Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

“Kanpolarrosak”. Manu Goiogana Bengoetxearen bertsoak, Bidasoko Hitzan.

KANPOLARROSAK

Egilea: Manu Goiogana Bengoetxea

Doinua: Emazte baten bihotz xamurra I

1)
Bertsolariok aritzen gara
inoiz goxo, inoiz zakar,
gaurkoak ere, nor den hartzaile,
pixka bat denetik dakar.
Dena den, argi utzi nahi nuke,
egin aurretik atzapar,
ni neu naizela idatzitako
hitzen erantzule bakar.

2)
Bertsolariak behar ditu plazak
eta ikasten joatea,
transmiti dadin, zabaldu dadin,
eten ez dadin katea.
Erakundeek zein elkarteek
hala itxita atea
utopia da Bidasoako
bertsolari izatea.

3)
Bertso munduan Gipuzkoako
Elkarteak badu sona,
alboratuta, gutxietsita
duena hemengo zona.
Beraien mapak duen itxurak
sortzen dit ezinegona:
Gipuzkoarik ba ote dago
Gaintxurizketatik hona?

4)
Urrunekotik abiatu naiz,
baina, tira, ez du zertan,
zer hausnartua, zer konpondua
ere badaukagu bertan.
Irungo Udalak bista beti du
urrutiko intxaurretan:
bertako zeinek kantatu du ba
Irungo San Martzialetan?

5)
Abenduaren hasieran, bai,
kantatu dut honezkero,
baina aurpegi zuritze hori
onartzerik ez espero…
Kulturaz eta diru partidez
hitz egiten dute gero,
baina ez dakit nondik hasten den
euren km0.

6)
Euskal Jiraren jarrera ere
ez da bere onenean
nahiz eta esku asko ez dauden
lanerako orenean.
Azken aldian gure jardunik
ez dute oroimenean,
baina agudo oroitu ziren
sosik ez zegoenean.

7)
Nahiz ez nukeen inor mindu nahi
nire usteen aitortzan,
bertsotan beti lehenik besteak
eta gu euren morrontzan.
Imajinatzen al dituzue,
etsenplu bat otzan-otzan,
Auntxa eta Kemen deitu ez eta
Solano eta Kukai oholtzan?

8)
Hondarribiko Udala ere
sar dadila kalabazan,
arduradunen itsutasunak
guri nola ez erasan?
Bailarakoen presentzia ere
ez al da nahiko eskas han?
Hasi zenetik nork kantatu du
Santiago kaleko plazan?

9)
Bertan daudenak nahi baditugu
arrimatu kulturara
herri gogoak udaletxetik
izan behar du bultzada.
Dagoeneko ailegatu zait
pazientzia mugara:
ez da alderdi kontua soilik
borondate kontua da.

10)
Nahiz eta ez den deus aldatuko
bertsook idaztearren
azken boladan nire barruak
husteko nahia nekarren.
Esperantzara kondenatuta
bizi nahi ez nukeen arren
bi mila eta hogeita seiak
ea berririk dakarren.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/manu-goiogana-bengoetxea-kanpolarrosak/

“Luhusoko gorabeherak”. Iker Altuna Albisuren bertsoak, Iruneron.

LUHUSOKO GORABEHERAK

Doinua: Maskadak heltu gira
Egilea: Iker Altuna Albisu

1)
Azkenaldian zenbait
aldaketa izan
dira, egia esan,
Ikerren bizitzan.
Bertsoak jarri ditut
ohitura den gisan,
interesa duenak
irakurri ditzan.

2)
Luhusora joatea
aukera zelako,
jada hemen bizi naiz,
konturatzerako.
“Biziraungo ote dut
Hendaiatik kanpo?”
Behin bizi gara eta
probatu beharko!

3)
Hasieran sentitu
naiz hemen arraro,
herri txikia da hau,
lasaia zeharo,
gaueko zortzietan
kristaurik ez dago;
baina lasai bestela
oso ongi nago!

4)
Ez, ez, lasai ze ari
nauzue barrezka,
nola jende dezente
dabilen galdezka.
Hau ez da leku txarra,
ez zaitezte kezka!
Akats bakarra dauka,
tabernarik ez da!

5)
Baina zabala denez
hemengo partzela,
kirolerako dugu
toki bat itzela.
Neurrira ipini dut
txirrindaren zela.
Arruti eta Maia
presta daitezela!

