LAGUNAREN HERIOTZA
Egilea: Adrian Arruti Bernadet
Doinua: Hamalau heriotzena I
2026ko apirilaren 1ean Eneko Sanchez Segurola zendu zen. Eneko Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko kide zen eta, Txingudiko bertso-eskoletan egoteaz gainera, eragile izan zen urteetan.
Irunabarren eta bere komunitatearen izenean, besarkada estu eta sentituenak helarazi nahi dizkiegu gertuko kide guztiei eta, bereziki, Ariane, Galder eta Ekairi.
Adrian Arruti Bernadeten bertso-sorta jarraian, Ruper Ordorikaren Bakarka diskoko Lagunaren heriotza kantuan oinarrituta.
1)
Bertsoak idaztea
gogorra zelako
uzteko prest nengoen
eta betirako.
Baina azken berriak
mindu nauelako
idazten ausartu naiz,
aitortu beharko,
lapurra gaur etxean
sartu zaigulako.
2)
Inortxok ere esan
izango ez balit
argirik ez denean
ez dela itzalik
lo egingo nukeen
ohean zabalik.
Lapur zitalak ez du
egin lan makalik!
Ez baitigu lapurtu
ondasun hutsalik.
3)
Garrantzitsuagoa
zen zerbait, jakina.
Artoski gordetzeko
a zer ahalegina!
Guztion isilpean
eduki du grina
adiskide-bilduma
hartzeko adina
eta osteko ale
ordezkaezina.
4)
Ni egonik galduen
artean galduen
kargu hartu zenidan
“Adrien, mecaguen!
No me jodas, begira
ni nola nagoen!”
Senti zintzadan ongi;
ahal bezain gertuen.
Ez nizun esan, baina
arrazoi zenuen.
5)
Ruperrek Bakarka Bat
disko biniloan
daukan kantu bat daukat
hoska garondoan.
Halaxe idatzi dut
sorta hau gaurkoan.
Nahiz eta zauria beti
orbaintzera doan
beti egongo zara
guztion gogoan.
Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-adrian-arruti/
Ederra, osoa eta bizia izan zen joan den urriaren 4an Ibon Ajuriagogeaskoak, Ainhoa Agirreazaldegik, Manex Agirrek eta Egoitz Zelaiak eskaini saioa. Eneko Sanchezek egin zituen gai-jartzaile lanak, eta Aitor Errazkinen eskutik heldu zitzaizkigun bat-bateko saio aurreko bertso jarriak.
Urko Casado astigartarra (Txingudiko bertso eskolako kidea), Amaia Agirre billabonatarra, Eli Pagola hernaniarra eta Ainhoa Agirreazaldegi elgetarra ariko dira kantuan maiatzaren 3ko bertso gauean. Aitor Errazkin irundarrak egingo ditu gai-jartzaile lanak. Bat-bateko saioaren aurreko bertsoak Eneko Sanchez Txingudiko bertso eskolako kideak jarriak izango dira. Dena ongi bidean, arratsaldeko 19:30etan emango diogu hasiera saioari, betiko legez.
Gogoan izan Kabigorrik saio ondotik afaltzen geratzeko aukera paregabea eskaintzen duela.
Bertan elkar ikusiko dugulakoan,
Izan bizkor eta ostegunera arte!
Ederki pasa genuen Gipuzkoako Herriartekoa dela eta eskualdeko lehendabiziko zitan. Hona saioaren kronika ofiziala:
Gipuzkoako Herriartekoaren baitan, Txingudi bailarako “Txingudi II” eta Goierriko “Ebie ai do!” taldeak aritu dira, otsailaren 18an, Irungo Mendizaleak Elkartean. 30 bat lagun bildu dira, tartean Goierritik gerturatutako bertsozaleak, eta giro onean joan da saioa. “Txingudi II”-tik Aitor Errazkin, Manu Goiogana eta Egoitz Zelaia aritu dira bertsotan, eta “Ebie ai do!”-ren ordezkari, Aitor Irastorza, Odei Lopez eta Gemma Urteaga. Adrian Arruti eta Mikel Garmendia aritu dira gai-jartzaile, eta Zuhaitz Olazabal, Eneko Sanchez eta Mikel Urteaga epaile lanetan.
