Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Rafa Rodrigo”

“Hemen duzu nire sorta”. Rafa Rodrigo Perurenaren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

HEMEN DUZU NIRE SORTA

Egilea: Rafa Rodrigo Perurena

Doinua: Hemen duzu nire sorta

1.
Hemen duzu nire sorta, zabaltzen dudan lehena
baliteke, baita ere, hau izatea azkena
ez da izango baikorra hartu dezakezu pena
gerorako ez baduzu galdu nahi itxaropena
ez irakurri gehiago hau da nire etsipena
begiratzen dut mundua ta dena da suntsipena
sortzen dugun hondamena bihurtu da eromena
nire ustez alferrik da itxoitea salbamena.

2.
Nonbaitera heltzen gara bukatzen da hor bakea
laguntza eman beharrean prestatzen dugu tankea
berdin zaigu besteen tripa gurea bada betea
txikitzen dugu, baita ere, biodibertsitatea
nahiz ta jakin gure ekintzak sortzen duela kaltea
berdin zaigu, hara joanda uzten dugu soilik kea
Itxita behar genuke ukan munduko atea
barkatu beharko duzu hain gordinik esatea.

3.
Gaur egungo egoera hobe da ez segitzea
ematen du nahi dugula mundu osoa erretzea.
Errudunak bilatzean, beti izango da bertzea
gizakion eragina, izadiaren galtzea
neurriei buruz mintzatzen da, behar dena da hartzea
hiri askoren patua, itsasoan itotzea
ez dugu ikasi zaintzen egoki gure etxea
hoberena litzateke Lurretik desagertzea.

4.
Esan nizun pesimista zela nire diskurtsoa
barkatu bihurtu bada barneratzeko dentsoa.
Belarriak dakuskigu, gertuegi da otsoa
munduko kudeaketan, gure nota: suspentsoa
begia jarri edonon, ta hor plastiko moltsoa
ez esan ongi doala gaur gure unibertsoa
horrelaxe dioena izaten da perbertsoa.
Ados ez bazara, entzun nahi nuke zure bertsoa.

Jarraian bertso-sorta entzungai Rafak berak sorta honentzat sortutako doinuarekin musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/rafa-rodrigo-perurena-hemen-duzu-nire-sorta/

Bertso saio musikatua Hendaiako Enbata gaztetxean [2024-03-01]

Kaixo, bertsozale:

2024ko Korrika Irundik hasiko dela-eta, hamaika ekimen da eskualde osoan zehar. Girotze fase horretan, hainbat eragilerekin ari gara elkarlanean, eta Hendaiako Enbata gaztetxearekin onduko dugu hurrengo ekimena. Martxoaren 1ean, ostiralean, bertso-saio musikatua antolatu dugu Enbatako eta Aek-ko kideekin batera. Urko Casadok gidatuko du saioa, arratsaldeko 19:00etan hasiko da. Adrian Arruti, Haira Aizpurua, Manu Goiogana eta Maddi Ane Txoperena bertsolariak ariko dira, eta baita Iban Clemente, Beñat Elosegi, Oneka Jauregi eta Rafa Rodrigo musikariak ere.

Anima zaitez!

Bertso bazkari musikatuaren argazki bilduma [2024-01-20]

Kaixo, bertsozale:

Primerako eguna pasa genuen Katean. Jarraian Andoni Eizagirrek, Ane Mendizabalek eta Egoitz Zelaiak egindako zenbait argazki:

Bertso bazkari musikaturako hamar egun baino ez! [2024-01-20]

Kaixo, bertsozale:

Gogoratu datorren ilbeltzaren 20an egitarau txukun askoa antolatu dugula Bidasoko AEK, Landetxako auzo elkartea eta Larrea, hurbileko elikadurarekin batera.
Oraindik sarrerarik erosi ez baduzu, kontuan izan erosteko azken eguna igande honetan izango dela. Saioaren gaineko informazio gehiago nahi baduzu, esteka honetan bilatuko duzu behar duzun hori.
Musikari eta bertsolariak prest daude honezkero, zeren zain zaude?

Muarako seigarren bertso-gaua [2023-06-09]

Kaixo, bertsozale:

Lehen bost saioak egin ditugu eta primerakoak izan dira. Seigarren saioaren atarian gaude honezkero. 2023ko ilbeltzean abiatu genuen proiektuak ikasturte amaiera aurrean du eta, beraz, ikasturteko azken saioa izango da ekainaren 9an izango duguna.

Saioa berezia izango da. Orain arte ez bezala, musikatua izango da ekainekoa. Kantuan ariko dira Adrian Arruti Bernadet irundarra, Izarne Zelaia Arratibel donostiarra eta Manu Goiogana Bengoetxea irundarra. Haiekin batera musikan arituko dira Iban Clemente Martin, baxuarekin, Iker [Xufi] Eizagirre Zufiaurre, gitarrarekin, Beñat Elosegi Ortiz de Zarate, mandolinarekin, Rafa Rodrigo Perurena, gitarrarekin eta Maddi Sanz Sanchez, harparekin. Bertso-saioa 19:30ean hasiko da.

