Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “maiatza, 2014”

Irungo Eskolarteko I. Bertso Paper Lehiaketako bertso guztiak

Hona hemen Irungo Eskolarteko I. Bertso Paper Lehiaketako bertso guztiak. Bejondeizuela, eskerrik asko denoi, eta datorren ikasturtera arte.

Irungo eskolarteko I. Bertso Paper Lehiaketa

 

Ekaineko Kabigorriko bertso gaua, ikasturteko azkena

Ekainaren 5ean izango da ikasturte honetako Kabigorriko azken Bertso Gaua, Kabigorri ostatuan bertan, nola ez, arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Azken bertso saioko laukotea honako bertsolariek osatuko dute: Manolo Arozenak, Joxe Juan Oiarzabal “Gurdiya”-k, Juan Mari Lopezek eta Joxe Juan Zubieta “Etxabe”-k. Gai jartzaile lanetan Exteban Martiarena oiartzuarra ariko da.

Gogoan izan saio ostean afaltzen geratzeko aukera paregabea eskaintzen duela Kabigorrik.

This slideshow requires JavaScript.

Tira ba, bertsozale, honenbestez, 2013-2014 ikasturteari dagozkion Kabigorriko Bertso Gauak ekainaren 5ean amaituko dira. Hala ere, urrian bueltan izango gara berriz, ikasturte berri bati bertsoz ekiteko asmoz.

Egia esan, antolatzaileok zinez eskertuta gaude Irungo eta inguruetako bertsozaleok ekimen honi eman diozuen babesagatik. Herritik sortua herriari eskaini nahian abiatu ginen abentura honetan, eta zuen partetik errespetua, esker ona, eta jarrera eredugarria erruz jaso izana plazer handi bat izan da. Bejondeizuela eta eskerrik asko, bihotzez.

Eskerrak ere Kabigorri Ostatuari hilero bere goxotasunera biltzeko aukera emateagatik, eta behin epelera bilduta, eman digun tratu zoragarriarengatik.

Eskerrak ere ekimen honetan modu batean zein bestean parte hartu duzuen bertsolari, gai jartzaile zein laguntzaile guztioi. Eta esker bereziak Patxi eta Juleni, saio guztiak grabatzera etortzeagatik.

Ostegunera arte, beraz, bertsozale; eta amaitzeko, gorago aipatutako kontutxo bat berretsi besterik ez: urrian bueltan izango gaituzue.

Izan ongi!

Irungo Eskolarteko I. Bertso Paper Lehiaketa: Zorionak sarituei!

Hilabete baino gehiago joan da Irungo Eskolarteko I. Bertso Paper Lehiaketan parte hartzeko epea amaitu zenetik, eta azkenik, hementxe ditugu sarituen izen-abizenak eta bertsoak. Hala ere, parte hartzaile guztiak eskertu eta zoriondu nahi zaituztegu ezer baino lehen. izan ere, 89 bertso sorta (edo bertso pare, hobeto esanda) jaso ditugu, eta epaileek komeriak ibili dituzte sarituak hautatzeko garaian.

Aurtengoan, Alaia Martinek eta Abel Zabalak bete dituzte epaile lanak, Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen izenean lehenak, eta Irunabar, Irungo Bertsoaren Bilgunearenean bigarrenak. Hauxe izan da euren erabakia:

SARITUAK:

3. MAILAN (LH): Xabi Etxebeste 3F – Txingudi Ikastola

4. MAILAN (LH): Ane Zubieta 4A – Txingudi Ikastola

5.MAILAN (LH): Leire Arrieta 5D – Txingudi Ikastola

6.MAILAN (LH): Sara Padilla, Marina Sanchez, Leire Larrarte, Guillermo Gonzalez (El Pilar 6D)

DBH 1: Igauri Lopetegi – Txingudi Ikastola

Aipamen bereziak*:

-Alazne Bermudez (Dunboa 5B)
-Nerea, Natalia, Maialen, Alba, Serah (Belaskoenea 5+6)
-Nerea I, Eneritz M, Battogtokh, Andoni S (Elatzeta 6)
-Aimar Arana (Eguzkitza)
-Mireia, Aiala (Dunboa 5A)

* Aipamen berezia izan duten bertsoen egileek ere saria jasoko dute.

