Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “apirila, 2018”

Maiatzaren 3an, Kabigorriko bertso gaua

Urko Casado astigartarra (Txingudiko bertso eskolako kidea), Amaia Agirre billabonatarra, Eli Pagola hernaniarra eta Ainhoa Agirreazaldegi elgetarra ariko dira kantuan maiatzaren 3ko bertso gauean. Aitor Errazkin irundarrak egingo ditu gai-jartzaile lanak. Bat-bateko saioaren aurreko bertsoak Eneko Sanchez Txingudiko bertso eskolako kideak jarriak izango dira. Dena ongi bidean, arratsaldeko 19:30etan emango diogu hasiera saioari, betiko legez.

Gogoan izan Kabigorrik saio ondotik afaltzen geratzeko aukera paregabea eskaintzen duela.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan,

Izan bizkor eta ostegunera arte!

Uxue Larrukert irundarraren “Alaineri” bertso sorta, Iruneron

Irunero hamabostekariaren 324. zenbakian argitaratu dute Uxue Larrukert irundarraren “Alaineri” bertso sorta.

ALAINERI
 
 
1)
Orain hilabete batzuk
joan zinen Diriambara
Bertako elkarte baten
grabaketa lanetara
Argazkitan harrapatuz
gizartearen islada
Gordina edo alaia
kliskada eta kliskada
Batenbat heltzen zitzaigun
zure “egun on” gisara
Hau ere jaso genuen
errazegi beharbada:
“Daniel Ortegaren aurka
Nikaragua altxa da.”
 
2)
“Ezin dut dena kontatu
baina oso da krudela”
“Tankeak herrian eta
kale-borroka itzela”
hilketa kopuru hotza
ta odol usain epela
“Manifa batera noa,
ta ondo nabil bestela”
“Jakin Managuan kaleak
trintxerak ziruditela
AK-47z
tirokatzen gintuztela”
Ta wifiak berriz ihes
bala artetik bezela…
 
3)
Nicaragua sandinista
Muguruzaren ahotik
Zenbatetan ez al dugu
kantatu biok gogotik
Ta orain dena ezberdin
zu han bertan zaudenetik
Ze errez ikusten dugun
iraultza gure sofatik
Morboa eta izua
biak batera datozkit
Baina pribilegiodun
lasaitasun bat daukat nik
Haiek baino ziurrago
zaudela ongi baitakit
 
4)
“Azken egunotan asko
okertu da egoera
Agian itzuli beharko
genuke laster etxera”
Azkar bukatuko al da?
zein ote da bukaera?
Behin borrokan sartu eta
botako al naiz atzera?
Hautu ona zuk zeuk duzu
egon motz edo luzera
Zentzudun, iraultzailea
ta sentibera baitzera
Laster emango dizudan
besarkadaren antzera.
 
 
Alaineri.

Txingudi-Aramaio bertso trukea ospatu genuen Elatzeta Elkartean

Txingudi eta Aramaioko bertso eskoletako harrobietatik elikatutako bi talde jarri ginen buruz buru apirilaren 20an, Katea auzoko Elatzeta Elkartera bildutako 50 lagun ingururi afalosteko bertso-saio bizi eta gustagarria eskaintzeko asmoz. Elkarlan polita gauzatu genuen Elatzeta Elkartea eta Kateako auzo elkarteko kideekin batera. Gainera, afalaurrean auzoko pintxo-potean murgilduta ibili ginen, eta bertso saio biziak eskaini genituen Otazpi, Itzala eta Auzoko tabernetako kanpoaldean.

Hemendik eskerrak luzatu nahi dizkiegu bertso truke honen antolakuntzan bidelagun izan ditugun guztiei: poteo eta afariko entzuleei, sukaldariei, Nerea eta Josebari eta, nola ez, Aramaioko kantu-kideei… Guzti-guztioi mila esker eta nahi duzuenera arte.

Hartu Hitza herri ekimenarekin bat, beste behin ere

Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko eta Txingudiko Bertso Eskolako lau kide aritu ziren apirilaren 21ean Hartu Hitza herri ekimenak antolatutako sinadura bilketan kantari: Xabier Isasi, Andoni Zelaia, Manu Goiogana eta Aitor Errazkin.

Hona sinadura bilketa egun horretarako Xabier Isasik eta Andoni Zelaiak propio ondutako bertso-sortak:

 

BERTSO BERRIAK, ANDONI ZELAIAK 2018ko APIRILAREN 21erako JARRIAK:

1.- Zure ahala sinadurakin

iritsi da atarira

asmo jatorra gailendu bedi,

agertu zure dizdira

elkar lanaren ahaleginean

fruituak helduko dira

gure bidea egin daiteke

ondorengoei begira

 

2.- Zure eskutan dagon arkatzak

orain badu garrantzia

egun batean ez da lortuko

behar da pazientzia

modu isilean egiten dugu

eskubide irrintzia

agintariek jakin dezaten

herritarron iritzia.

