Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “Iraila, 2020”

Aitor Errazkin Vicentek Irungo AEK euskaltegirako idatzitako bertsoak, Oarso-Bidasoaldeko Hitzan

Aitor Errazkin Vicente irundarrak bertsoak idatzi ditu Irungo AEK euskaltegirako. Bertsoak tamaina handian inprimatu eta hormetan itsatsi dituzte, euskaltegiko harrera-gunetik hasi eta, bi solairutan barrena, liburutegiraino. Euskaltegiko egunerokoarekin zerikusia duten bertsoak dira guztiak, hainbat doinu eta neurritan eginak. Egileak orotara 14 gairekin lotutako bertsoak ondu baditu ere, sail berezi horretako 6 bidali dizkigu guri, bertso jarrien atal honetan argitara ditzagun.

Euskaltegitik kanpoko herritarrek izango dute ikasturtean zehar bertsoak bertatik bertara irakurtzeko aukera, baina izurritearen egoerak ahalbidetzen duen neurrian beharko du, betiere.

1) ONGI ETORRI

Doinua: “Itxaspe aldian egin bazan hau

Jakin ezazu: ez zara sartu
akademia hutsera
hemen euskaraz bizi gara gu
agian zure antzera
baina ikasi nahian bazaude
epe motz edo luzera
ongi etorri euskaldundu nahi
duten guztien etxera.

Hemen erdaraz hitz egiteko
pentsamendutan bazara
aholkutxo bat bihoakizu
aurretik badaezpada
lotsa hizkuntzak praktikatzeko
mundu guztian traba da
egizu lehen hitza euskaraz
eta konponduko gara.

5) EUSKARA DOAN!

Doinua: “Komeni zaigun ixtoria bat

Ikasle askok noski euskara
doan ikasi nahi luke
gu ados gaude, ta hala balitz
askoz nahiago genuke
baina gaur egun beste ondare
klase bat legokiguke
behin debekatzen hasi zirenek
ordaindu izan balute. (biz.)

7.- EUSKALDUN IZATEA

Doinua: “Anton eta Maria

Euskaldun izatea
zer den aroz aro
mudantzan ibili da
beti ahoz aho
euskara “edukitzea”
omen zen lehenago
baina egun behar du
pauso bat harago
erabaki bat da ta
norberagan dago. (biz.)

10) LEHEN HIZKUNTZA(K)

Doinua: “Txikitatikan edukia dut

Ikasitako lehen hizkuntzak
izan bat, bi edo hiru
munduan pausoz pauso ibiltzen
hasteko darabilzkigu.
Haiek sekula ez bazter utzi
nahiz besteenera hurbildu
handiekin ez umildu
ta txikirik ez amildu
aniztasunak bene-benetan
inporta baldin badigu
izan gaitezen askoren jabe
ez bakarraren gatibu. (biz.)

11.- “IRUNEN EZ DAGO NOREKIN EUSKARAZ HITZ EGIN…”

Doinua: “Nire aditzalliak onuntz juntatu”

Erdarak euskararen
gainetik jarri.
Orain, euskara nahi ta
lehen zena sarri
nola ekarri?
Irunen, euskalduna,
ikaragarri!
Baina elkarri
hitzik eman ezean
ezin igarri! (biz.)

13.- “EUSKARA ZAILA DA”

Doinua: “Basatxoritxu mokoluzia

Munduan zazpi mila hizkuntza
bai omen ditugu kasik
batzuek erro bera daukate
badute elkarren antzik
baina ez dago hizkuntza zailik
eta hizkuntza errazik
ikasteko prest dauden hiztunak
eta ez daudenak baizik.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/aitor-errazkin-vicente-aek-euskaltegirako-bertsoak/

Bailarako hedabideekin elkarlanean, beste ikasturte batez

Irunabarren helburuetako bat bertsoa inguruko hainbat txokotara helaraztea ere badenez, badira zenbait ikasturte bailarako hedabideekin elkarlanean ari garela.

