Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “otsaila, 2015”

Irungo eskolarteko II. bertso paper lehiaketa

Abian da Irungo eskolarteko II. bertso paper lehiaketa, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak eta Irunabarrek elkarlanean antolatua, eta LHko bigarren eta hirugarren zikloetako eta DBH osoko ikasleei zuzendua.

Bertso sortak egiteko gai edo abiapuntu modura lau irudi eskainiko dizkizuegu aukeran. Beraz, lau irudietatik bat hautatu, eta zuen adinari dagokion bertso kopuruko sorta osatu behar duzue.

LHko ikaslea bazara, bi bertso edo lau kopla gehienez, nahi duzuen doinu eta neurrian.

DBHko ikaslea bazara, hiru bertso edo sei kopla gehienez, nahi duzuen doinu eta neurrian.

Bertso sortak banaka edo taldeka egin eta aurkez ditzakezue.

Azkenik, bertsoak formatu digitalean bidali behar dizkiguzue. Horretarako, propio sortu dugun txantiloia ordenagailura jaitsi, bertsoak bertan idatzi eta irungobertsopaperak@gmail.com helbide elektronikora bidali, artxiboaren izenean izen-abizenak, eskola eta maila adierazita.

Parte hartzaile bakoitzak nahi adina sorta bidal ditzake.

Lanak bidaltzeko epea: Apirilak 17

Talde antolatzailekook jarriko gara sarituekin harremanetan epaimahaiak erabakia hartu ostean, eta blog honetan bertan emango dugu lehiaketako emaitzaren berri, bai eta aurkeztutako lan guztiak ikusgai jarriko ere, iaz egin genuen modu berean. Epaimahaia Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko kide batek, Irunabarreko beste batek eta bertsogintzari lotutako Bidasoaldeko hirugarren batek osatuko dute.

Zorte on guztioi, animatu eta parte hartu!

Otsaileko Kabigorriko bertso gaueko argazki rallya

This slideshow requires JavaScript.

Jaso ditugu otsaileko Kabigorriko bertso gauean deitu genuen argazki rally-ko zenbait argazki. Zureak ez badizkiguzu oraindik bidali, gogoratu, irunabar@gmail.com dela gure posta elektronikoaren helbidea. Zein argazkik merezi du saria? Eman zuen iritzia, kontuan hartuko baitugu. Horretarako, argazkiaren gainean jarrita egilearen izena azaltzen da, behar den bezala, zer demonio! Badakigu horrek ez duela zuen bozkatan eragingo. Izan ere, lehiaketa hau ez; baina zuek jende serioa zaretela badakigu. šŸ™‚

Mila esker guztioi, beste behin ere, Kabigorriko bertso gauak errealitate bihurtzen laguntzeagatik.

Martxoko zitara arte,

Irunabar.

Otsaileko Kabigorriko bertso gaua: 2015-02-05-ean, 19:30etatik aurrera

Gainean dugu, gaurgero, urteko bigarren bertso-zita; Santa Ageda egunez izango da, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, betiko tokian: Irungo PeƱa kaleko Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoan. Bertsolariak Izarne Zelaia egiatarra, Karlos Aizpurua oiartzuarra, BeƱat Gaztelumendi aƱorgatarra eta Odei Barroso urruƱarra izango dira. Gaiak jartzen Aitor Errazkin irundarra ariko da eta, saioari hasiera emateko, Txingudiko bertso eskolako haur eta gazteen bertso jarriak entzuteko parada izango dugu.

Gogoan izan saioa eta gero afaltzen geratzeko aukera ezin hobea eskaintzen duela Kabigorrik: entsaladak, bokatak, hanburgesak … Bertan espero zaituztegu.

Joan den hilabeteko bertso gaueko lagin batzuk, hemen ikusgai.

Txingudiko Bertso Eskolako haur eta gazteak euskarari kantari

Txingudiko bertso eskolan hiru talde ari dira aurten, eta bideo honetan gazteenen taldeko lehen bertso-egitasmoa erakutsi nahi dizuegu. Aurten 15 lagun inguru ari dira gazteen taldean, eta Euskararen Nazioarteko Eguna zela eta, bertso sorta bat jartzea deliberatu genuen. Haurrak bost taldetan banatu, eta hortik aurrerako lan guztiak haurrek beraiek burutu zituzten.

Bertso sorta osatu bitartean, haur batzuek kale egin dute bertso eskolan, etxeko lanak edo eritasunak medio, eta bitarte horretan ere ikasle berriak batu zaizkio taldeari. Gora behera horiek guztiek apur bat mantsotu dute ikasleen lana, baina inolaz ere ez dira txapeldun guzti hauentzako traba izan eta, azkenerako, lortu dute urteko lehen egitasmoa arrakastaz bukatzea. Diogunaren froga, bideo honetan duzue.

Post Navigation