Umoretsu abiatu da buruz burukoa. Agurrean, goierritarrek ironia handiz zirikatu dituzte Txingudiko bertsolariak, Xalbadorren heriotza, Olentzero joan zaigu edota Mayonesa doinuen erritmora. Bidasoaldeko hirukoteren leloak berriz, kantari jarri du publikoa: Oh, oh, oh, euri azpian naiz ari, euri azpian kantari. Epaimahaiak nabarmendutako lanen artean izan da, esaterako, Manu Goiogana eta Aitor Irastorzaren buruz burukoa, hamarreko txikian: internet bidez ezagutu dute elkar, eta lehenengoz elkartu dira. Etxeko hirukoteak koplaka egindako ariketa ere azpimarratzekoa, Tolosako inauterietara zein mozorro eraman erabaki beharraz. Eta berdin bakarkakoak, bai Urteagarena, auzoan kamerak jarri dituztela-eta, bai Goioganarena, Elikagaien Bankura lehenengoz joan den herritarraren rolean. Erabilitako doinuetan bertsolariek egindako ahalegina ere eskertzekoa da.
Ordu eta hogei minutu inguru iraun du saioak eta epaileek 17 puntu eman dizkiote “Txingudi II” taldeari eta 7 “Ebie ai do!” taldeari.
Gipuzkoako Herriartekoa antolatu dugu elkarlanean Gipuzkoako hainbat bertso-eskolak, bertso-taldek eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. Ekimenari buruzko informazioa http://www.bertsozale.eus/eu/gipuzkoa/herriartekoa helbidean duzue. 38 taldek hartuko dugu parte guztira, eta tartean, Txingudiko Bertso Eskolaren jiran sortutako bi: Txingudi I eta Txingudi II
Bertsolariak: Abel Zabala, Iñigo Ugarte eta Andoni Zelaia
Epaileak: Beñat Elosegi eta Gotzon Aizpiolea
Gai jartzaileak: Oinatz Mitxelena, Igauri Lopetegi eta Peio Iriarte
Ordezkariak: Laida Oronoz eta Oihana Aranburu
Bertsolariak: Aitor Errazkin, Manu Goiogana, Zuhaitz Olazabal eta Egoitz Zelaia
Epailea: Eneko Sanchez
Gai jartzaileak: Mikel Garmendia, Adrian Arruti eta Xabier Isasi
Ordezkariak: Joxeja Zabalo eta Mikel Garcia
Joango gara saioen berri ematen, jada gainean ditugu eta!
Bete egin zen atzo Kabigorri. Aurreikusi bezala, bertso-tailerreko lagunak bertan izan ziren, eta haiek eman zioten hasiera saioari, Joxe Mari Lopetegiren “Semeak amari” bertso sorta kantatzeko gonbita eginaz bertaratutako jendeari. Ondoren, Oinatz Mitxelenak eta Eneko Sanchez gai jartzaileek hartu zuten saioaren gidaritza, eta umorez eta maisutasunez bertsolari sarda bat jarri zuten lanean. Umoretik joan zen saioa, eta entzuleak eskertu zuen hori. Kabigorriko mahaietan bazen, gainera, nahikoa pintxo goxo eta sagardo, Kabigorriren eta Irunabarren kontura joan zirenak. Eta halaxe igaro genuen arratsa, umore eta lagunarte ezin hobean.
Mila esker bihotz bihotzez Eneko eta Oinatzi, hartutako lan eta pazientzia eskergarengatik; Kabigorriri, gurekin jostatzen segi nahi izateagatik (esker bereziak Naroari, atzoko partez); eskualdetik kanpo gerturatu zineten bertsolari guztioi: Alaia Martin, Julen Zelaieta, Arkaitz Oiarzabal “Xamoa”, Patxi Castillo, Haritz Casabal eta Beñat Gaztelumendi. Eta, nola ez, zuri, entzule; zure babes, txalo, arreta eta irririk gabe, gureak ez luke zentzurik izango.
Jaso besarkada bana, eta urrira arte,
Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea