Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “azaroa, 2017”

Egoitz Zelaiaren bertsoak Irunero aldizkarian

Hilabetero bertso eskolako kideren batek idatziko ditu bertsoak Iruneron, 2017-2018 ikasturtean zehar. Azaroa Egoitz Zelaiaren txanda izan da.

https://irunero.eus/4830-2/

ESPAINIA

Bertsoak: Egoitz Zelaia

Doinua: Kideari (Mikel Urdangarin)

1.

Kuba, Antillak, India,

Puerto Rico, Kanbodia,

Haiti, Ekuador, Burgia,

Jamaika, Oman, Mahdia,

Peru, Panama, Indonesia,

Portugal, Iran, Santa Luzia,

Guatemala, Bolibia,

Tunez, Angola, Timor, Sahara,

Uruguai, Brasil, Txile, Granada,

Puerto Rico, Kolonbia.

2.

Nork ez zituen ikusten

Argentina odolusten,

besteen sakela husten

eta beraiena puzten?

Guinea, Antigua eta Barbuda,

Maroko, Bahamak, Taiwan, Aruba,

erraz jantzi eta biluzten.

Turkiar Irlak eta Kaikos,

Algeria, Tetuan, Tanger, Barbados, …

odolez hartu zituzten.

3.

Mexikok zuen ondare

ia guziaren jabe

egin eta dohakabe

orain ere harro daude.

Venezuela ere hor dago,

edo Trinidad eta Tobago,

Paraguai, Somalian pare.

Euren bandera, eta soldadu,

Espainiak ez du gerrarik galdu

odolik isuri gabe.

4.

Historiak gogoeta

eragiten du tarteka.

Katalunia dela eta,

dela Irak, dela ETA.

Hauen kasuan Espainiako

monologoak ez duelako

egiten elkarrizketa.

Beti antzera amaitzen dugu

inpotentzia-nekez mukuru

eta kaleak beteta.

5.

Nahiz ta batzuk gogor ari

presionatzen aspaldi

hel diezaion hitzari

eusten dio bereari

burua zurrun, eskuak estu.

Lehendik handia den horrek ez du

izan nahi bat eta handi.

Alferrik dira hainbeste saio

maiz itsasoa eskaintzen zaio

urik nahi ez duenari.

6.

Orain predikuz prediku

zapaltzaile izpiritu

haren odol esplizitu

hura nola defenditu?

Hurbilekoak, zein indigenak,

anikilatu zituen denak.

Ez zuen deus deskubritu.

Onartu gabe behin hildakoak,

oraindik ere, egindakoak

ospatu egiten ditu.

7.

Nonbait, behar den unean,

hitza dagokizunean,

neurtzen zara berunean

eta ez begirunean.

Historia maiz dugu testigu

zer garen berak erraten digu

gure argi-ilunean,

eta zuk argi bezain burutsu

maite zaitzagun eskatzen duzu

gorroto gaituzunean.

Bertso saioak antolatu dituzte hainbat eragilek, euskararen eguna dela eta

Bertso-sex afaria izan zen Lakaxitan, 2017ko azaroaren 24an

Azaroko Kabigorriko bertso gaua, hilaren 9an izango da

Hilaren 9an izango da Kabigorriko azaroko bertso-gaua, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, ohitura dugun moduan. Mikel Garmendia irundarrak jarritako bertsoekin emango diogu hasiera saioari, eta segidan izango ditugu bat-bateko bertso lanean murgilduta Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” oiartzuarra, Jokin Bergara eibartarra, Patxi Castillo beratarra eta Aitor Errazkin irundarra. Azaroko saioan hirugarren irundar baten aginduetara arituko dira bertsolariak: Adrian Arrutirenetara, hain zuzen ere, saiorako gaiak prestatzeko eta egunean bertan aurkezle lanak egiteko ardura izango duena.

Gure aldetik besterik ez. Anima zaitezte saioaz gozatzera, eta oroitu Kabigorrik aukera paregabea eskaintzen digula saioa eta gero mokadu bat egitera geratzeko ere.

Ongi izan eta sarri arte.

Hiru saioko bertso-tailerra Hondarribian

Hondarribiko Gazteen zerbitzuak bertso-tailerra antolatu du Irunabarrekin elkarlanean eta Hondarribiko Udalak diruz lagunduta, azaroaren 28, 29 eta 30erako. 18 eta 29 urte bitarteko gazteei bideratuta dago ikastarotxoa, eta Saindua gaztelekuko ganbaran izango da, 17:30etatik 19:30etara. Ikastaroa dohainik izango da, eta izena emateko azaroaren 21a bitarteko tartea izango duzue, Hondarribiko gazteen Zerbitzuan bertan, Jabier Ugarte kaleko 6.enean (643 644 752  |  gib@hondarribia.eus).

Gure partetik, besterik ez. Anima zaitezte gure eskutik eta giro atseginean bertsolaritzan murgilalditxo bat egitera. Etzaizue damutuko. Bide batez, asko eskertuko genizueke zuen lagun eta gertukoen artean kartela zabaltzen lagunduko bazenigute.

 

Post Navigation