen “Irungo Euskararen Egunak” ekimenaren lehen ekitaldia. Aste honetan bertan ere bada zertan parte hartu, eta abenduaren 5a bitarte ez da horretarako aukerarik faltako.
Atxikita doakizue, beraz, “Irungo Euskararen Egunak” ekimenetik antolatu diren ekitaldien berri ematen duen kartela. Guri dagokigunez, aurrerago helaraziko dizuegu abenduaren 5erako Kabigorrin antolatua dagoen bertso-saioaren inguruko informazio gehiago.