Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “uztaila, 2019”

Hondarribiko Sagardo Egunean bertsolariak [2019-07-27]

Uztailaren 27an Hondarribiko Sagardo Eguna izango dela eta, Txingudiko Bertso-eskolako Igauri Lopategi, Egoitz Zelaia eta Manu Goioganak libreko bertso saioa eskainiko dute 17:30etatik goiti.

Kupelak 18:00etan irekiko dituzte eta 21:00ak bitarte. Azken urteetan bezala, Gipuzkoa Plazan izango da ekitaldia, Muara Kultur Elkarteak antolatua.

Animatu, ederra izango da eta!

 

Haziako Bertso Bazkariko kronika [2019-07-01]

Hazia Kultur Elkarteak bertso bazkaria antolatu zuen, uztailaren lehenean, herriko jaiei amaiera polita eman nahian.

Bertan aritu ziren Oihana Bartra santutxuarra eta Irunabarreko kide den Egoitz Zelaia hendaiarra. Bazkarira 45 lagun hurbildu ziren eta hasieratik nabaritu zen giroa bero zegoela.

Sukaldariek bete betean asmatu zuten menuarekin, hasierako entsaladatik hasita, txerri ukondoarekin jarraiki eta xamingoxoarekin bukatuta.

Bazkaria amaituta, eta kafe eta kopak eskatuta, ekin zioten bertsolariek libreko saioari eta hasieratik nabaritu zen behin eta berriz egingo zuela eztanda. Bertsolariak fin ibili ziren uneoro batak besteari zein entzuleei ere ziria sartuz. Gerturatutakoek, ederki aski erantzun zioten bikoteari barre algara eta txalo zaparraden bitartez.

Dena zoragarria izan da eta bertsolariak ere oso esker oneko egon ziren entzule eta antolatzaileekiko.

This slideshow requires JavaScript.

 

Irati Alcantarilla Berritxu Sariketan garaile [2019-06-28]

Pasa den ekainaren 28arekin egin zen Berrituako Udalak antolatzen duen Euskal Herri mailako bertsolari gazteen Berritxu Saria. Bertan izan ziren Bittor Altube, Maite Sarasola, Aroa Arrizubieta, Nahia Ibarzabal, Garazi Navarro Ugarteburu, Aitor Tatiegi, Ekiñe Zapiain Arlegi eta Irati Alcantarilla.

Saioak bi zati izan zituen, bata ofizioka eta bigarrena bakarka. Bigarren zatian, lehen zatian ongien aritu ziren lauek baino ez zuten parte hartzerik izan.

Gauzak horrela, Iñigo Gogenola, Aitor Basterretxea, eta Ander Txakartegi epaileek; Bittor Altube, Aroa Arrizubieta, Aitor Tatiegi eta Irati Alcantarilla pasatzea deliberatu zuten.

Saioaren amaierarako Altubek 196puntu bildu zituen, 198 Arrizubietak, 207 Aitor Tatiegik eta 210 Irati Alcantarillak.

Zorionak, Irati!

 

Post Navigation