Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Eleuterio Jauregi “Makalo””

“Banoa”. Iker Altuna Albisuren bertsoak, Iruneron.

BANOA

Egilea: Iker Altuna Albisu

Doinua: Arratsalde on ta aupa zuek

Hemen jaitsi dezakezu

1)
Atzean utzi neure herria,
iturri eta mezkita,
eta Bilbora etorri nintzen,
dena izan da epika. (bis)
Orduz geroztik zenbat borroka
eta zenbat kalapita!
Zentro batera ekarri naute,
denak ditut ausikika.
Ihes egingo dut, tita!
Igual gehiago sufrituko dut,
baina neuk erabakita. (bis)

2)
Lagun guztiei aipatu diet,
dira planaren lekuko;
ordea planto egin didate,
ez baitira ausartuko. (bis)
Kartzela puta hau utziko dut
gaua iritsi orduko,
izarrak eta iluntasuna
izango ditut gertuko.
Ez diot egingo uko!
Poliziari deituta ere,
ez naute harrapatuko. (bis)

3)
Dirudienez deitu dituzte,
eta ehizara atera;
ederki asko betetzen dute
eskatzen zaien papera. (bis)
Indar betean alde egin dut
korrika sasi artera.
Haien arnasa senti dezaket
neurearekin batera.
Eskuak ditut artega,
baina alferrik galdu dute ni
atxilotzeko aukera.

4)
Geroztik modu horretan nabil,
eskapo eta eskapo;
emoziorik bizi honetan
ez zait sekula faltako! (bis)
Nolanahi ere, emaitza ez da
guztiz neure kalterako;
itsas hondoan egon nintekeen
gaur, esate baterako.
Bizitza, esan beharko:
eskerrik asko berriz aukera
bat eman didazulako! (bis)

5)
Jateko zerbait harrapatzeko
ibiltzen naiz ezinean,
supermerkatu atzealdeetan
askotan ahaleginean. (bis)
Gau hotzak ere luzeak dira
kartoi soil baten gainean;
horietara ere ohitu naiz,
aurrera noan heinean.
Itxaropena soinean;
inortxo gabe, ezertxo gabe,
baina libre azkenean. (bis)

6)
Zoritxarrean ezagutu dut
hainbeste jende soraio:
mafioso, apaiz, irakasle txar,
munipa eta zipaio. (bis)
Nire bidea oztopatzeko
egin dute hainbat saio,
baina finean neu naizenari
beti lotuko natzaio.
Esaten dizuet, aio!
Zuen menera bizirauteko
ez nintzen mundura jaio. (bis)

Iturria: https://irunero.eus/banoa/

Jarraian bertso-sorta entzungai Makalok musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

Ikasturte honetan ere bailarako hedabideekin elkarlanean ariko gara

Irunabarren helburuetako bat bertsoa inguruko hainbat txokotara helaraztea ere badenez, badira zenbait ikasturte bailarako hedabideekin elkarlanean ari garela.

Hasi berri dugun 2021/22 hau hirugarren ikasturtea dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Irailean hasi eta ekaina bitarte, hilero, eta hilabeteko azken ostiraletan, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek bertso-jarriak argitaratuko ditu aipatutako aldizkariko papereko edizioan, eta egun gutxi batzuk igaro ondoren, eskuragarri izango duzue argitalpen hori bera baita bertsio digitalean ere. Nola ez, Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu bertso horiek guztiak.

Irunero aldizkariarekin hasitako elkarlana oraindik lehenagokoa da. 5. ikasturtez jarraian, Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso jarriek argia ikusiko dute hilero. Iruneroren kasuan, hilabeteko lehen aldizkarian argitaratuko da elkarlanaren emaitza, eta kasu honetan ere paperezko edizioan zein bertsio digitalean egongo da ikusgai. Ikasturtea urria hasieran hasi eta ekainean amaituko da, eta Iruneroko sorta guztiak ere Irunabarren webgunera ekarriko ditugu.

Horretaz gain, osagarri modura, idatzitako sorta hauek musikatzen direnean ere eskuragarri izango dituzue webguneko argitalpenetan zein Ivoox-eko gure kanalean (harpidetu zaitezte!). Orain arte Makalo eta Maddi Sanzek musikatutakoak ipini dizkizuegu, baina beste inor animatuko balitz ere plazer handiz jasoko genituzke zuek musikatu eta kantatutako bertso-sortak irunabar@gmail.com helbidean.

