Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “Iraila, 2026”

“Josu Zabala 76 50”. Igauri Lopetegi Amostegiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

JOSU ZABALA 76 50

Egilea: Igauri Lopetegi Amostegi

Doinua: Hamalau heriotzena I

Hemen jaitsi dezakezu

2026ko Hondarbiko Gazte Egunean egindako omenaldian kantatuak

1)
24 urteko
Irungo gazte bat
ta 24 urteko
Irungo beste bat
hizketan ginelako
izan dut uste bat,
nola kontatzen zidan
istori triste bat,
bizia bera galdu
zuen desastre bat:

2)
“76
ta Irailak 8.
50 urte
ez dira, ba, gutxi!
Eskolan ez dizute
inoiz erakutsi,
gaurkoa ez dezazun
hain garbi ikusi,
baina nik ondo dakit
ta kontatzen utzi.

3)
Alardea bukatu,
manifa bat hasi
Pertur egin zuten ta
desagerrarazi.
Guardia Zibilak giro
nahasi hura nahasi.
Amnistia! egiten
genula garraxi,
bizitzak egin zidan
ahotik ihesi.

4)
“Hemen Zabala hil zuten”
paretan ageri,
nahiz ta hiltzen ahal zuten
beste bat, beste bi…
Heriotza jartzeko
aurpegiz aurpegi,
bala hark bizkarrean
eman zidan neri,
apuntatuta hemen
gauden guztieri.

5)
Cabacas hil ta inor ez
kartzelara joan,
bat galdua barrabil
bat desalojoan,
Gasteizen pelotazo
batek jo ahoan…
Ni bezelako asko
oraindik dago han.
Dei nazazue Josu
guztiak gogoan!”

6)
Zabalak memoria
nahi balu zabaldu,
bere ahotik guk geuk
beharko azaldu.
Gu gazte bat, beste bat
guzti bat gara gu,
ta Hondarbiyan Gu horrek
Josu izena du.
Dagonan aurka egin
beharra daukagu!


Hemen dituzue ikusgai Igauri Lopetegik omenaldian kantatutako bertsoak Jon Aperribaik saxofoiaren lagunduta:

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-igauri-lopetegi-2/

Txingudiko bertso-eskolako kideak Eugeniren Txokoan. Hitz eta pitz.

EUGENIren TXOKOA – EuTxo bertsozale, euskaltzale, artista, kirolari eta hainbat ekintzaileren topagune kuttun bilakatu da azkenaldian. Oraingo honetan, Txingudiko bertso-eskolako hiru kide izan dira Eugeniren gonbidatu bereziak: Igauri Lopetegi Amostegi eta Manu Goiogana Bengoetxea irundarrak eta Jon Luzuriaga Iurramendi Ikaztegietarra. Bertan, beren bertso-ibilbideaz, langintzez eta bizitzako hainbat pasartez hitz egiteko aukera izan dute.

Eskerrik asko, bihotz-bihotzez, Eugeni Alzibar Etxeberria, zure etxeko ateak horrela zabaltzeagatik!

Hemen dituzue elkarrizketak ikusgai:

Igauri Lopetegi Amostegi:

Jon Luzuriaga Iurramendi:

Manu Goiogana Bengoetxea:

Txingudiko bertso-eskolak: 2026-2027 ikasturtea. Izen-ematea abian.

Azken ikasturteetan bezalaxe, aurtengoan ere, Txingudiko bertso-eskolak hainbat talde martxan jartzeko asmoa du 2026ko urritik aurrera:

  • Haur, nerabe eta gazteentzako bertso-eskolak
  • Hasiberrientzako bertso-eskolak
  • Bat-bateko jardunerako taldeak


Txingudiko bertso-eskolen jardunak, ordea, ez du zertan bat-bateko jardunera mugatu. Beraz, beste edozein arlo landu edo ekimen bultzatu nahi baduzue, pozik entzungo zaituztegu. Izena emateko edo informazioa behar baduzu, idatzi lasai asko irunabar@gmail.com posta elektronikora, eta gu geu jarriko gara zuekin harremanetan.

Anima zaitezte, eta zabaldu mezua.

Beste ikasturte batez Irunero eta Bidasoako Hitzarekin elkarlanean

Irunabarren, ondo dakizuen bezala, bertso idatziek ere badute euren lekua. Bertsolaritza eta bertso-jarriak inguruko txoko eta plaza ezberdinetara eramateko asmoz, hainbat urtez aritu gara bailarako hedabideekin elkarlanean, eta bide horretan 149 argitalpen egin ditugu, 142 bertso-sorta ezberdinek ikusi dute argia eta 28 bertso-jartzaile izan ditugu bidelagun. Ikasturte honetan ere, elkarlan horiei eutsiko diegu.

Hasi berri dugun 2026/27 ikasturtea hamargarrena izango da Irunerorekin elkarlanean. Urritik ekainera bitarte, hilero, hilabetearen hasieran, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek sortutako bertso-jarriak argitaratuko dira aldizkariaren paperezko edizioan. Handik egun gutxira, argitalpen bera formatu digitalean ere izango duzue eskuragarri. Eta, noski, sorta guztiak Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu.

Bestalde, zortzigarren ikasturtea izango dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso-jarriak hilabeteko azken ostiraletan argitaratuko dira, irailetik ekainera bitarte. Kasu honetan ere, paperezko edizioan zein bertsio digitalean izango dituzue irakurgai, eta Hitzan argitaratutako sorta guztiak Irunabarren webgunean ere bilduko ditugu.

Horrez gain, elkarlan hauen osagarri gisa, idatzitako bertso-sortak musikatuak direnean ere zabalduko ditugu gure webguneko argitalpenetan eta Ivoox-eko kanalean. Beraz, ikasturte honetan ere animatzen bazarete, plazer handiz jasoko ditugu zuek musikatu eta kantatutako bertso-sortak irunabar@gmail.com helbidean.

Eskerrik asko, beste behin ere, elkarlan hau posible egiten duzuen guztioi!

Post Navigation