Hasi berri dugun 2020/21 hau bigarren ikasturtea dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Irailean hasi eta ekaina bitarte, hilero, eta hilabeteko azken ostiraletan, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek bertso-jarriak argitaratuko ditu aipatutako aldizkariko papereko edizioan, eta egun gutxi batzuk igaro ondoren, eskuragarri izango duzue argitalpen hori bera baita bertsio digitalean ere. Nola ez, Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu bertso horiek guztiak.

Irunero aldizkariarekin hasitako elkarlana oraindik lehenagokoa da. 4. ikasturtez jarraian, Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso jarriek argia ikusiko dute hilero. Iruneroren kasuan, hilabeteko lehen aldizkarian argitaratuko da elkarlanaren emaitza, eta kasu honetan ere paperezko edizioan zein bertsio digitalean egongo da ikusgai. Ikasturtea urria hasieran hasi eta ekainean amaituko da, eta Iruneroko sorta guztiak ere Irunabarren webgunera ekarriko ditugu.

Azkenik, Antxeta Irratitik zabaltzen den “Kabitik” irratsaioa aipatu behar dugu. Beñat Elosegik eta Gotzon Aizpioleak gidatutako irratsaioa da, eta Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan izurritearen aurretik hilero antolatzen genituen bertso-gauen laburpena eskaintzen zuen. 2020-2021 ikasturtean bertso-saio horiek antolatzeko aukerarik baldin badugu, “Kabitik” irratsaioak ere bide egingo du, eta ekarriko ditugu webgunera.

Xilaba martxan, Txingudiko Bertso Eskoletako kideak bertan direla

Kaixo, bertsozale:
2020ko Xilaba Bertsulari Txapelketa iritsi da eta Txingudiko Bertso Eskoletako kideak bertan izango dira.
Gaur, irailak 19, egingo dute lehen saioa eta bertan arituko dira Irati Alcantarilla urruñarra eta Egoitz Zelaia hendaiarra bertsotan. Bestalde, Zuhaitz Olazabal eta Abel Zabala kideak arituko dira epaile lanetan.Saioa Hiriburun izango da arratsaldeko 17:00etan. 


Berri gehiago https://www.bertsozale.eus/eu/xiberoa-lapurdi-baxenabarre/xilaba-2020/albisteak/abian-da-xilaba-2020-bertsulari-txapelketa webgunean.


Zorte on, laukote!!

2020 – 2021 ikasturteko izen ematea zabalik

Kaixo, bertsozale:

Iritsi da iraila eta harekin batera ikasturte berria. Txingudiko bertso-eskolan izena eman nahi baduzu, oraintxe duzu aukera, hastear baita 2020-2021 ikasturtea.

Bistan da martxoaz geroztik gurean zabaldu den izurriteak arazo bailara eragin duela edozein jarduera egin ahal izateko. Hala eta guztiz ere, aurten ere ekingo diogu ikasturteari. Behar bezain beste segurtasun neurrirekin, noski.
Galdera edo zalantzarik baldin baduzu, irunabar@gmail.com posta helbidera idatz dezakezu lasai asko, edo taldeetako arduradunen baten telefono zenbakira hots egin.

TALDEAK:

1.- GAZTETXOEN taldea: (eguna zehaztu gabe dago oraindik), 17:00-18:00; Bidasoko AEK Irungo Euskaltegian. Harremanetarako: (0033) 617 57 33 99 -Irati-.

2.- BAT-BATEAN I taldea: astelehenero, 19:00-21:00, Hendaiako Enbata gaztetxean. Harremanetarako: (0034) 669 36 65 89 -Egoitz-.

3.- BAT-BATEKORAKO HASTAPENAK taldea: (eguna zehaztu gabe dago oraindik), 19:00-21:00; Bidasoako AEK Irungo Euskaltegian. Harremanetarako: (0033) 617 57 33 99 -Irati-.

4.- BAT-BATEAN II taldea: ostegunero, 19:30-21:30; Hondarribiko Jaizubia auzoko auzo-elkartean. Harremanetarako: (0034) 690 06 58 26 -Abel-.

5.- BERTSO TAILERRA: hamabostean behin, 19:00-20:30; Hondarribiko Muara elkartean. Harremanetarako: (0034) 685 72 75 39 -Aitor- / (0034) 638 32 69 70 -Adrian-.

Post Navigation