Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “apirila, 2021”

“Agurrari koplak”. Maddi Sanz Sanchezen bertsoak, Bidasoko Hitzan.

AGURRARI KOPLAK

Doinua: Oihaneko pagoak blai
Egilea: Maddi Sanz Sanchez

1. Izan daiteke mingarri
hontaz mintzatzea sarri
behin bizi izan dudala eta
nahi diot sorta bat jarri

2. Gu garai txarrak bizitzen
eta zu artean hiltzen
medikuaren deia jasota:
“Ez zaio asko gelditzen”

3. Ospitaleko atari
irribarreen ehiztari
bizi genuen argazki horri
ari natzaio kantari

4. Marra gorri zein ubela
hortxe da itxaron gela
“zainketa, larri eta intentsibo”
ene, zer kartel krudela!

5. Urduritasun dardara
ahizparen besarkada
gela osoa isilik baina
oihuka dabil ikara

6. Erizainari begira
zerrendarekin hasi da
zure izena bota du eta
barrura goaz segida

7. Orratza duzu zainean
ikusi zaitudanean
morfina kutsuz utzi dituzu
zure azken hitzak airean

8. Gogorra isilunea
ahotsa ahulgunea
begiratuta galdetu gabe
elkar zaintzeko unea

9. Ordu erdi bat igaro
ia onartzear nago
nire izena zure ahotik
ez dut entzungo gehiago

10. Badator nerbioen tropa
errai artean borroka
zain dagonaren egonezina
ez diot inori opa

11. Makinak dauka fokua
hau jada ez da patua
gogaitu eta lasaitzen duen
atzerantzako kontua

12. Azken arnasa ahula
biziak bejondeizula
pakean zoaz eta bidaia
ona izan dezazula

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/maddi-sanz-sanchez-agurrari-koplak/

Audioa jaitsi

“Irungo Harrera Sarea”. Abel Zabala Elizazuren bertsoak, Bidasoko Hitzan eta Iruneron.

IRUNGO HARRERA SAREA

Doinua: Kinta jarrita ondorenian
Egilea: Abel Zabala Elizazu

1-Eskualdean bada talde bat
Irungo Harrera Sarea
migranteekin egiten du lan
ederra, paregabea
haiek artatuz haiek lagunduz
haiei goxatuz bidea
bere jarduna plazaratzea
nire sortaren xedea

2-Bi mila eta hemezortziko
udako egun batean
hainbat migrante agertu ziren
RENFE geltokiko atean
egun batzuek pasa zituzten
haiek artatu arte han
ez genekien zenbat gehiago
helduko ziren artean.

3-Geroztik zifrak gora egin du
azkarrago, mantsoago
eta milaka etorri dira
hori begi bistan dago
bi mila eta hogei urtean
bi mila baino gehiago
baina tamalez egoera honek
jarraituko du luzaro.

4-Frantzia edo Alemania
migratearen jomuga
baina zubia zeharkatzea
zer nolako abentura
Hendaialdean harrapatuak
dira gaizkile modura
ta poliziak berriz Iruna
bueltatzea seguru da.

5-Gobernuz kanpo dauden taldeek
jarri zuten interesa
ordezkatzeko agintariek
emandako erantzun eza
ordutik hona bidea noski
ez da izan hain erreza
gure artera heldu den orok
eduki dezan babesa.

6-Hiru taldetan banatzen dute
euren jardueren zama
Gautxorikoak joaten dira
geltokira haiengana
Harrerakoek banatzen dute
informazio andana
eta arropa arduradunek
arropa batzeko lana.

7-Gautxorikoen jarduna noski
kontuan hartu beharko
geltokiraino joaten dira
busa datorrenerako
ahal den azkarren artatu oso
garrantzitsua delako
pasatzaileen eskutan laster
erori daitezkeelako.

8-Harrerakoen taldean ere
bada hainbat jende prestu
noski ederki dakite jakin
pertsona nola babestu
galderarikan inork badauka
ba erantzuna erreztu
eta planorik behar badute
jartzen dute haien esku.

9-Look aldaketak edo itxurak
ez du garrantzi gutxi (e)ta
aldagelara egiten dute
ezinbesteko bisita
eta handikan irteten dira
egokiago jantzita
migrantearen uniformea
alde batera utzita.

10-Bolondres hauen jokabideak
badu nahikoa meritu
debalde ze lan egiten duten
hemen ezin da kabitu
eta norbaitek bere ekintzaz
lagundu nahiko balitu
udaletxeko aurrealdean
hantxe topatuko ditu.

