Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “Iraila, 2019”

“Siberia-Gasteiz”. Igauri Lopetegi Amostegiren bertsoak Oarso-Bidasoaldeko Hitzan

Siberia-Gasteiz

Doinua: “Batetikan korrozka”
Egilea: Igauri Lopetegi Amostegi

1.
Batxilerra bukatuz
askoren modura
Behingoz askaturikan
etxeko aingura
Bi pisukiderekin
hura plana, hura!
Guk Siberia-Gasteiz
gendula helmuga
Orduantxe hasi zen
gure abentura.

2.
Hertzainak jarri gendun
ezin ozenago
Ta hara non kontrola
parean, akabo!
Jarri ginen txuriak
baino txuriago
Ongi atera ginen
harrituz zeharo
Baina ni kotxe hortan
ez nator gehiago.

3.
Peugeot txuri zaharrak
bete zuen plana
Baina zulaturikan
gurpila ai ama!
Nahiz ta ezin sinetsi
aldatu izana
Eta askotan eman
sekulako lana
Konparaezina da
kotxe horren xarma.

4.
Gainditu genduela
Kotxe-mekanika
Oilasko bat hartu nun
izena jarrita
Litrona bat izan zen
saltsaren teknika
Ta ai! ze ona zeunden
pentsatzen hasita…
Gogoan zaitugu ta
agur Margarita!

5.
Azkenik, juerga ona
da ostegunena
Baina arazo latza
da ostiralena.
Unibertsitatean
hori bai poema
Jabetu naiz gaindituz
hainbeste problema
Sarri bizitza dela
maisurik onena.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/igauri-lopetegi-amostegi-siberia-gasteiz/

Irunabarren eta HITZAren arteko elkarlana, abian

Hitzarmena abiatu dugu Irunabarrek eta Oarso-Bidasoaldeko Hitzak. Hilero argitaratuko da bertsolariren baten bertso-sortaren bat, beraz, eskualdeko berripaperean, nola formatu fisikoan, hala digitalean. Irunabarren bidez helaraziko zaizkie bertsolarien lanak Hitzakoei; hortaz, koordinaketa lanak egingo ditu Irunabarrek. Bertso-sortetan helarazten diren iritziak bertsolarienak dira; inolaz ere ez Irunabarrenak edo Hitzarenak.

 

Hemen da 2019-2020 ikasturteko lehen Kabigorriko bertso-gaua [2019-10-03]

Kaixo bertsozale.

Hasi dugu, dagoeneko, 2019-2020 ikasturtea eta Kabigorriko bertso-gaua ere hemen da.

Zazpigarren ikasturtea izango da aurtengoa eta ohiko egitura mantenduko dugu aurten ere.

Lehen bertso-gauari urriaren 3an, ostegunean, ekingo diogu 19:30etatik aurrera. Bertsotan arituko dira Aitor Errazkin irundarra, Iñigo Izagirre itziartarra, Maddi Ane Txoperena hendaiarra eta Maindi Murua azkaindarra. Saioa Egoitz Zelaia hendaiarraren gidaritzapean egongo da eta bertso jarrien ardura Abel Zabala irundarrarena izango da.

Gogoan izan Kabigorrik aukera ezin hobea eskaintzen duela behin saioa amaituta afaltzen geratzeko ere.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan, izan ongi!

 

2019-2020 ikasturteko izen ematea zabalik

Txingudiko bertso-eskolan izena eman nahi baduzu, oraintxe duzu aukera, hastear baita 2019-2020 ikasturtea.
Galdera edo zalantzarik baldin baduzu, irunabar@gmail.com posta helbidera idatz dezakezu lasai asko, edo taldeetako arduradunen baten telefono zenbakira hots egin.

TALDEAK:

1.- GAZTETXOEN TALDEA: astelehenero, 17:00-18:00; Bidasoko AEK Irungo Euskaltegian. Harremanetarako: (0034) 669 366 589 -Egoitz-.

2.- BAT-BATEAN I taldea: astelehenero, 19:00-21:00; (bilgunea zehaztu gabe dago oraindik). Harremanetarako: (0034) 669 366 589 -Egoitz-.

3.- BAT-BATEKORAKO HASTAPENAK taldea: asteazkenero, 19:00-21:00; (bilgunea zehaztu gabe dago oraindik). Harremanetarako: (0034) 669 366 589 -Egoitz-.

4.- BAT-BATEAN II taldea: ostegunero, 19:30-21:30; Hondarribiko Jaizubia auzoko auzo-elkartean. Harremanetarako: (0034) 690 06 58 26 -Abel-.

5.- BERTSO TAILERRA: hamabostean behin, 19:00-20:30; Bidasoko AEK Irungo Euskaltegian. Harremanetarako: (0034) 685 72 75 39 -Aitor- / (0034) 638 32 69 70 -Adrian-.

This slideshow requires JavaScript.

Post Navigation