SARI BANAKETAK:

Sariak maiatzaren 27an banatuko dira, Irungo Amaia antzokian, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak eta Irungo Udalak ikasturte amaieran antolatu ohi duten jaialdiaren amaieran. Jaialdi hau Bertsozale Elkartearen proiektua hezkuntza arautuan txeratzen duten ikastetxeetako ikasle eta gurasoei zuzendua izaten da.

Bestalde, Irunabarretik, parte hartzaile guztiak gonbidatu nahi zaituztegu Irungo Bertso Eskolen III. Egunean parte hartzera, Ekainaren 14an, Meaka auzoko Ola sagardotegian, arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Bertan, Irungo bertso eskoletako kide, lagun eta familiekin arratsalde pasa polita egiteko aukera izango duzue, bertsoa protagonista nagusi izan ohi den ospakizunean.

Bai sariak eta bai aipamen bereziak jaso dituzuen parte hartzaileek izango duzue ZUEN BERTSOAK KANTATZEKO AUKERA, nola maiatzaren 27an Amaia Antzokian, hala ekainaren 14an, Ola sagardotegian, Irungo Bertso Eskolen III. Egunean.

Eskerrik asko guztioi, eta datorren ikasturtera arte!

 

 

 

BERTSOKANTAURI’14 maiatzaren 31an, Higeralde Landa Etxean

Maiatzaren 31an izango da aurten BERTSOKANTAURI, laugarren urtez jarraian.

Goizeko saioa, urtero bezala, Higeralde Landa-Etxean izango da (Hondarribia). Bertan, jatekoa, edatekoa, musika (DJ Aristi), txalapartariak (tu ku tun txalaparta taldea) eta bertso saioa Anjel Mari Peñagarikano eta Andoni Egañarekin; gaiak jartzen Koldo Emery ariko da.

Gainera, aurtengoan, zozketa antolatuko dute Higeralden. Txosnan kontsumitutako jaki edo edari bakoitzeko zenbaki bat banatuko dute, eta goizeko bertso saioa eta gero egingo dute zozketa, Higeralden bertan:

1.go saria: gau bat Higeralde Landa Etxean, gosari eta guzti.

2. saria: Etxeko jaki eta edariarekin osatutako saskia.

Higeraldeko goizeko zita libre da bertaratu nahi duen ororentzat, bertso bazkarirako sarrera erosten dutenentzat zein erosten ez dutenentzat. Hala ere, antolakuntzako kideek mesedez eskatzen dizuete autoz igotzen zaretenoi, “kanpotiro”-ko parkina balia dezazuen, eta autoak Higeralderaino ez igotzea. 350 m besterik ez daude “kanpotirotik” Higeraldera.

Higeralden amaitu ostean, bertso bazkaria izango da Hondarribiako Klink Elkartean. Bazkarirako sarrerak 25 € balio du. Erreserbak bertsokantauri@gmail.com helbide elektronikoan egin ditzakezue, zuen izen abizenak, harremanetarako telefono bat eta zenbat lagun izango zareten argi eta garbi adieraziz (antolatzaileak jarriko dira zuekin harremanetan gero, diru-txartelen trukea egin edo hitzartzeko). Bestela, sarrerak 605 74 64 80 (Ander) telefonora deituta ere har daitezke.

Hona iazko irudiekin antolatzaileek prestatutako promozio bideoa.

 

Kabigorriko bertso gaua, maiatzaren 8an

Hileko lehen ostegunean antolatzen dugu beti Kabigorriko bertso gaua. Maiatzean, ordea, langilearen eguna dela eta, bigarrenera atzeratu dugu, baina bertan da dagoeneko maiatzaren 8a. Arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Jon Martin, Iker Gorosterrazu, Maddi Sarasua eta Karlos Aizpurua ariko dira bertsotan, Abel Zabalaren aginduetara.

Gogoan izan saio ostean afaltzen geratzeko aukera paregabea eskaintzen duela Kabigorrik. Aprobetxa dezagun, beraz!

Bertan elkar ikusiko dugulakoan,

Izan ongi!

This slideshow requires JavaScript.

 

Post Navigation