Hona hemen pasa den ikasturtean argitaratu eta musikatutako bertso-sorta pare bat:

  • “Irungo Harrera Sarea”, Abel Zabala Elizazuk 2021eko apirilean Iruneron argitaratu eta Makalok musikatutako bertso-sorta:
Jaitsi audioa

  • “Agurrari koplak”, Maddi Sanz Sanchezek 2021eko apirilean Bidasoko Hitzan argitaratu eta Maddik berak musikatutako bertso-sorta:
Jaitsi audioa

Bertso berriak, ikasturte amaierari jarriak [2021-06-18]

Kaixo, bertsozale:

Konturatu orduko bukatu da ikasturtea eta, zailtasunak zailtasun, aurtengoa ere primerakoa izan da.

Txingudiko Bertso-Eskoletako Bertso-Tailerreko kideak, bertso sorta kolektiboa ondu dute ikasturteari amaiera emateko. Ikasturtean zehar pasatako hainbat efemeride hartuta, ideia landu eta sorta osatzerainoko esperientzia izan da. Gainera, Eleuterio Jauregi Makaloren ahots eta gitarraz lagunduta ikus-entzunezkoa egin dute.

Jarraian, transkripzioa eta youtubeko lotura.

Gozatu eta uda ona pasa!

BERTSO BERRIAK, IKASTURTE AMAIERARI JARRIAK

Doinua: Antton eta Maria i

1

Asian nola dagon

Mesopotamia

Bidasoan daukagu

guk akademia.

Ez eskola, ez tailer;

Bertsokodemia.

Hitzetan umorea

bota legamia

Bertso-Tailerrak dakar

hona pandemia.

2

Teknologia berri

komiki, fanzine

asko ikasi dugu:

argazki ta zine.

Denbora esan baino

orain esan time

azkar egina baino

hobeto Azkaine

Orain galdetzen dugu

Bilduko online?

3

Tailerrak urte luzez

Aitor zuen buru

baina ihes betean

harrapatu dugu.

Oiartzunek besoak

zabalik hartu du.

Gerra Kontseilua fin

prestatu dizugu

Baina lasai, oraindik

guk maite zaitugu!

4

Birus zital gaiztoak

egin digu kalte:

guri jake, guk hari

berriz jake mate.

Txertoekin gabiltza

ziztatuz jo ta ke

Moderna dauzkate…

AstraZeneca, Pfizer,

Eta zuek, lagunak,

Txertan zabiltzate?

5

Aurten deskubrimendu

onena onetan

Makalo da, nola ez?

Diogu benetan.

Bertso sorta musikaz

jantzi duenetan,

hau bera adibide

adibideetan,

kolorea jarri du

urte gris honetan!

6

Amorruen jopuntu

Garrido zein Macron.

Koldar hutsak zarete

ez zuzen, ez gizon.

Euskararekin gogor,

erdararekin bon.

Udaltzainekin dugu

hainbat ideia on

kasu: erabil bezate

Google Translation!

7

Urte bat daramagu

zailtasunak jota,

euskara zein kultura

datoz ate joka,

musukoa, forumna

ezin kendu bota,

birusak ez bai daki

toka eta noka,

saretzeak arindu

dezake borroka.

8

Telematikoz nola

telepati lana,

etxez etxe arnastuz

gure harremana,

eta bizirik gaude

gatoz zuengana,

Irunabar bertsoz blai

ta sorta andana,

Bertso-Tailerretikan

besarkada bana.

Kabigorriko urtarrileko bertso-gaua [2020-01-09]

Kaixo, bertsozale:

Urte berria hasi da eta Kabigorriko aurtengo lehen bertso gaua ere badator. Gabonak tarteko, hileko bigarren ostegunean izango da saioa, urtarrileren 9an hain zuzen. Betiko moduan, 19:30ean.

Bertan ariko dira kantuan Adrian Arruti irundarraHaritz Casabal antxotarra, Nerea Elustondo legazpiarra eta Nerea Ibarzabal markinarra. Saioaren gidaritza Iker Altuna hendaiarrak eramango du. Hilero legez, saioaren aurretik bertso jarriak izango ditugu, honakoan Eleuterio Jauregi “Makalo” zaldibiar hendaiartuaren eskutik.

Gogoan izan Kabigorrik afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan,
Anima zaitezte!

Post Navigation