Gogoan izan Muarak afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan,

anima zaitezte!

Bertso-saio musikatua Landetxa-Kateako jaietan

Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko hainbat kidek eta inguru hurbileko lagunek osatu duten halako “bertso-banda”-ren saioa izan da aurtengo Kateako jaietan: Bertsolariak (Adrian Arruti, Abel Zabala, Egoitz Zelaia eta Aitor Errazkin), musikariak (Maddi Sanz, Rafa Rodrigo, Iker Eizagirre eta Beñat Elosegi), eta guzti horien artean, lokailu lanetan, gai jartzailea (Gotzon Aizpiolea). 2022ko maiatzaren 22an izan zen saioa, eguerdiko 12:30etatik 14:00etara bitarte, auzoko frontoian. Hainbat lagunek bidalitako argazkiak segidan. Eskerrik asko zinez Aitor Martinez, Iñigo Gebara, Edurne Mendia, Aratz Altzaga, Gotzon, eta Maddiren “jarraitzaileei”, saioko argazkiak egin eta guri bidaltzeagatik.

Korrika egunean Bertso-saio musikatua [2022-04-09]

Kaixo, bertsozale:

Pasa den astean iragarri bezala, Korrika Irundik pasa den eguna girotzeko egitarau luzea antolatu dute Bidasoko Aek euskaltegiak eta Zizta[KA]k. Tartean, Bertso-saio musikatua. Egoitz Zelaiaren zuzendaritzapean aritu dira musikan, Maddi Sanz (harpa), Beñat Elosegi (mandolina), Iker Eizagirre “Xufi” (gitarra elektrikoa), Rafa Rodrigo (gitarra akustikoa) eta Iban Clemente (baxua). Aitor Errazkin, Urko Casado, Iñigo Ugarte, Abel Zabala eta Adrian Arruti izan dira kantuan. Eguraldia eta entzuleak bidelagun, iluntze bikaina izan da eta horren adierazle, ondoko argazki bilduma.

“Motxilako petatxuak josten”. Manu Goiogana Bengoetxearen bertsoak, Iruneron.

MOTXILAKO PETATXUAK JOSTEN

Doinua: Langile baten semea naiz ni
Egilea: Manu Goiogana Bengoetxea

1)
Bi euskaldunen semea naiz ni
ni ere euskaldun,
nahiko nukeena aldiro nire
lehen hizkuntzan jardun.
Traba ugari daudela
nahiz eta dugun ezagun
bada garaia gure motxila
arindu dezagun.

2)
Erabileraz egin ondoren
aski analisi
salbatzaile on gisa mugitu
ginen bizi-bizi;
egin ginen Belarriprest,
egin ginen Ahobizi:
ardurak beti norbanakoon
gainera lehenbizi.

3)
Euskara ito egin daiteke,
ez da agortuko,
erabilerak, beraz, kalterik
ez digu sortuko.
Nahiz eta denok Hitzekin
beharra dugun aitortuko
ogia euskaraz erosiz soilik
ez da deus lortuko.

4)
Erakundeek jarraitzen dute
egiten entzungor
hartu beharrean behar diren beste
neurri eraginkor.
Arduradunen postuek
nola ardura duten zor
ni adibide batzuk bertsotan
salatzera nator.

5)
Diru-laguntzak dira hedabide
askoren sostengu
baina Lakuan erdarazkoak
dira nabarmendu.
Hor erabaki behar da,
nori eman, nori kendu, …
letrez ulertu nahi ez duenak
zifrez ulertzen du.

6)
Zifrekin segiz, Laudion hara
nolako ranking-a,
elebakarrek hizkuntza zailak
sailkatuz egina.
Ikasten egingo zuen
sekulako ahalegina
toga daraman hark arrazoiak
bilatzen adina.

7)
Ez dago jarri beharrik, ordea,
kanpora begira
Irunen ere udaltzainekin
zenbat tirabira!
Behingoz lortzean lege bat
eskubideen neurrira
epaitegiak tentakuluak
bilakatzen dira.

8)
Nonbait ez da hain derrigorrezko
Irunen euskara,
erabilera baxua baita
dioten erara;
etengabe doa behera
hamarkadaz hamarkada
eta Udala horren konplize
nabarmenena da.

9)
Nik segiko dut ogia beti
euskaraz erosten,
euskararekin eta euskaraz
pizten eta pozten,
baina noiz arte ariko
gara petatxuak josten
arduradunek ez dutelako
besterik adosten?
baina noiz arte ariko
gara petatxuak josten,
erabakiak hartu beharrean
ogia erosten?

Iturria: https://irunero.eus/motxilako-petatxuak-josten/

Iban Clementek, Iker Eizagirre “Xufik”, Beñat Elosegik eta Rafa Rodrigok lagundu dute musikaz Manu. Jarraian entzungai:

Hemen jaitsi dezakezu

Post Navigation