Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Igor Elortza”

Moskuko jaiak 2019

Azken urteetan bezala, aurtengo Moskuko jaietan ere bi bertso saio antolatu ditu Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneak, Moskuko jai batzordeko kideekin elkarlanean: bertso-poteoa eta bertso saioa.

Abuztuaren 10ean izan zen lehena, herri bazkaria eta gero, arratsaldeko 17:00ak inguruan. Manu Goiogana irundarra, Maddi Ane Txoperena lesakarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra aritu ziren auzoko tabernetan barrena kantuan. Giro bikaina ipini zuten, eta gustura geratu ziren bertaratutakoak.

Bertso saioa, berriz, igandean izan zen, abuztuaren 11n. Eguraldiaren baimena garaiz iritsiko ez ote zen beldur ibili ondoren, azkenean plazan bertan egin zen bertso saioa, eta Alaia Martin oiartzuarra, Igor Elortza durangarra eta Miren Amuriza berriztarra eta Aitor Sarriegi beasaindarra aritu ziren kantuan Egoitz Zelaia hendaiarraren esanetara. 18:30ean hasi zen saioak seriotik beste eduki zuen umoretik, eta bikain asmatu zuten 4 protagonistek Egoitzek agindutako lanak betetzen. Saioa amaitzerako plaza ere jendez beteta zegoela agurtu zituzten bertsolariek Moskuko jaiak, aurtengoz.

This slideshow requires JavaScript.

Ama Xantalen-Moskuko jaiak 2018

Aurtengo Moskuko jaietan ere bi bertso saio antolatu ditu Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneak, jai batzordeko kideekin elkarlanean. Datorren larunbatean izango da lehena, abuztuaren 18an, bertso-poteoa, herri bazkaria eta gero, arratsaldeko 17:00aetan hasita eta auzoko tabernetan barrena. Manu Goiogana irundarrak eta German Urteaga beasaindarrak kantatuko dute bertan.

Igandean, berriz, bertso saioa izango da plazan bertan, 18:00etan hasi eta 19:30ak bitarte (kartelean bestela agertzen bada ere). Bertan Alaia Martin oiartzuarrak, Igor Elortza durangarrak eta Miren Artetxe eta Egoitz Zelaia hendaiarrek kantatuko dute. Gaiak Uxue Larrukertek eta Adrian Arrutik hartu dute bere gain; egunean bertako Gai-emaile lanak Uxue Larrukert irundarrak egingo ditu, ordea.

 

Bikainak joan ziren Moskuko jaietako bi bertso zitak

2017ko abuztuaren 19an izan zen Moskuko jaietako bertso poteoa. Manu Goiogana irundarrak eta Eneko Abasolo Iurretarrak kantatu zuten, eta aspaldiko triki-bertso-poteo jendetsuenetakoa izan zen. Bertsolariak trikitixa doinuekin laguntzen Itsaso, Gartxot, Jon, Gaizka eta konpainia aritu ziren.

Igandeko saioa ere mundial joan zen. Bertan aritu ziren Igor Elortza, Unai Iturriaga, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” eta Egoitz Zelaia. Gai-emale eta aurkezle lanetan, aldiz, Adrian Arruti aritu zen.

Moskuko jaietako bertso saioak

Irunabarrek Moskuko jaiekin bat egin izan du beti, eta baita azken urteetan bertso-saioen antolakuntzak esku-kolpe bat eman ere. Aurtengoan, honakoak prestatu ditugu jaietako antolatzaileekin elkarlanean:

ABUZTUAK 19, LARUNBATA

Herri-bazkaria eta gero, bertso-poteoa. Bertsolariak: MANU GOIOGANA eta ENEKO ABASOLO “ABARKAS”.

ABUZTUAK 20, IGANDEA

Bertso-saioa. Arratsaldeko 19:00etan, Urdanibia plaza inguruan. Bertsolariak: IGOR ELORTZA, UNAI ITURRIAGA, ARKAITZ OIARZABAL “XAMOA” eta EGOITZ ZELAIA. Gai-emalea: ADRIAN ARRUTI.

 

Moskuko jaietako bertso saioak, abuztuaren 13an eta 15ean

Irunabarrek bere aletxoa jarriko du aurten ere Moskuko jaien antolakuntzan, eta bere gain hartu ditu abuztuaren 13ko eta 15eko bertso saioak. Lehendabizikoa, abuztuaren 13koa, larunbatarekin, bertso poteoa izango da, eta Egoitz Zelaia hendaiarra, Jokin Bergara eibartarra eta Aitor Errazkin irundarra ariko dira bertsotan. Herri-bazkariaren ondotik abiatuko dira bertso-poteoan Urdanibia plazako tabernetatik.

Abuztuaren 15ean, aldiz, astelehenarekin, bertso saioa antolatu dugu Urdanibia plazan Manu Goiogana, Igor Elortza eta Jon Maia bertsolariekin. Gaiak jartzen Egoitz Zelaia ariko da.

Hona iazko saioetako hainbat argazki:

Moskuko Jaietako bertso saioak

Atzo hasi ziren Moskuko Jaiak, eta igande iluntzean amaituko dira.

Bihar, larunbatarekin, bertso-triki-poteo formatuan ariko dira bertsotan Manu Goiogana eta Aitor Errazkin irundarrak eta Odei Barroso Urruñarra, auzoko taberna batetik bestera, herri bazkariaren ondoren.

Igande arratsaldean, aldiz, aurtengo Moskuko Jaietako azken ekitaldia: bertso saio berezia eskainiko dute Egoitz Zelaiak, Jon Maiak eta Igor Elortzak; hirurak, Urko Casado gai-jartzailearen aginduetara. Peña kalean izango da saioa.

Anima zaitezte!

Post Navigation