Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Korrika”

Korrika egunean Bertso-saio musikatua [2022-04-09]

Kaixo, bertsozale:

Pasa den astean iragarri bezala, Korrika Irundik pasa den eguna girotzeko egitarau luzea antolatu dute Bidasoko Aek euskaltegiak eta Zizta[KA]k. Tartean, Bertso-saio musikatua. Egoitz Zelaiaren zuzendaritzapean aritu dira musikan, Maddi Sanz (harpa), Beñat Elosegi (mandolina), Iker Eizagirre “Xufi” (gitarra elektrikoa), Rafa Rodrigo (gitarra akustikoa) eta Iban Clemente (baxua). Aitor Errazkin, Urko Casado, Iñigo Ugarte, Abel Zabala eta Adrian Arruti izan dira kantuan. Eguraldia eta entzuleak bidelagun, iluntze bikaina izan da eta horren adierazle, ondoko argazki bilduma.

Korrika heldu da eta harekin egitarau kulturala [2022-04-09]

Kaixo, bertsozale:

2022ko Korrika heldu da bailarara eta, harekin batera, herriz herriko egitarau kulturalak. Larunbatetik iganderako gauean pasako da Irundik, eta, herria girotzeko, Aek-ren egitarau mardula izango da larunbatean, besteak beste, Zizta[KA]k antolatutako Bertso-saio musikatua.

Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko eta herriko zenbait musikariren arteko elkarlanaren ondorioa da Bertso-saio musikatua. Estrainekoz arituko gara Moskun, larunbatean, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, errimez beteriko pentagramak eta hariz lagundutako bertsoak zabaltzen.

Animatu zaitez!

21. Korrika Kulturala Hondarribian [Kronika]

21. Korrikak Hondarribitik igaro behar zuela eta, bertako Gazte Xaiako kideek egun osoko egitaraua antolatu zuten apirilak 6, larunbatean. Egitarau horren baitan aritu ziren bazkalostean Adrian Arruti, irundarra, Iraitz Mateo oiartzuarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra bertsotan. Giro onean, umorerik falta ez zuen saioa burutu zuen hirukoteak. Jende bailara bildu zen Kasino Zaharreko belardian egunaz gozatzeko asmotan, baita lortu ere!

 

21. Korrika Kulturala Hondarribian [2019-04-06]

21. Korrikak Hondarribitik igaro behar duela eta, bertako Gazte Xaiako kideek egun osoko egitaraua antolatu dute Apirilaren 6, larunbaterako. Egitarau zabal horren barruan, bazkalosteko bertso saio bat antolatu dute. Arratsaldeko 16:00etatik goiti burutuko den saioan jardutekoak dira Iraitz Mateo oiartzuarra eta Txingudiko bertso eskolako kide diren Adrian Arruti irundarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra. Eguneko ekitaldi garrantzitsuenak Kasino Zaharrean burutuko dira, baita bertso saioa ere.

 

Txingudi Ikastolako bertso tailerrekoen “Korrika Txiki”ko bertsoak

Korrikaren aldeko bertso-afaria ederki asko joan zen

Joan den martxoaren 14ean bertso-afaria antolatu genuen, Korrika 19 zela eta, Irungo AEKrekin eta Bidasoako EKTrekin elkarlanean. Bikain afaldu genuen bertara bildutako 60 lagun inguruk, sukaldari eta zerbitzari boluntarioen lanari esker. Afalondoan, omenaldia eskaini zien Irungo AEKk Brasil gozodendako Koldo eta Xoleri, erretiroa hartu berritan, urtetan egindako lana eskertzeko. Lore sorta, Ainara Maiaren olerkia, Egoitz Zelaiaren bertsoak eta bertaratutako guztion txaloak eta esker ona etxeratu zituen bikoteak. Ondoren, bertso saio ederraz gozatzeko parada izan genuen Iñigo Ugarte, Egoitz Zelaia, Gotzon Aizpiolea eta Abel Zabalaren bertsoei esker.

Hona larunbatean bildutako hainbat irudi:

This slideshow requires JavaScript.

Harri batez bi txori (KORRIKA badator!!!)

Santa Ageda bezpera ia oharkabean pasa da Talaiako Bertso Eskolan. Bezperan bertso eskolarik izan ez genuenez, biharamunean kunplitu dugu ohiturarekin, baita modu originalean kunplitu ere!

Post Navigation