 

3.- Euskal Herria nazio duina

Europa aldamenean

herri bezala nola soseguz

eta gure izenean

zenbat bilkura, zenbat harreman

iritsi da azkenean

gure etxea etxeago da

erabaki nahi denean.

 

4.- Erabakia orain da hemen

eta galdera gardenak

buruak dantzan, ideiak ketan

zer eskatzen du barrenak

bakarka nola kolektiboan

iristen diren lorpenak

ongi etorriak izango dira

bakoitzaren ekarpenak.

 

5.- Beraz zutikan jarrita dago

askatasunan bandera

behatz puntekin ukitzen dugu

pizkundearen sorrera

errespetua dugu aurrena

denok eskubide bera

erantzuna da bakoitzarena

denona, berriz, galdera.

 

6.- Txikitasunak handitzen duen

elkarlana herrigintza

garenak gara, garen bezala

ta ikuspegi anitza

sendian nola, auzoan berdin

ingurukoekin mintza

azaroaren hemezortzian

irundarrena da hitza.

 

 

 

 

 

HARTU HITZA IRUNEN

Egilea: Xabier Isasi
(Doinua: Intsumiso egin naiz.)

1
Kalera atera gara
sinadura bila
Moskun eta Anakan
bildu dugu pila
Gehiago nahi dugu ta
jo deia-ezkila
zurearekin baietz
lortu hiru mila

2
Bertan bizi garela
edonork badaki
Irabaziko dugu
lubakiz lubaki
Galtzak urratuz gero
jarri adabaki
Bertan bizi nahi dugu
bertan erabaki

3
Irunen hartu hitza
bete enparantza
erabaki nahi dugu
gure gobernantza
mesfidantza baztertu
gora esperantza!
Libre izango gara
ez izan zalantza

4
Sinadurak biltzeko
piztu dugu lehia
Herriak bizi nahi du
bere epopeia
norberaren asmoa
nork bere ideia
Herriak egin beza
bozkarako deia

6
Demokrazian beti
herria da lehena
guretzat nahi duguna
erabakimena
Irunen jarria da
egun handiena
azaroak dadukan
hamazortzigarrena

6
Irunek jasan zuen
eraso bortitza
faxistek bota nahian
Gernikan haritza
gero jarri ziguten
muga gaindigaitza
muga bakarra bedi
herriaren hitza

7
Independentzia da
batzuen gurari
beste batzuek, berriz,
lotu Espainiari
bakoitzak kasu egin
bere asmoari
baina ez egin uko
askatasunari

8
Kalera atera gara
sinadura bila
Moskun eta Anakan
bildu dugu pila
Gehiago nahi dugu ta
jo deia-ezkila
zurearekin baietz
lortu hiru mila.

 

 

 

 

 

 

Irati Alcantarilla zuzenean sailkatu da Bertsulari Gazteen Xapelgoaren finalerako

Gaur, apirilak 10, arratsaldeko 14:30etan jokatu da Iparraldeko Eskolarteko Txapelketako lehen kanporaketa, eta Txingudiko Bertso Eskolan dabilen Irati Alcantarilla gailendu da. Hala, Bertsulari Gazteen Xapelgoaren finalerako txartela zuzenean lortu du Iratik. Zorionak!!!

Jaion 2018: bertso poteoa

Jaion 2018ren egitarauaren barnean, bertso-poteoa antolatu dute aurten, bazkari herrikoia eta gero. Bertan Arkaitz Oiartzabal “Xamoak”, Egoitz Zelaiak eta Igauri Lopetegik kantatuko dute.

Txingudi-Aramaio bertsotruk(e)a (2018-04-20), katea auzoan

Bertsotruk dinamika dela eta, Txingudi eta Aramaioko taldeen arteko bertso trukea antolatu dugu apirilaren 20rako, ostiralarekin. Katea auzoko pintxo-potean emango diogu hasiera saioari, eta Elatzeta elkartean antolatuta dagoen afalostean segida emango, bertso saio formatuan.

Afariaren kostua 12 euroren bueltan izango da. Afaritara eta ondorengo bertso saiora etorri nahi baduzue, deitu edo mezua bidali 685 72 75 39 telefono zenbakira, apirilaren 16a baino lehen, zenbat lagun izango zareten zehaztuz.

Aramaiotik Xabi Igoa, Manex Agirre eta Paula Amilburu ariko dira bertsotan, eta Txinguditik, aldiz, Iñigo Ugarte, Irati Alcantarilla eta Aitor Errazkin. Gaiak jartzen Adrian Arruti irundarra ariko da.

Bertsotruk dinamikak orain bitarte utzi dituen hainbat irudi:

Post Navigation