Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “Iraila, 2021”

“Indiferentzia metatua”. Manu Goiogana Bengoetxearen bertsoak, Bidasoko Hitzan.

INDIFERENTZIA METATUA

Doinua: Basatxoritxu mokoluzia
Egilea: Manu Goiogana Bengoetxea

1)
Covidak bete dituenean
ZIUak, albistegiak,
bertso-jarriak, sare sozialak
eta laborategiak
ukatu gabe bizi ditugun
momentu larriegiak
beste gaitz larri batean jarri
nahiko nituzke begiak

2)
Estatistikak begiratuta
datua da nabarmena:
heriotzaren kausa bat dela
zirkulazio-sistema,
hain zuzen ere iaz hildako
gehien utzi zituena.
Beraz, zergatik ez da aztertu
sedentarismoarena?

3)
Etorkizunaz pentsatu eta
gaztetxoei errepara
nola bidali ditugun preso
denak euren geletara.
Ezin kalera atera, beraz,
pantaila aurrean laga…
mugitu gabe bizi den gazte
asko hezten ari gara.

4)
Jana etxera eramaten da
eta bezeroa ditxan
haren gorputzak alferrikako
bi pausu eman ez ditzan..
Zalantza daukat eraiki dugun
pantailen telebizitzan
zulo bat beste zulo batekin
estaltzen ez al gabiltzan.

5)
Elkartu ginen “S.O.S.
Ostalaritza” oihura
hala bultzatu dugu berriro
jan-edanaren ohitura
eta helduok behin geundenean
desiotako modura
aisialdiko langileekin
inor gutxi oroitu da.

6)
Aisialdia debekatuta
egon da aste luzeetan
eta eskola kirola ere
baztertu da gehienetan.
Obesitate-maila gizen bat
dugun jendarte honetan
ez dago zulo kopuru bera
guztion gerrikoetan.

7)
Baina gazteek ez aisirik, ez
kirolik, ez gaztetxerik
eta kaleko edana ere,
nonbait, ez da babesterik
ez baitago hau gatazkarekin
lotzen ez den albisterik,
alternatiben bila, ordea,
utzi al zaie besterik?

8)
Gaztetxoenek ez dute jaso
merezi duten tratua
eta halere haiei egozten
zaie gure bekatua,
kirol-aisia murriztu zaie,
egon da debekatua,
egon beharko lukeenean
ohituretan txertatua.

9)
Kirol-aisia ez da bakarrik
begiz ikusten duguna,
halaber dira balore batzuk
eta buru-osasuna.
Hortaz, hasi den kurtsoan ea
zein dugun neurri-bilduma,
ea non jartzen dugun fokua
eta non lehentasuna.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-kolaborazioak-irunabar/

2021-2022 ikasturteko izen emateak zabalik

Kaixo, bertsozale:

Iraila bete-betean gaude eta segituan hasiko da ikasturte berria. Txingudiko bertso-eskolan izena eman nahi baduzu, oraintxe duzu aukera, hastear baita 2021-2022 ikasturtea.

Bistan da 2020ko martxoaz geroztik gurean zabaldu den izurriteak arazo bailara eragin duela edozein jarduera egin ahal izateko. Hala eta guztiz ere, aurten ere ekingo diogu ikasturteari.
Galdera edo zalantzarik baldin baduzu, irunabar@gmail.com posta helbidera idatz dezakezu lasai asko, edo taldeetako arduradunen baten telefono zenbakira hots egin.

TALDEAK:

1.- GAZTETXOEN taldea: astelehenero, 17:00-18:00; Bidasoko AEK Irungo Euskaltegian. Harremanetarako: (0033) 617 57 33 99 -Irati-.

2.- BAT-BATEAN I taldea: astelehenero, 19:00-21:00, Hendaiako Enbata gaztetxean. Harremanetarako: (0034) 669 36 65 89 -Egoitz-.

3.- BAT-BATEKORAKO HASTAPENAK taldea: asteazkenero, 19:00-21:00; Bidasoako AEK Irungo Euskaltegian. Harremanetarako: (0033) 617 57 33 99 -Irati-.

4.- BAT-BATEAN II taldea: ostegunero, 19:30-21:30; Hondarribiko Jaizubia auzoko auzo-elkartean. Harremanetarako: (0034) 690 06 58 26 -Abel-.

5.- BERTSO TAILERRA: hamabostean behin, asteartean, 19:00-20:30; Hondarribiko Muara elkartean. Harremanetarako: (0034) 638 32 69 70 -Adrian-.

Ikasturte honetan ere bailarako hedabideekin elkarlanean ariko gara

Irunabarren helburuetako bat bertsoa inguruko hainbat txokotara helaraztea ere badenez, badira zenbait ikasturte bailarako hedabideekin elkarlanean ari garela.

Hasi berri dugun 2021/22 hau hirugarren ikasturtea dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Irailean hasi eta ekaina bitarte, hilero, eta hilabeteko azken ostiraletan, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek bertso-jarriak argitaratuko ditu aipatutako aldizkariko papereko edizioan, eta egun gutxi batzuk igaro ondoren, eskuragarri izango duzue argitalpen hori bera baita bertsio digitalean ere. Nola ez, Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu bertso horiek guztiak.

Irunero aldizkariarekin hasitako elkarlana oraindik lehenagokoa da. 5. ikasturtez jarraian, Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso jarriek argia ikusiko dute hilero. Iruneroren kasuan, hilabeteko lehen aldizkarian argitaratuko da elkarlanaren emaitza, eta kasu honetan ere paperezko edizioan zein bertsio digitalean egongo da ikusgai. Ikasturtea urria hasieran hasi eta ekainean amaituko da, eta Iruneroko sorta guztiak ere Irunabarren webgunera ekarriko ditugu.

Horretaz gain, osagarri modura, idatzitako sorta hauek musikatzen direnean ere eskuragarri izango dituzue webguneko argitalpenetan zein Ivoox-eko gure kanalean (harpidetu zaitezte!). Orain arte Makalo eta Maddi Sanzek musikatutakoak ipini dizkizuegu, baina beste inor animatuko balitz ere plazer handiz jasoko genituzke zuek musikatu eta kantatutako bertso-sortak irunabar@gmail.com helbidean.

Hona hemen pasa den ikasturtean argitaratu eta musikatutako bertso-sorta pare bat:

  • “Irungo Harrera Sarea”, Abel Zabala Elizazuk 2021eko apirilean Iruneron argitaratu eta Makalok musikatutako bertso-sorta:
Jaitsi audioa

  • “Agurrari koplak”, Maddi Sanz Sanchezek 2021eko apirilean Bidasoko Hitzan argitaratu eta Maddik berak musikatutako bertso-sorta:
Jaitsi audioa

Post Navigation