6)
Eta bertsotan inor
ote da ari han?
Hori pentsatuko du
norbaitek agian.
Ba izena eman dut
bertsoen habian,
Irisarriko bertso
eskola handian.

7)
Bertsotan segitzeko
beraz nago gertu;
ahal bada, bertsokera
hobetu, edertu.
Jaizubia hor dago,
betiere gertu,
barka bi hilabetez
ez banaiz agertu!

8)
Lasai, uste baino lehen
banatorkizue,
baina beste gauza bat,
aizue, aizue!
Irakurleoi, zuzen,
hor doakizue:
Luhuso non dagoen
ba al dakizue?

9)
Hendaiaren antzera,
ertzeko, mugako
herria da Luhuso,
beraz antzerako!
Baina etxean nago,
lasai eta bapo,
Lapurditik sekula
ez naiz aterako!

10)
Hementxe hamar bertso
zuentzat opari,
bizitzen ari naizen
aldaketen kari.
Nahiz eta gaur nabilen
hemen ibiltari,
noizbait itzuliko naiz
etxera kantari!

Iturria: https://irunero.eus/luhusoko-gorabeherak/

“Betti Gotti”. Josu Laguardia Iginitzen bertsoak, Bidasoko Hitzan.

BETTI GOTTI

Egilea: Josu Laguardia Iginitz

Doinua: Praixku Galtzazarreta A

1)
Aisia eta euskera,
biak nola uztartu?
Eta Irun eta_Hondarribia,
bi hitz horiei batu?
Duela hogei bat urte,
bertako lau katu,
helburu_horiek zituztela,
egin ziren elkartu.

2)
Betti Gottiri zor zaio
aitortza honezkero.
euskera sustatzen duelako
udaro, egunero…
Zuhatzako uda-pasa
eskura ez balego
Haurren aisia hain ederra
ez litzateke gero!

3)
Zenbat gazte pasa dira
Zuhatzatik jada?
Ba, gutti gotti betti, mila.
Hori marka handia da!
Ta zenbat begirale?
Berrehun, beharbada…
Zenbaki handiak dira.
Zer nolako zirrara!

4)
Zenbaki handiak, bai, eta
FICOBAn zer martxa!
Koadrila Eguneko trantzea,
hori da hori saltsa!
Lau mila lagun aise,
askorentzat, latza.
Bi trago, postrea eta
mahaitik ezin altxa.

5)
Koadrila Eguna ez da
huts egitekoa.
Irungo edonorentzako
bizi beharrekoa.
Goizean goitibeherak
ta hamaiketakoa.
Betti Gotti, sustatzaile.
Hortxe dago gakoa!

6)
Koadrila Egunagatik
mila esker, aurrez.
Ta aurten Euskal Jiragatik,
zorionak, nola ez?
Santiagon bazkaria
antolatu ordez,
Joxeja, heldu den urtean
San Juan plazan ezetz!

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/josu-laguardia-iginitz-betti-gotti/

“Etxe merkatua”. Egoitz Zelaia Perezen bertsoak, Iruneron.

ETXE MERKATUA

Doinua: Arantzazu izan da / Korrika 10
Egilea: Egoitz Zelaia Perez

1)
Ukan berrogei urte edo hogeita bost
lagunekin saiatu arren; kaketan plost!
Etxea ukan nahiak egin badizu kosk
izorratuta zaude eta guztiei bost.

2)
Lana eduki arren dena duzu traba.
Etxetxo bat non bizi, bertatik bertara,
ukaitea jai duzu ez baldin bazara
amaren seme edo aitaren alaba.

3)
Herentzia bat edo norbaiten laguntza
da bete behar duzun lehenengo funtsa.
Ez baduzu abalik zurea da hutsa
banketxeek itxita dute haien kutxa.

4)
Ez duzulako zertan erosi, zu lasai,
Alokatzea izan daiteke sendagai;
ez duzu merkeago, garestiago bai.
Inortxok ez ote du irtenbiderik nahi?

5)
Babes ofizialeko etxeen promesa
ez al da zugan pizten ari interesa?
Bortitzena delako ametsen estresa
estraofiziala da haien babesa.

6)
Frantziak onartzen du dela behinena.
Espainian, berrogeita zazpigarrena,
konstituzioan du haren aipamena.
Orduan non demontre daukagu problema?

