Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “abendua, 2019”

2019a oparo joan da

Oparo joan zaigu 2019a. Antolatu ditugu bertso-saioak, proiektu berriak sortu ditugu eta lehendik zetozenei ere erantzun diegu. Arrazoi bategatik ala besteagatik erantzun ezinean geratu garen ekimenetako antolatzaileei, barkamenak; zuek plazer baduzue, etorkizuneko erronka moduan hartuko dugu zuen beharrei ere merezi neurriko erantzuna ematea.

>> Kabigorriko bertso gauak: 6. ikasturteari errematea jo genion urtarriletik ekainera bitarte. Eta 7. ikasturteari ekin diogu: 57. saioa izan zen abenduaren 12an antolatutakoa.

This slideshow requires JavaScript.

>> Eskualdeko eragileekin elkarlanean

>> Bertso jarriak: Irunero hamabostekariarekin elkarlana (3. ikasturtez jarraian), Oarsoalde-Bidasoaldeko Hitzarekin elkarlana (lehendabiziko ikasturtea elkarlanean), eta beste hainbat hainbat lehiaketa eta elkarlan.

>> Kantaldiak-ondarearen lanketa

>> Bertso Mendariak

>> Txingudiko Bertso Eskola

>> Kabitik irratsaioa, Antxeta Irratian (2. ikasturtea)

>> Txingudiko bertso eskolako eta Irunabarreko kideak han-hemengo txapelketetan

This slideshow requires JavaScript.

 

Amaitzeko, eskualdeko hainbat eragilek antolatutako bertso-saioen berri eman dugu: Bertsokantauri, Ikasle Abertzaleak, Itsa-Lur Elkartea, Blagan, …

2020a iazkoa bezain oparoa izango delakoan, eskerrik asko eta urte berri on, guztioi.

Gabon gau egunean bertso poteoa presoen alde [2019/12/24]

Kaixo, bertsozale:

Gabonak bete betean harrapatu gaituen honetan, gabon gau egunean Hondarribian izan zen bertso poteoaren kronika eta argazkiak helarazi nahi dizkizugu.

Hondarribiako Sustengu Taldeak bertso poteoa antolatu zuen bertako kaleetan barna. Bertan aritu ziren kantuan Txingudiko bertso eskoletako kide diren Irati Alcantarilla urruñarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra.

Eguzkia bidelagun, bertso eta giro ederraz gozatzeko parada izan genuen bertaratu ginenak, eta bide batez, familia eta lagunekin biltzeko garai esanguratsu hauetan, hemen ez daudenak gogora ekartzeko ere balio izan zuen.

Irunabarretik eskerrak eman nahi dizkiogu Hondarribiko Sustengu Taldeari gurekin pentsatzeagatik.

Irunerorekin elkarlanean, hirugarren urtez jarraian.

Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneak eta Irunerok lankidetza hitzartu zuten joan den uda hasieran, hirugarren urtez jarraian. Hilean behin argitaratuko du Irunerok eskualdeko bertsolariren baten bertso-sorta bat. Irunabarreko eragileak arduratuko dira, urtero bezala, bertsolarien konpromisoa lortzeaz. Dena ongi bidean, 9 bertso-sorta berri utziko dizkigu, beraz, 2019-2020 ikasturteak, urritik ekainera bitarte.

Dagoeneko hiru bertsolariren bertso-sortak argitaratu ditu Irunerok, paperean zein bertsio digitalean: Igauri Lopetegi Amostegiren “Siberia Gazteiz”, Abel Zabala Elizazuren “2019ko udako errepasoa” eta Aitor Errazkin Vicenteren “Bertso berriak, inposizioei jarriak”.

Kabitik irratsaioa Antxeta Irratian

Kaixo, bertsozale:

Gotzon Aizpiolea eta Beñat Elosegi Kabitik irratsaioa emititzeari ekin zioten iaz, Antxeta Irratiarekin elkarlanean. Hamabi saio burutu dituzte dagoeneko, eta gehiago ere izango dira, ziur, aurrerantzean.

Hilaren laugarren astean argitaratzen dira saioak: astelehenetan, 13:00ean, Antxeta Irratian; eta 19:00etan, Euskal Irratietan. Orduan aditzeko aukerarik ez duenak, asteartetan izaten du bigarren aukera, 16:00etatik aurrera. Gainera, Antxeta Irratiaren webgunean ere eskegita daude orain arteko saio guztiak. Esker mila egiten ari zareten lanagatik, Beñat, Gotzon eta Antxeta Irratiko lagunak!

Egoitz Zelaia Zapirain Anaiak Bertso-paper sariketan saridun! [2019-12-20]

Kaixo, bertsozale:

Xenpelar Bertso eskolak aurten antolatutako Zapirain Anaiak Bertso-paper lehiaketan, Irunabarreko Egoitz Zelaia hendaiarrak bigarren saria irabazi du Ileak dantzan sortarekin. Lehen postua Aitor Albistur oreretarrarentzat izan da.

2018an ere bigarren postua erdietsi zuen Zelaiak sariketa honetan, eta orduan ere, lehen postua Albisturrentzat izan zen.

Zorionak, beraz, Egoitzi!

 

ILEAK DANTZAN
Egoitz Zelaia

“Beste bateko iñularretan”
10eko handira moldatua

1.
Aitortzekoak aitortzekotan
nik ere zure gisara
jenio bila hiru alditan
igurtzi nuen lanpara.
Belarik gabe haizeen aurka
puntu kardinaletara
joateko mapa egin genuen,
zehatzegi, behar bada,
nora iritsi bagenekien,
baina galdu egin gara.

2.
Agian zure nekeagatik
gure zaldien montura
bizkar gainetik bultzatu eta
askatu dugu zorura.
Konturatu naiz iritsi ahala
erretirako ordura
irri handi bat, malko txiki bat
bihurtu ohi den modura
itsasertzean gazi bihurtzen
dela errekako ura.

3.
Sekula izan banintzen satsu,
eta pertsona bakarti,
maiz begiratu izan ziona
bizitzari mesfidati
zurekin berriz lotu nintzaion
irudipen berri bati.
Irudikatu genuen baina
marinel batek badaki
paperarekin ezin direla
itsasontziak eraiki.

4.
Enkailaturik dauden arimek
gainezkatzen dute kaia
esan zituzten gezur gainean
eraiki dute talaia.
Behin heldu dela eraiste lanak
hasi ditugun garaia
berriro ere aurkitua dut
izan nintzen pertsonaia
errauts artean bilatzen zure
saihetseko tatuaia.

5.
Tristura edo zoriontasun
malko batek, dena dela,
esango nuke ezpain ertzean
zapore bera duela.
Punta batetik beste puntara
uste dut ari garela
gure buruei su eman nahian
pospolo bati bezela
ohartu gabe erre gabeko
punta bat gelditzen dela.

6.
Haizeen aurka ileak dantzan
dabiltzan une berean
murtxikatzeko ilusiorik
ez dut nire platerean.
Arpoirik ez dut estekatuko
behin galdutako zerean.
Urak lausotzen duen heinean
idatzia paperean
nola segitu biak batera
eta bakoitzak berean?

7.
Ortzi mugara begira jarri
naizen enegarrenean
barka nazazu berriro jarri
baldin banaiz txarrenean
maiz itsasoa arnasten dugu
olatu zakarrenean.
Izan ginena oroit ezazu
mareak dakarrenean
mezu bat hustu dugun botila
bakoitzaren barrenean.

8.
Gure banderak galdu baditu
tibiak, zein kaskezurra,
orain aingura jasotzea da
geratzen zaidan apurra.
Odisea bat pasatu eta
gaindituko dut beldurra,
intxaur oskola itsasontzitzat
bistaratuko dut lurra…
Bakoitzak bere egia dauka
bakoitzak bere gezurra.

