Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “otsaila, 2020”

“Zaldibar argitu”. Xabier Isasi Balanzategiren bertsoak, Oarso-Bisoaldeko Hitzan

Zaldibar argitu

Doinua: ‘Zuek horrela ikusi eta
Egilea: Xabier Isasi Balanzategi

1
Behean Eitzaga goian Elgeta,
Aixolako urtegia
Baso-zelaiak eta baratzak
ederra ikuspegia
ikusgarria izaten baita
naturaren aurpegia
baina bertan eskegia
gaiztakeri-mintegia
jarri zuten hiltegia
santa Ageda biharamonan
lehertu zen zabortegia
bi langile hil lurperaturik
eta haiekin egia (bis)

2
Autobidera zakarrak sartu
elur jausien modura
bidea eten autoak geldi
horra kaosen figura
mendi leherketak harrapaturik
lankideen arrangura
zenbat langile galdu da?
hori gure jakingura
ondorengo negargura
agintaririk ez zen hurbildu
istripuaren lekura
enpresariek errua dute
Lehendakariak ardura (bis)

3
Jaurlaritzaren ordezkariak
lepoa tente jarririk
esaten zigun ez zegoela
lurrean zikinkeririk
airea berriz garbi-garbia
ez zela dioxinarik
holako gizon zuririk
telebistan ikusirik
ezin geratu geldirik
berdin baitio gu nola gauden
hilik edota bizirik
guk zer kulparik dugu izateko
holako agintaririk (bis)

4
Kazetariek jakin nahiean
egin galdera zuzenak
Lehendakariak harrokeriaz
erantzun itsusienak
nola liteke hola zigortu
argi bila doazenak?
erantzunik eskasenak
entzun behar ez direnak
lehendakariarenak
entzun ditzala Urkullu jaunak
gure garraisi ozenak
Joaquin eta Alberto dira
hil dituztenen izenak (bis)

5
Jainkoa balitz horrela dauka
Jaurlaritzaren zerua
oso urruti geratzen zaio
herritarren endredua
ez du entzuten laguntza deia
ez langileen erregua
agintaria: dirua
Iñigo da soldadua
kapitalaren gradua
diru guztia eurentzako da
beraientzat enplegua
Verter Recycling horixe baita
Urkulluren eredua (bis)

6
Dolu-herriak bihurtu dira
Zalla, Markina ta Eibar
bi lagun galdu pozoitu dena
eta hamaika zoritxar
agintariek antza nahi dute
dena jarri haien bizkar
egin behar dugu indar
gaur bezala berdin bihar
denok biltzarrarik biltzar
aurkitu arte gure lagunak
egin dezagun deiadar
gurean bizi nahi dugulako
behingoz argitu Zaldibar (bis)

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/xabier-isasi-balanzategi-zaldibar-argitu/

Kabigorriko martxoko Bertso-gaua [2020-03-05]

Kaixo, bertsozale:

Badator aurtengo hirugarren Kabigorriko bertso-gaua ere, ikasturteko seigarrena. Martxoaren 5an izango da 19:30ean hasita. Bertan ariko dira kantuan Nahikari Gabilondo zarauztarra, Aitor Sarriegi beasaindarra, Iñigo Ugarte irundarra eta Ane Zuazubiskar arrasatearra. Saioaren gidaritza Gotzon Aizpiolea irudarraren esku egongo da. Hilero legez, saioaren aurretik bertso jarriak izango ditugu, honakoan Xabier Isasi hondarribiarraren bitartez.

Gogoan izan Kabigorrik afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela.

Bertan ikusiko dugulakoan,

Anima zaitezte!

III. Bertso Mendaria > 2020ko otsailaren 28an

Txingudiko Bertso Eskolako Bertso-tailerrak hirugarrenez antolatu du Bertso Mendaria otsailaren 28rako, ostiralarekin eta 19:30ean hasi eta 22:30ak bitarte.

Joan den ikasturtean antolatutakoren batera azaldu zenak badaki zertan den kontua: Muara Elkartearen ateak, barra (pintxo eta guzti) eta mikrofonoak guztiontzat zabalik.

Ederki pasako dugu, beste behin ere. Anima zaitezte!

“Gaur egungo folklorea”, Iruneron. Garbiñe Beraetxe Moralesen bertsoak.

Gaur egungo folklorea

Doinua: ‘Besarkadak eta labankadak
Egilea: Garbiñe Beraetxe Morales

1)
Garai berriak iritsi dira
eta gai zaharrek oztopo
feminismoa gaur egun baita
matxismoan antidoto
letra matxistak eduki arren
musika ez dut gorroto
feminista naiz ta harro diot
perreoa dut gustoko

2)
Jamaikarren erritmoa dugu
gizartean murgilduta
Azken finean tradizioak
amaiera bat badu ta
Arin-arina ta fandangoa
dance hall-arekin nahastuta
hauetako bat aukeratzea
da nire barne burruka

3)
Skin, txonia, pijoa edo
abertzaleen tankera,
Gu Oialumen ibili ohi gera
Daddy Yankeeren antzera
Regetoia gaur egun delako
erromeri saiakera
Itsuragatik ez du ematen
baina denak fansak gera

4)
Adidas eta salomonekin
sarritan goaz dotore
Gozategi, Tapia ta Leturia
eman zazue amore
Gaur egunean gazteak gara
trikitixaren traidore
regetoia ta perreoa
bihurtu dira folklore!

Iturria: https://irunero.eus/gaur-egungo-folklorea/

Kabigorriko otsaileko Bertso-gaua [2020-02-06]

Kaixo, bertsozale:

Badator aurtengo bigarren Kabigorriko bertso gaua ere, ikasturteko bosgarrena. Otsailaren 6an izango da 19:30ean hasita. Bertan ariko dira kantuan Abel Zabala irundarra, Jokin Bergara eibartarra, Maider Arregi oñatiarra eta Iñigo Mantzizidor “Mantxi” zarauztarra. Saioaren gidaritza Iñigo Ugarte irudarraren esku egongo da. Hilero legez, saioaren aurretik bertso jarriak izango ditugu, honakoan Garbiñe Beraetxe hendaiarraren bitartez.

Gogoan izan Kabigorrik afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela.

Bertan ikusiko dugulakoan,
Anima zaitezte!

Post Navigation