7)
Turismotik libre da bakarrik herena
esku pribatuetan al da beste dena?
Guztiok badakigu eskubide dena
deklaratua baina betetzen ez dena.

8)
Erregulatu gabe honek dakarrena
da diru-irabazi handia, gardena.
Nonbait, etxebizitzen aferan barrena
lege bakarra dago; merkatuarena.

Iturria: https://irunero.eus/etxe-merkatua/

“Izkirimiriak”. Igauri Lopetegi Amostegiren bertsoak, Iruneron.

IZKIRIMIRIAK

Egilea: Igauri Lopetegi Amostegi

Doinua: Andre txarraren bentajak

Hemen jaitsi dezakezu

1)
Bertso berriak idatzi nahian
zeri idatzi enekin.
Holakoetan sarri moldatu
ohi naiz umorearekin.
Espero gabe atera diot
ahal bezainbeste etekin,
hona sorta bat zazpi bertso ta
hiruzpalau txisterekin:

2)
Animalia bat bizi dena
lurpean bost metrotara
harriak jaten abiatzen du
aldiro bere horzkada.
Pentsatu eta esaidazue,
izena nola dauka, ba?
Aski errexa da erantzuna:
bada, “Harrijalea” da!

3)
Pilotalekuan ibiltzeko
ohiturako lagun batzuk,
batak bestea xaxatzen zuen:
“Bi albiste entzun ditut,
bat ona eta beste bat txarra
ongi entzun itzazu zuk,
Itxoin ezazu pixka batean
orain esango dizkizut.”

4)
“Albiste ona zeruan ere
frontoi batzuk badirela.”
Eta besteak: “joe, hori da
hori albiste itzela!”
Lehenak berriz erantzun zion,
irri batekin bezela:
“Bai, ta txarra da larunbat hontan
jokatzekoa zarela…”

5)
Behinola zepo bat erostea
zuen haur batek enkargu,
denda batera joan zen pentsatuz
“zepoak hemen behar du!”
“-Eman zepo bat, agudo, trena
hartzeko nabil berandu”
Ta dendariak erantzun zion:
“Hain handirik ez daukagu.”

6)
Orain hausnartuz, ai, gure Newton!
Ta ai, bere grabitate!
Pentsa zulo bat egin ezkero
hemendik Txinara arte,
Lurra planetak egingo balu
zulo hori bere parte,
handik harri bat bota ezkero
zer gertatuko litzake?

7)
Harriak Lurra planeta pasa
edo erdian mantendu?
Newtonen lege handi horiek
baldin badira eredu…
Erantzun onik ezin ordea
inola ere zuzendu,
zeren bost metro egindakoan
Harrijaleak jaten du.

Iturria: https://irunero.eus/izkirimiriak/

“Ingumaren besarkadak”. Aitor Errazkin Vicenteren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

INGUMAREN BESARKADAK

Egilea: Aitor Errazkin Vicente

Doinua: Tarteka lokartzen gara

1)
Tarteka lokartzen gara
buruari eraginda
luzaro egon bagara
begiak bildu ezinda
halakoetan Ingumak
guretzat boxeo ringa
prestatzen du eta hanka
egin nahi baina ezin da…
Altxa, altxatuko gara,
baina xehe-xehe eginda!

2)
Iritsi denean behingoz
begiak ixteko txanda
oinez goazela uste,
estropezu eta danba!
Ba ote da fisikaren
funtsezko legeez landa
jauzi egiterik ohe
batean luze etzanda?
Gaua nahasia dator
lehen abisua izan da.

3)
Bigarren aldiz heldu naiz
amets “gozoen” mundura
emozioak soltean
jostatzen diren lekura
eta gauetan guztia
igotzen denez burura
egunez izaten dena
jendetasuna, itxura
mozorroa kendu duen
karnabal bilakatu da.

4)
Orain kale erdian naiz
biluzi, larrugorrian
begi-bistakoa denez
nahiko ataka larrian
lagunik minenak ere
modu mespretxagarrian
muzin egiten dit eta
nahigabea eztarrian
arrotz sentitzen hasi naiz
non eta nire herrian!

