Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Juan Mari Lopez”

Maiatzeko Kabigorriko bertso-gaua [2017-05-04]: A. Zelaia, J.M. Lopez, M. Arozena eta I. Zelaia

Badator ikasturteko azken-aurreko bertso-gaua, Andoni Zelaia, Juan Mari Lopez, Manolo Arozena eta Iñaki Zelaia bertsolariak kantuan aditzeko aukera eskainiko diguna. Lau bertsolariei gaiak jartzen eta saio aurkezten, aldiz, Urko Casado ariko da, Txingudiko bertso-eskolako kide astigartarra. Bat-bateko saio aurreko bertso-jarriak Egoitz Zelaiaren eskutik helduko zaizkigu.

19:30etatik aurrera izango da saioa, eta ondoren, gogoan har ezazue Kabigorrik afaltzen geratzeko eskaintzen digun aukera paregabea.

Bertan ikusiko dugu elkar.

This slideshow requires JavaScript.

Maiatzaren 5ean, Kabigorriko bertso-gaua

Hilaren bostean izango da 2016ko maiatzeko bertso gaua. Beti bezala, 19:30etatik aurrera, Peña kaleko lehendabizikoan. Honako honetan, bertso jarriak Abel Zabala irundarrak kantatuko ditu, eta oholtza gainean Urko Casado astigartarra, Manu Goiogana irundarra, eta Lesakatik Manolo Arozena eta Juan Mari Lopez izango ditugu (Goizuetako eta Oiartzungo semeak, azken bi hauek, baina Lesakara ezkonduak eta aspaldi luzean bertan bizi direnak). Lau bertsolari hauei gaiak jartzen Karlos Aizpurua oiartzuarra ariko da. Punta-puntakoa maiatzeko bertso-gaua ere, beraz!

Gogoan izan saioa eta gero Kabigorrik bertan afaltzen geratzeko aukera paregabea eskaintzen digula denoi.

This slideshow requires JavaScript.

Ekainaren 4an ikasturteko azken bertso gaua, Kabigorrin.

Ekainaren 4erako dago deituta 2014-2015 ikasturteko azken bertso gaua, 19:30etan Irungo Kabigorrin, Bidasoaldeko Ateneoan. Manu Goiogana irundarra Lesakatik helduko diren Manolo Arozena, Juan Mari Lopez eta Joxe Juan Zubieta “Etxabe”rekin ariko da eta, era berean, guztiek egin beharko dute bertsotan Oihana Aranburu hondarribiarraren aginduetara, berak jarriko baititu gaiak, eta berak saioa aurkeztuko.

This slideshow requires JavaScript.

Bat-bateko saioaren aurretik, Urko Casado astigartarrak bertso berriak kantatuko ditu, saio hortarako propio jarriak, joan den urritik honako bertso gau guztietako ohiturari segika.

Eta saio ostean, bada, agian, ezustekoren bat edo beste, baina erne: ez pasatzen utzi Kabigorrin afaltzen geratzeko aukera paregabea.

Bejondeizuela, eta hurrengo ostegunera arte.

Ekaineko Kabigorriko bertso gaua, ikasturteko azkena

Ekainaren 5ean izango da ikasturte honetako Kabigorriko azken Bertso Gaua, Kabigorri ostatuan bertan, nola ez, arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Azken bertso saioko laukotea honako bertsolariek osatuko dute: Manolo Arozenak, Joxe Juan Oiarzabal “Gurdiya”-k, Juan Mari Lopezek eta Joxe Juan Zubieta “Etxabe”-k. Gai jartzaile lanetan Exteban Martiarena oiartzuarra ariko da.

Gogoan izan saio ostean afaltzen geratzeko aukera paregabea eskaintzen duela Kabigorrik.

This slideshow requires JavaScript.

Tira ba, bertsozale, honenbestez, 2013-2014 ikasturteari dagozkion Kabigorriko Bertso Gauak ekainaren 5ean amaituko dira. Hala ere, urrian bueltan izango gara berriz, ikasturte berri bati bertsoz ekiteko asmoz.

Egia esan, antolatzaileok zinez eskertuta gaude Irungo eta inguruetako bertsozaleok ekimen honi eman diozuen babesagatik. Herritik sortua herriari eskaini nahian abiatu ginen abentura honetan, eta zuen partetik errespetua, esker ona, eta jarrera eredugarria erruz jaso izana plazer handi bat izan da. Bejondeizuela eta eskerrik asko, bihotzez.

Eskerrak ere Kabigorri Ostatuari hilero bere goxotasunera biltzeko aukera emateagatik, eta behin epelera bilduta, eman digun tratu zoragarriarengatik.

Eskerrak ere ekimen honetan modu batean zein bestean parte hartu duzuen bertsolari, gai jartzaile zein laguntzaile guztioi. Eta esker bereziak Patxi eta Juleni, saio guztiak grabatzera etortzeagatik.

Ostegunera arte, beraz, bertsozale; eta amaitzeko, gorago aipatutako kontutxo bat berretsi besterik ez: urrian bueltan izango gaituzue.

Izan ongi!

Post Navigation