Beste ikasturte batez Irunero eta Bidasoako Hitzarekin elkarlanean
Irunabarren, ondo dakizuen bezala, bertso idatziek ere badute euren lekua. Bertsolaritza eta bertso-jarriak inguruko txoko eta plaza ezberdinetara eramateko asmoz, hainbat urtez aritu gara bailarako hedabideekin elkarlanean, eta bide horretan 149 argitalpen egin ditugu, 142 bertso-sorta ezberdinek ikusi dute argia eta 28 bertso-jartzaile izan ditugu bidelagun. Ikasturte honetan ere, elkarlan horiei eutsiko diegu.
Hasi berri dugun 2026/27 ikasturtea hamargarrena izango da Irunerorekin elkarlanean. Urritik ekainera bitarte, hilero, hilabetearen hasieran, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek sortutako bertso-jarriak argitaratuko dira aldizkariaren paperezko edizioan. Handik egun gutxira, argitalpen bera formatu digitalean ere izango duzue eskuragarri. Eta, noski, sorta guztiak Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu.
Bestalde, zortzigarren ikasturtea izango dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso-jarriak hilabeteko azken ostiraletan argitaratuko dira, irailetik ekainera bitarte. Kasu honetan ere, paperezko edizioan zein bertsio digitalean izango dituzue irakurgai, eta Hitzan argitaratutako sorta guztiak Irunabarren webgunean ere bilduko ditugu.
Horrez gain, elkarlan hauen osagarri gisa, idatzitako bertso-sortak musikatuak direnean ere zabalduko ditugu gure webguneko argitalpenetan eta Ivoox-eko kanalean. Beraz, ikasturte honetan ere animatzen bazarete, plazer handiz jasoko ditugu zuek musikatu eta kantatutako bertso-sortak irunabar@gmail.com helbidean.
Eskerrik asko, beste behin ere, elkarlan hau posible egiten duzuen guztioi!
