Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

“Indiferentzia metatua”. Manu Goiogana Bengoetxearen bertsoak, Bidasoko Hitzan.

INDIFERENTZIA METATUA

Doinua: Basatxoritxu mokoluzia
Egilea: Manu Goiogana Bengoetxea

1)
Covidak bete dituenean
ZIUak, albistegiak,
bertso-jarriak, sare sozialak
eta laborategiak
ukatu gabe bizi ditugun
momentu larriegiak
beste gaitz larri batean jarri
nahiko nituzke begiak

2)
Estatistikak begiratuta
datua da nabarmena:
heriotzaren kausa bat dela
zirkulazio-sistema,
hain zuzen ere iaz hildako
gehien utzi zituena.
Beraz, zergatik ez da aztertu
sedentarismoarena?

3)
Etorkizunaz pentsatu eta
gaztetxoei errepara
nola bidali ditugun preso
denak euren geletara.
Ezin kalera atera, beraz,
pantaila aurrean laga…
mugitu gabe bizi den gazte
asko hezten ari gara.

4)
Jana etxera eramaten da
eta bezeroa ditxan
haren gorputzak alferrikako
bi pausu eman ez ditzan..
Zalantza daukat eraiki dugun
pantailen telebizitzan
zulo bat beste zulo batekin
estaltzen ez al gabiltzan.

5)
Elkartu ginen “S.O.S.
Ostalaritza” oihura
hala bultzatu dugu berriro
jan-edanaren ohitura
eta helduok behin geundenean
desiotako modura
aisialdiko langileekin
inor gutxi oroitu da.

6)
Aisialdia debekatuta
egon da aste luzeetan
eta eskola kirola ere
baztertu da gehienetan.
Obesitate-maila gizen bat
dugun jendarte honetan
ez dago zulo kopuru bera
guztion gerrikoetan.

7)
Baina gazteek ez aisirik, ez
kirolik, ez gaztetxerik
eta kaleko edana ere,
nonbait, ez da babesterik
ez baitago hau gatazkarekin
lotzen ez den albisterik,
alternatiben bila, ordea,
utzi al zaie besterik?

8)
Gaztetxoenek ez dute jaso
merezi duten tratua
eta halere haiei egozten
zaie gure bekatua,
kirol-aisia murriztu zaie,
egon da debekatua,
egon beharko lukeenean
ohituretan txertatua.

9)
Kirol-aisia ez da bakarrik
begiz ikusten duguna,
halaber dira balore batzuk
eta buru-osasuna.
Hortaz, hasi den kurtsoan ea
zein dugun neurri-bilduma,
ea non jartzen dugun fokua
eta non lehentasuna.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-kolaborazioak-irunabar/

Single Post Navigation

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google photo

You are commenting using your Google account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

%d bloggers like this: