Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “azaroa, 2020”

“Bizhitza”. Igauri Lopetegi Amostegiren bertsoak, Oarso-Bisoaldeko Hitzan eta Iruneron

Bizhitza
Doinua: Irun badaukazu zerbait
Egilea: Igauri Lopetegi Amostegi

1)
Hauts batetik sortu ginen
hala kontatu didate
Horrelaxe egin omen
ginen munduaren parte
Bertan topatu ditugu
ezin konta disparate
Sagutxo perez, gabonak
dena nork sinets dezake
Gizarte konspiranoiko
baten gezurra konstante
Zoriona da helburu
baina gezurra bitarte
Besteen pentsanenduak
ikusi bagenitzake
Gezurra gizakiaren
beste errai bat litzake

2)
Koxkortzen hasitakoan
agudo gara nerabe
Ai zeinen garai polita
zein itsusia bestalde
Nik hau amaitu berri dut
agian amaitu gabe
Orain gerora begira
atsekabez atsekabe
Nahiz ta lanean ibili
mundu berri baten alde
Guztiok mantentzen gara
kapitalaren mirabe
Hola ez gara izango
geure buruaren jabe
Bizitzaren atarian
amaia ikusten gaude

3)
Gu biziko garen arren
kapitalaren menpeko
Mundura ez ginen sortu
beti triste egoteko
Bilatuz gero bizitza
gauza onez dago lepo
Lasai hau ez dut esaten
dagoena ukatzeko
Baina bizitza ulertzen
hasi naiz dagoeneko
Ezer gutxi daukagunez
dena daukagu lortzeko
Beraz ez gaiten larritu
ez bagabiltza perfekto
Hemendik ehun urtera
ez gaitu inork maiteko

4)
Horregatik ez pentsatu
bizitza denik iluna
Konplikatua da baina
poesiaren jarduna
Egiren bat bota nahian
gezurrari erantzuna
Geroa dugu urruna
ta iragana lurruna
Metafora itzela da
antitesiaren booma
Bizitzak ez du itzultzen
bertan ematen duguna
Beraz gozatu dezagun
gozatu dezakeguna
Finean hiperbole bat
da ta zoriontasuna.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/igauri-lopetegi-amostegi-bizhitza/
Iturria: https://irunero.eus/bizhitza/

2020ko Xilaba Bertsulari Txapelketa etetea erabaki dute

Kaixo, bertsozale:

Xilaba Bertsulari Txapelketan urriaren 17an ekin zioten final herenei. Bertan aritu zen kantuan Txingudiko Bertso-eskolako Irati Alcantarilla, eta zuzenean final erdietan aritzeko txartela eskuratu zuen.

Aste bete beranduago, hilaren 24an, aritu ziren Sohütan Txingudiko Bertso-eskolako beste bi kide; Iker Altuna eta Egoitz Zelaia. Tamalez, Egoitz Zelaiak baino ez zuen matematikoki lortu final erdietan kantatzeko txartela.

Azken final herenaren atarian, izurrite kontu eta etxeratze aginduak direla-eta, Txapelketa etetea erabaki zuen talde antolatzaileak. Txapelketari berrekiteko erabakira arte itxaron beharko dugu, bada. Txapelketa berriro abiatzen denean, final herenetatik aurrera ekingo diote, beraz, berriro ere kantatu beharko dute gure hiru kideek.

Laster arte.

Kabigorriko bertso-gauak bertan behera berriz ere

2020-2021 ikasturteko urriko bertso-gaua aurrera ateratzea lortu bagenuen ere, azarokoa ere bertan behera utzi behar izan dugu, joan den ikasturteko apirileko, maiatzeko eta ekaineko bertso-gauak bezalaxe. Motiboa, COVID-19ak eragindako egoera, bistan da.

Egoerak aukera eman bezain laster saiatuko gara bertso-gauak berriz ere martxan jartzen. Bien bitartean, zaindu eta laster arte.

Post Navigation