Iturriak: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/irunabar-abel-zabala-elizazu-harrera-sarea/

Audioa jaitsi

Etxez etxeko zaintzaileen eguna [2021-03-30]

Joan den larunbatean, martxoaren 27an, Behe Bidasoko Eskubide Sozialen Kartak elkarretaratzea antolatu zuen San Juan plazan. Bertan, martxoaren 30an etxez etxeko zaintzaileen nazioarteko eguna dela erreferentzia harturik, performancea egin zuten. Pentsiodun baten etxeko egongela irudikatu zuten eta bere bakardadea bistaratu. Ondoren, sektoreak nozitzen dituen gaitzen gaineko irakurketa burutu zuten eta Txingudiko Bertso Eskolako Adrian Arruti eta Maddi Sanz kideek bertso sorta musikatu zuten.
Jarraian bertan bildutako bertsoen transkripzioa eta Gari Garaialde argazkilariak jasotako irudiak:

BERTSO BERRIAK, ETXEZ ETXEKO ZAINTZAILEEI JARRIAK
[Doinua: Gogoan daukat ez du aspaldi]

1
Hasi aurretik etxe zaintzaile
denei agur beroenak
lan egoera zein dela ere
gogor lan egin dutenak.
Gureak egin nahi genituzke
zientoka lagunen penak
sektorekoak diren enpresak
prekario dauzkatenak
baina oraindik gehiago dira
kontratu gabe daudenak!

2
Saldu gisara ez ote zen ba
pagotxaren mundua hau?
Zenbat langile aritzen ote
da ez hitzarmen, ez arau?
Txanpon batzuen truke lanean
izan egun zein izan gau…
Zaurgarri dena zaurgarri zainduz
zazpi bider hogeitalau!
Sostengu gisa sostengu gabe;
injustiziak hor dirau!

3
Gure sistema merkatua da.
Gordina bezain krudela.
Suntsitu behar dugun piztia
ezin da izan bestela.
Ohar gaitezen aurrera pauso
garaia iritsi dela:
etxeko zaintzan, zahar-etxeko
zaintzaileekin bezela,
negozioa egiteari
utzi diezaiotela!

4
Historikoki emakumea
zapaldu dugu sobera
lan merkatura jauzi eginda
makina bat gorabehera.
Lanetik irten etxean lana
eta berriro lanera
gizarteak du zorra zuekin,
eta galanta gainera!
Beste izenik ezin du izan
zor patriarkala deitzen da!

5
Zaintza sistema merkatuaren
jarduerak bahitu du
eta gaur hori salatzea da
hemen gaudenon helburu.
Pausorik pauso, pauso txikika,
pauso motz; pauso seguru
elkar zaintzeko sare publiko
integrala behar dugu!
Guk zaintzaileak zaindu ezean
nork zaindu behar gaitu gu?

Landetxako VI. Bertso Saioa

Aurten ere antolatu dute bertso saioa Landetxako Auzo Elkarteko kideek. Martxoaren 13an izan zen saioa, arratsaldeko 17:00etan. Alaia Martin eta Jon Maia aritu ziren bertsotan, eta Zuhaitz Olazabalek jarri zizkien gaiak.

Saioa zuzenean eskaini zuten internet bidez, eta honako loturan duzue ikusgai: https://youtu.be/J4E-SLgpvZg

Bultza euskara, bultza euskaltegiak ekimena

Joan den martxoaren 28an, AEK-k, Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak, hainbat herritako plazatan biltzera deitu zuen euskal gizartea, euskarari eta euskaltegiei bultzada emateko. Bidasoko AEK-k Irungo San Juan Plazan eta Hondarribiko Kasino Zaharrean biltzeko deialdi bi egin zituen, eta ekitaldi bietan Txingudiko Bertso Eskolako kideak aritu ziren bertsotan: Irungoan, Aitor Errazkin eta Maddi Sanz aritu ziren; Hondarribian, Irati Alcantarilla. Eskualdetik kanpo era aritu zen bertso eskolako kiderik; Egoitz Zelaia hendaiarrak Baionako deialdian hartu zuen parte.

Argazkiak “LAMIA Argazkintza”ko Beñat Larrukertek eginak dira. Bidasoko AEK-k eskerrik beroenak helarazi nahi dizkie, Beñat Larrukert berak bezalaxe, Irun eta Hondarribiko saioak posible egin zituzten guztiei. Mila esker, bihotz bihotzez.

Post Navigation