 

Kabigorriko abenduko bertso gaua [2019-12-12]

Kaixo, bertsozale:
Urte amaiera gerturatzen ari den honetan, badator abenduko Kabigorriko bertso gaua ere. Oraingo honetan, ordea, hilabeteko lehen ostegunean izan ordez bigarrenean izango da: abenduaren 12an, 19:30ean.
Bertan ariko dira kantuan Iker Altuna hendaiarraOdei Barroso urruñarra, Eli Pagola ereñotzuarra eta Julen Zelaieta beratarra. Saioaren gidaritza Adrian Arruti irundarrak eramango du. Hilero legez, saioaren aurretik bertso jarriak izango ditugu, honakoan Egoitz Zelaia hendaiarraren eskutik.
Gogoan izan Kabigorrik afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela.
Bertan elkar ikusiko dugulakoan,
Anima zaitezte!

Euskararen egunean Plaiaundi Institutuan eta Txingudi Ikastolan izan ginen kantuan

Euskararen eguna aitzakiatzat hartuta, azken urteetan eskualdeko ikastetxeetan saioak egin izan ditugu, eta hala izan da aurten ere.

Txingudi Ikastolako urteroko bertso saioan izan ziren Aitor Errazkin irundarra eta Izarne Zelaia donostiarra. Bestalde, Plaiaundi Institutuan Adrian Arruti eta Iñigo Ugarte irundarrak aritu ziren.

Jarraian, egunak utzitako hainbat irudi:

This slideshow requires JavaScript.

 

 

“Bertso berriak, inposizioei jarriak”, Iruneron. Aitor Errazkin Vicenteren bertsoak.

BERTSO BERRIAK, INPOSIZIOEI JARRIAK

Doinua: “Komeni zaigun ixtoria bat”
Egilea: Aitor Errazkin Vicente

1)
Euskal Herrian barrena mezu
gaitza hedatzen ari da
euskararen “ez-dakit-nolako”
inposatzeen harira
gezurrik esan ote liteke
begietara begira?
Kontuz, askotan esanez gero
sinetsi egiten dira.

2)
Bi estaturen mendean gaude
gauzak garbi esatera
derrigortuak gaztelania
ta frantsesa jakitera
inork al du bi horiek baztertu
ta saihesteko aukera?
Inposatu zer egiten zaigun,
hortik kontuak atera!

3)
Eta hargatik aldarrikatzen,
sustatzen dugu euskara:
debekatua, ofizialtasun
kontuan dena eza da.
Nafarroa zein iparraldera
so jartzen baldin bagara,
inposatzen den hizkuntza baten
itxurarik al dauka ba?

4)
Aurrerakoiak izan gintezke
atzerakoien fedean?
“Ezin da gogoz kontra ipini
inor hizkuntzen mendean!”
Euskaldunari, ordea, mihia
moztu ohi zaio gurean
erdaldunaren “askatasuna”
hasten den une berean.

5)
Eta lanpostu publikoena?
Nor ez da izan testigu?
“Mediku ona ala euskalduna?”
Nahita ere ezin isildu…
Dudarik gabe biak zor dira
eta orok merezi du
erren gabiltza gauden herriko
hizkuntza ez badakigu.

6)
Euskara dela eta ez dela,
prest nengoke onartzeko
inposizio bat dagoela
ez dakien bakoitzeko.
Hortik aurrera euskal herritar
guztiok gaude antzeko
denok baitugu gure ardura
herria euskalduntzeko.

7)
Beraz, euskaraz egin besterik
ez da, etxean, azokan…
Ez dakienak esango digu,
moldatu gara askotan!
Hura geratu bedi nabarmen
inortxo geratzekotan
gu ez baikara ezer hizkuntza
hartu ezean ahotan.

8)
Eta egia bada euskara
nahi ez luketela hilik
(bai baita hori ukatzen duen
politikari abilik)
horrelakoen aurrean ezin
geratuko da isilik
“Civismo” hitza jarri zuena
faroletatik zintzilik.

 

Iturria: https://irunero.eus/bertso-berriak-inposizioei-jarriak/

Post Navigation