Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “ekaina, 2018”

Atzo ospatu genuen Irungo Bertso Eskolen VII. Eguna, Ola sagardotegian

Zazpigarren aldiz eman diogu amaiera ikasturteari Bertso Eskolen Egunarekin. Zazpiak Ola sagardotegian ospatu ditugu, eta, beraz, Olako nagusiei eta langileei gure esker ona adierazi beharrean gaude. Eskerrik beroenak ere Auntxa Trikitixa Eskolako kideei, trikitixa doinuekin laguntzeagatik, beste behin ere, eta mila esker baita ere atzokoan kantari jardun ziren lagun guztiei eta, zer esanik ez, bertso eskolako jendea entzun eta animatzera gerturatu zineten guztioi. Egun handia izan zen atzokoa guretzat, eta datorren ikasturteari gogotsu ekiteko indarra bildu genuen.

Manu Goioganaren bertsoak Iruneroren 326. zenbakian

Manu Goiogana Irunabarreko kideak “Desira gose” bertso sorta argitaratu du Irunero aldizkariko 326. zenbakian.

DESIRA GOSE

Doinua: Gaur gurutzatu gara
Egilea: Manu Goiogana Bengoetxea

1)
Bistaratu denean
ilargi zurbila
itxi dut kremailera,
lotu zapatila.
Gosea da desira
baten kiribila
Noan, zitara garaiz
iritsi nadila,
Bihotza asetzeko
menuaren bila

2)
Elkar topatu dugu,
berriro, Izaro,
eta irri bat egin
didazu emaro.
Aske zabiltza, alai,
gustura zeharo,
mahai gaineko ura
baino gardenago
eta nire bihotza
egarriak dago

3)
Lehen galdera “Kaixo,
zelan doa dena?”
elkarrizketa sortu
duen ekimena.
Hitzez hitz sortzen joan
gara ondorena;
ogi puska bat zara,
pertsona onena,
nire etxeko labean
egosiko dena!

4)
Elkarrizketak segi
duenez primeran
ohartzerako gaude
etxeko harreran.
Muxu bat ematean
lehenengo aukeran
gure mingainak ia
joan dira hegan
helize forma duten
makarroien eran.

5)
Gose grina begitik
ahoratzen bada
nola jan gura beste
baina zerbait laga?
Berriz ere hasi da
zimurtzen izara!
entsaladan dauden bi
urazen gisara
gu ere hostoz hosto
biluztuko gara!!

6)
Begiak distiratsu,
masailak melenga;
mingainak plazererantz
aurkitu du xenda.
Erantzi dugunean
gure azken prenda
zure_haragi xamurrez
ase nahi nuen ba
ahoan urtu ordez
ahoa urtzen da.

7)
Sagar eta udare
puskak ditugula
marrubi zaporea
nola disimula,
mazedonia goxo
batetzat formula.
Bion belarritara
“mmm” azken xuxurla
esanaz jandakoa
gustatu zaigula!!

8)
Desioa zegoen
maitasunaren zain,
pasiotik jan dugu
irriz hasteko lain.
Lasaitutako gorputz,
mindutako ezpain,
bihotza asetzean
gure goseaz gain
digestioa egin
behar dugu orain.

Ekainaren 9an izango da XXX. Eskolarteko finala

Ekainaren 9an izango da XXX. Euskal Herriko Eskolarteko finala, Sarako trinketean, goizeko 11:00etatik aurrera. Zazpi lurraldeetako 13 bertsolari ariko dira kantuan; tartean, Txingudiko Bertso Eskolako Irati Alcantarilla Urdanpilleta urruñarra.

2018ko Mendeluko jaietan kantari

Abel Zabala, Igauri Lopetegi eta Aitor Errazkin aritu ziren kantari Mendeluko jaietan, maiatzaren 19an, eguerdi partean. Bigarren urtea da Txingudiko Bertso Eskolako kideek bertan kantatzen dutena, Mendeluko jai batzordeko kideekin abiatutako elkarlana dela eta.

This slideshow requires JavaScript.

Manu Goiogana irabazle Julene Azpeitia sariketan

Manu Goiogana

Durangoko Julene Azpeitia sariketan Lehen saria jaso du Manu Goiogana irundarrak, bertso-paperen sailean, 18 urtetik gorako mailan. “Ar(i)magabeko konplizeei” da Manuren sorta irabazlearen izenburua.

Post Navigation