5)
Lantegi bat urrutira
pausoak harantz zuzendu
lanpostuak eskas baina
lan egitea baimendu
eskatutakoa egin
besteen hutsak zuzendu
nire soldata, ordea,
nagusi jaunak hartzen du
behin eta berriz ari zait
erakutsi eta kendu.

6)
Lantoki horretan luze
arituko nintzen antza
ametsetan inork gutxik
galtzen baitu esperantza
eskuan motozerra bat
daukat bilintzi-balantza
behar ez zuen aldera
egin duenean dantza
ez dut deus sumatu baina…
A zer nolako triskantza!

7)
Nik ez dakit kartzelara
zergatik sartu gaituzten
zaindariak ari dira
bazter guztiak zapuzten
beren begietan ez da
erruki izpirik ikusten
ume bat bisita-gelan
marrazki bat erakusten
besotan hartu nahi nuke
baina ez didate uzten.

8)
Halako batean jende
mordoa daukat atzean
lasterka nahi baina ezin
kamera geldo antzean…
Eta bat-batean nago
zulo beltz baten ertzean
handik amildu egin naiz
hegaldatzen saiatzean
esnatuko ote gara
lurrera ailegatzean?

9)
Nolako surrealistak
Ingumaren besarkadak!
Begiak zabaldu ditut
eta blai daude izarak
berriro berpiztu zaizkit
amesgaiztoko ikarak
“izerdia baino ez da”
baretu gara pixka bat…
Zein lasaigarriak diren
horrelako “eskapadak”!

10)
Eki da “mendebaldarron”
lokamutsen zirrikitu
argiak ongi baitaki
iluna nola gainditu
baina nahiago bideak
denentzat baldin balitu!
Izan ere hemen askok
nahiz eta egunak argitu
amets gaiztoenak esna
bizi behar izaten ditu.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-aitor-errazkin-2/

“Bexamela”. Maider Ugarte Garbizuren bertsoak, Iruneron.

BEXAMELA

Egilea: Maider Ugarte Garbizu

Doinua: Orioko balearena

Hemen jaitsi dezakezu

1)
Proposamen bat dakart
beldur denak laga
Piztuko duzu laster
pozez begirada
eta ahoa betez
alaituko zara
bai bai, asmatu duzu
errezeta bat da.

2)
Gogoan ondo hartu
hau da beharrezkoa
irin, gurin, esnea
hori jatekoa
gatza pixka bat eta
ez ahaztu ondokoa
egurrezko sardexka
eta lapikoa.

3)
Pentsatzen hasi zara
ez da, ez, pastela
Ohar pare bat doaz
txarra da bestela
Eskuak garbitzeko
har ezazu jela
Ozen kanta ezazu
ai ai, bexamela!

4)
Hartu zazu gurina
ez utzi aparte
lapikoan eragin
zazu maite maite
uztazu su baxuan
dena urtu arte
etzazu utzi erretzen
txarra bailitzake.

5)
Irina bota baina
ez dena kakaztu
kontuz ibili zaitez
suak ez narrastu
sardexka baliatuz
zeroak marraztu
ore bat lortu arte
dena ondo nahastu.

6)
Esnearen txanda da
erantsi zazu arin
jarri behar adina
oso edo arin
gatza pixka bat gehitu
kasu! erre ez dadin
gutxi falta da eta
eragin eragin!

7)
Bexamela izan ohi da
maitea umetatik
askotan jan ohi dugu
hori ondo dakit
Ardo botila ireki
ta topa zugatik
On egin diezazula
ta ez horregatik!

Iturria: https://irunero.eus/bexamela/

“OTAri (Ordaindu Ta Amorratzeari)”. Jon Luzuriaga Iurramendiren bertsoak, Bidasoako Hitzan.

OTAri (Ordaindu Ta Amorratzeari)

Egilea: Jon Luzuriaga Iurramendi

Doinua: Betroiarena A

Hemen jaitsi dezakezu

1)
Hiri modernoa ez
al da tiranoa?
Ipurdian atera
ohi den granoa?
Pobreenentzat presto
du sotamanoa…
Ni igual izan arren
probintzianoa,
zu hain urbanoa;
harreman sanoa
eta humanoa
zen bion asmoa
baina barru guztia
hustera noa.

2)
Hondarribia, Irun
edo Hendaiara
autoz joanez gero
dena da traba,
txuloren baten bila
hona eta hara
aparkatu arte bi
ordu beharbada,
hori gutxi da ba,
gero zuri paga
ematea jada
nahitaezkoa da…
Zerbitzu deitu arren
lapurra zara!

