Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “ekaina, 2013”

Irungo Bertso Eskolen II. Eguna Antxeta Irratian

Antxeta Irratikoak ere hurbildu ziren Irungo Bertso Eskolen II. Egunera, eta honi eta hari galderak egiten eta iritziak eskatzen jardun ostean, ttak, zortzi minutu pasatxoko kortea eskaini zuten euren www.antxetairratia.com web orrialdean. Guk artxiboa handik zurrupatu eta hementxe duzue entzungai. Mila esker Antxeta Irratiko lagunok, antolatzen ditugun hainbat eta hainbat ekimenen berri zabaltzen laguntzen diguzuelako.

Irungo Bertso Eskolen II. Eguna, zoragarri!

IRUNABAR Irungo Bertsoaren Bilguneak bigarren aldiz antolatu zuen Irungo Bertso Eskolen Eguna, joan den ekainaren 15ean, Ola sagardotegian, eta zoragarri joan zen guztia. Antolatzaile, parte hartzaile, guraso, senitarteko eta lagunak zenbatzen hasita, izango ginen ehun lagundik gora, aise. Kolore ezin ederragoa hartu zuen Olako frontoiak haur eta helduen bertsoei eta entzuleen txalo eta parte hartzeari esker.

Aurtengoan, ikasturtean zehar egindako lanak ordu eta erdiko saioa eskaintzeko balio izan zuen, baina zuen guztien prestutasuna eta txaloen beroa urtetan zehar lanean jarraitzeko hatsa zaizkigu guri. Ez dugu lan talde txarra egiten. Esker mila berriz ere.

Eskerrik asko ere Ola sagardotegiko arduradun, lagun eta langileei, emandako laguntza eta tratu ezin hobearengatik.

Prestatzen joan ahala, ekainaren 15eko materiala txintxilikatzen joango gara. Hasteko, Nekane Barandiaranen (Eguzkitzako bertso eskolako gurasoa) argazki koloretsuak, iazkoak bezain ederrak.

Gainontzeko lagun eta gurasoek ere, argazkiak edo grabazioak bidaltzeko modurik baldin baduzue, gogoan izan gure posta elektronikoaren helbidea irunabar@gmail.com dela. Asko eskertuko dizuegu.

Laster arte, ekipo, eta jai onak pasa guzti-guztiok.

IRUNABAR Irungo Bertsoaren Bilgunea

This slideshow requires JavaScript.

Irungo Bertso Eskolen II. Eguna

Iazko arrakasta ikusita, ezin Irungo Bertso Eskolen II. Eguna antolatu gabe utzi. Ekainaren 15ean izango da, Irungo Ola sagardotegian, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Bertan Txingudiko bertso eskoletako ikasle eta irakasleek bertso saio mundiala eskainiko dute Eguzkitza, Talaia eta Txingudi ikastetxeetako bertso eskoletako ikasleekin batera.

Eguraldiaz kezkatu gabe arituko gara. Iaz bezala eguraldi ona egokituz gero, Olako frontoian izango da jaialdia. Euria ariz gero, aldiz, sagardotegia bera izango dugu aterpe.

Beraz, bertsoak atsegin badituzue, IRUNABAR Irungo Bertsoaren Bilgunearen lana zertan den jakin, edo besterik gabe arratsalde ederra igaro nahi baduzue, ez zalantzarik egin: zatozte Irungo Bertso Eskolen II. Egunera, zuen zain egongo gara! Ez zaizue damutuko!

IRUNABAR – Irungo Bertsoaren Bilgunea

Talaia Bordariko ikasturte amaierako bertso jaialdia

Ekainaren lehendabiziko egunarekin Hondarribiako Talaia Bordari ikastetxekoek ikasturte amaierako festa antulatu zuten, baita ondo ospatu ere. Bordariko bertso eskolako kideek, Julen Enparanek, Peru Txintxurretak eta Unai Seisesek saio gogoangarria eskaini zuten ikaskide, irakasle eta gurasoen gozamenerako. Seises-Furundarena sendiari esker eskuratu dugu honako grabaketa. Mila esker Seises-Furundarenatarrei, Talaia Bordari ikastetxeari arazo teknikoak konpontzeagatik eta bertaratu zineten guztiok erakutsi zenuten errespetuzko jarrera eredugarriarengatik.

Gustuko izango duzuelakoan, bejondeizuela!

Post Navigation