Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “martxoa, 2018”

Beñat Elosegiren “Burdindegiko saltzailearena” bertso sorta, Iruneroren 322. zenbakian

2018ko Apirilaren 1eko Iruneron, 322. zenbakian, Beñat Elosegi Irunabar eta Txingudiko Bertso Eskolako kidearen bertsoak argitaratu dituzte, “Burdindegiko saltzailearena” izenburua dutenak, hain zuzen ere.

 

BURDINDEGIKO SALTZAILEARENA

Doinua: Andre txarraren bentajak
Egilea: Beñat Elosegi

Lotsarik gabe kontatu nahi dut
aske utzirik barrena
burdindegiko saltzaile batek
jasan beharra duena.
Torloju, tresna, soberan baina
pazientzia da problema
jende aurrean une batzutan
errezegi galtzen dena.

Gure lanean nahiz eta jakin
behar dugula hobetu
zerbitzu ona doi emateko
izan bezeroa gertu.
Harremana ia beti ona
nahiz batzuetan okertu
bezeroak zer eskatzen duen
ezin denean ulertu.

Halako traste zerako gauza
katxarroan gisakoa,
uste al du ba azalpen hori
emanda dela nahikoa.
-Ez, ez didazu deus ulertu-
ta geratzen da bapoa,
pazientzia izaten dugu
lanpostu hontan gakoa.

-Arratsaldeon saltzaile hori
torloju bat behar nuke.
-Ta nolakoa? hamaika forma
ta neurri izaten dute,
lasai, zein behar duzun asmatzen
badugu nahiko bertute;
tori torloju bat bururako
galdu duzunaren truke.

-Behar dudana nola azaldu
zail da hitzez esatea,
paper batean arkatzaz txukun
marraztu eta pakea-.
Surrealista dudarik gabe
honek dabilen artea,
zer ote da hau tximista edo
jirafaren errapea?

Dena normala delako ustez
behar dena ezin hauta
behintzat kalibre salmentarekin
ez dugu izango mauka,
ta zehaztasun eskasi horrek
ni kokoteraino nauka
plataforma bat sortu behar dut
estandar hitzaren aurka.

Zer nahi duen ez dakien hori
galduta dagona plazan,
lau despistatu bi jubilatu
aspertu denbora pasan
hurbilduz datoz ta nerekiko
jainkuak babestu nazan,
a zer nolako jende goxoa
behar duguna guk jasan.

Zulo gabeko bi zirrindola,
ura lotzeko sei kate,
Gurpil karratu bat eta hiru
litro elektrizitate.
Batzuk adarra jotzeko nahia
beti soberan daukate,
umore ona jartzen dute ta
ez da guretzako kalte.

Xume ta apal den jendeakin
beti da horren erreza,
haundi ustetan heldu den horrek
berriz presa eta kexa.
Prezioakin borrokatzen du
tratua seko nekeza,
ordaindu egin behar denean
aldatzen du interesa.

Mila protesta eginagatik
gera askorentzat morroi
esanetara zintzo gauzkate
ez ausart eta ez heroi,
baina aitortza egitekotan
ona da edozein sasoi
guk pazientzia izaten dugu
ta bezeroak arrazoi.

Apirileko bertso gaua, hilaren 12an

Apirilaren 12an, Bidasoaldeko Kabigorri Ateneoan, nola ez, Iñigo Mantzisidor “Mantxi” zarauztarra, eta eta Iñigo Ugarte irundarra ariko dira bertsotan, Zuhaitz Olazabal eta Egoitz Zelaia Irunabarreko kideek ondutako gaiekin.

Bide batez, oroitu, saioa eta gero afaltzen geratzeko parada ezin hobea eskaintzen digula Kabigorrik.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan, ongi izan eta Aste Santu eta Pazko Aste ederrak izan ditzazuela.

 

2018ko Herri galdeketaren aldeko sinadura bilketan kantari

Irungo Hartu Hitza taldea hiriko hainbat tokitan sinadura bilketa egiten jardun zuen martxoaren 3an, talde horrek berak 2018. urteko azaroan gauzatu nahi duen herri-galdeketaren alde. Irunabarreko Aitor Errazkin eta Egoitz Zelaiak bertsotan hartu zuten parte egun hartako kale-animazioan, beste hainbat eragile eta taldetako partaiderekin batera.

“Bertsozaleen topaleku bilakatu da Kabigorri” (Irunero, 2018-03-01)

Irunabarrek eta Kabigorrik duela 5 urte elkarlanean abiatutako “bertso-gauei” buruzko erreportajea argitaratu du Irunerok.

https://irunero.eus/wp-content/uploads/2018/03/2-1.jpg

Naroa Mentaberri (Kabigorri) eta Egoitz Zelaia (Irunabar)

Bertso berriak, Kabigorriko bertso gauei jarriak

Txingudiko Bertso Eskolako Bertso tailerreko Xabier Bengoetxea, Iñaki Portugal, Xabier Isasi, Andoni Zelaia eta Aitor Errazkinek elkarlanean ondutako sorta da Irunero aldizkariaren 320 zenbakian argitaratutako bertso-sorta.

 

Egilea: Txingudiko Bertso Eskolako bertso tailerreko kideak

Doinua: Oihan beltzean zoinen eder den

 

 

Zuen aurrera bertso tailerra:

bosten proiektu komuna;

nagusi gabe eratu gara

sormena dugu jarduna.

Ba al dakizu Iruneroren

irakurle euskalduna,

zer demontre den Kabigorriko

hileko lehen osteguna?

 

Hilero bertso saio bat bertan.

Hasieran, sinesgaitza.

Batek lokala jarri, besteak

antolakuntza lan gaitza.

Eta bost urte dira gozatzen

paregabeko eskaintza:

Kabigorri ta Irunabarren

elkarlanaren emaitza.

 

Bat batekoak dira saioak

aurretik, bertso papera

beti bertako bertsolari bat

kantuz direnen artera

gaiak ontzeko eskualdeko

gai jartzaileak topera

kabiak ez du gutxi eskaintzen,

eta debalde, gainera.

 

Bidasoaldeko Ateneoa

beti abegi jario

egarri eta gose handi zein

txikien erremedio

entzule oro adi, isilik

errespetua medio

hitz neurtuari neurri-neurriko

babesa ematen dio.

 

Esperimentu kabi ere bada,

ta ez edonolakoa!

Musika-tresnak lagun badira,

magia bezalakoa!

Bertako doinu zein atzerriko,

bat-batekoan gakoa.

Eskualdeko probalekurik

emankorrenetakoa.

 

“Belarribizi” edo “ahoprest”

ongi etorria zara

leku bat duzu Kabi gorrian

etorri gure plazara

etxean legez baietz sentitu

senide baten gisara

zaletasunak batzen gaituen

famili txikia gara.

 

Ez du axola ofizioak

albaitero edo artzain

hargin, arotza, langile soila,

emagin edo abeltzain

mugazain edo mugalaria

osagile zein erizain

hilaren lehen ostegunero

bertan izango gara zain.

Igauri Lopetegi irundarra Gipuzkoako Eskolarteko XXXVIII. Txaapelketan

Martxoaren 2an izan zen hirugarren kanporaketa, Orioko Aldapa Elkartean: Igauri Lopetegi Amostegi, Aimar Sorazu Roteta, Itziar Mendia Urrutia, Uxue Alkorta Iturbe eta Josu Ibarguren Elosegi aritu ziren kantuan. Egindako lanarekin gustura asko itzuli zen Lopetegi.

Post Navigation