3)
Lehen leku gutxitan
zeunden osasuntsu
orain muturra nonahi
atera duzu.
Zoritxarrez onartu
zaitugu amultsu
baina nire protestak
ze amorru kutsu
nahiz ez esan usu
aitortzen dut sutsu
maiz hartu ohi dut su
gorroto zaitut zu,
nire txanpon guztiak
jaten dituzu!

4)
Ezikusiarena
eginda arantza
ateratzeko izan
dut esperantza,
txanponik bota gabe
zure ahorantza
zigortuko al nauzun
geroko zalantza.
Ustezko bengantza
edo errebantxa
egitean antza,
multa testigantza,
beti oso garesti
irten zait txantxa!

5)
Gustu txarreko OTA,
TAO bedeinkatu
pozoiez nahi zintudan
madarikatu!
Bederatzi puntutan
nahiz ozen kantatu
belar txarra ezin da
errez akabatu…
Sorta hau bukatu
aurretik ohartu
hitz onik aipatu
badizut barkatu
eta gaizki esanak
gogoan hartu!

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-jon-luzuriaga/

Txingudiko bertso-eskolak martxan: doan eta denontzako. Hots egin eta izena eman.

Ikasturtero bezala, martxan da Bidasoaldean bertso-eskolan izena emateko “epea”. Berez, ikasturte osoan zehar eman dezakezue izena, baina dagoeneko hasita gaude taldeak osatzen. Hasiberrien talde polit askoa dugu dagoeneko martxan; bat-bateko taldeak ere bai: bi. Bertso-tailerra ere bai. Baina onena, deitu 688826433 (Igauri) edo idatzi: irunabar@gmail.com.

Ikastetxerik edo elkarterik balego bertso-eskola edo antzekorik martxan jarri nahi lukeena, deitu edo idatzi beldurrik gabe.

Animatu!

Beste ikasturte batez bailarako hedabideekin elkarlanean

Irunabarren, bat-bateko bertsoez gain bertso idatziek ere garrantzia handia dute, bertsolaritza eta bertso-jarriak inguruko hainbat txokotara helarazi asmoz, badira zenbait ikasturte bailarako hedabideekin elkarlanean ari garela.

Hasi berri dugun 2025/26 hau bederatzigarren ikasturtea dugu Irunerorekin elkarlanean. Urrian hasi eta ekaina bitarte, hilero, hilabete hasieran, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek bertso-jarriak argitaratuko ditu aipatutako aldizkariko papereko edizioan, eta egun gutxi batzuk igaro ondoren, eskuragarri izango duzue argitalpen hori bera baita bertsio digitalean ere. Nola ez, Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu bertso horiek guztiak.

Bestalde, zazpigarren ikasturtea osatuko dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso-jarriek argia ikusiko dute, irailetik hasi eta ekaina bitarte, hilabeteko azken ostiraletan. Kasu honetan ere paperezko edizioan zein bertsio digitalean egongo da ikusgai eta Hitzako sorta guztiak ere Irunabarren webgunera ekarriko ditugu.

Horretaz gain, osagarri modura, idatzitako sorta hauek musikatzen direnean ere eskuragarri izango dituzue webguneko argitalpenetan zein Ivoox-eko gure kanalean (harpidetu zaitezte!). Gero eta gehiago zarete elkarlan hauetako bertso-sortaren bat musikatzera animatu zaretenak. Ikasturte honetan ere animatuko bazinate plazer handiz jasoko genituzke zuek musikatu eta kantatutako bertso-sortak irunabar@gmail.com helbidean.

Hona hemen pasa den ikasturtean argitaratu eta musikatutako zenbait bertso-sorta:

  • “Madraí amach!” Beñat Elosegi Ortiz de Zaratek 2025eko apirilean Iruneron argitaratu eta Beñatek berak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu
  • “Bertso sorta hau ere heldu da”, Adrian Arruti Bernadetek 2024ko azaroan Bidasoako Hitzan argitaratu eta Peio Etxebarriak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu
  • “Ikaztegietatik Irunabarreara”, Jon Luzuriaga Iurramendik 2024ko urrian Iruneron argitaratu eta Jone Garmendia eta Jonek berak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu

Post Navigation