Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the tag “Peio Etxeberria”

“Erregina hil zitzaieneko”. Xabier Isasi Balanzategiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

ERREGINA HIL ZITZAIENEKO

Egilea: Xabier Isasi Balanzategi

Doinua: Euskal Herriko lur maite hartan

Hemen jaitsi dezakezu

1
Bertsoak jarri nahi dugunean
gaia bilatu beharko
Gaia bilatzen non abiatu
nola eta norentzako
Aski ezagun bada hobeto
ezaguna denerako
Elisabete Bigarrenari
jarri nahi diodalako
sinestarazi digute haien
ERREGINA HIL DELAKO

2
Londresen jaio, Ingalaterran
zainetan odol urdina
alemaniar jatorri eta
umetan nazi egina
Windsor deitura hautatu zuten
hori da gauza jakina
aita hiltzean, ustekabean
erreginaren zina
askatasuna gertu daukate
HIL DELAKO ERREGINA

3
Ingalaterra Eskoziako
Commonwealth Galeseko
Mundu erdia bere menean
Erreginak agintzeko
Zenbat pertsona eduki zuen
haren esklabo antzeko
badaezpada armada zuen
beti prest gerrarako
haien mundua zalantzan dago
ERREGINA HIL DELAKO

4
Itzal handiko agintaria
nonahi zuen eragina
Asian eta Afrikan ere
boterez ase ezina
Itxuraz bazen andre txiki bat
alaia kaskarina
herriak berriz sufritzen zuen
ankerkeriaren mina
askatasuna gertu daukate
HIL DELAKO ERREGINA

5
Zein mundu klase eraiki dugu
zeinentzat eta nolako?
Pertsona batek izan dezake
mundua bere meneko?
Ez gara gauza gure burua
guk berez gobernatzeko
egoki bizi gintezke denok
ez errege eta ez jainko
askatasuna gertu daukate
ERREGINA HIL DELAKO

6
Hamar egunez hiletaz bete
handikien purpurina
negar antzeko ikuskizuna
bakan batzuen samina
joan den mendeko mundu astuna
egingo zaigu arina
amaitu baita behin betirako
agintaritza gordina
mundu hobea izan daiteke
HIL DELAKO ERREGINA

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-abenduak23/

Jarraian bertso-sorta entzungai Peio Etxeberriak musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

“50 urte”. Abel Zabala Elizazuren bertsoak, Iruneron.

50 URTE

Egilea: Abel Zabala Elizazu
Doinua: Kazkazurik jarriak

1-
Sorta hau idazteko
hartua dut beta
buruari emanda
makina bat buelta
adinaren gaineko
nire hausnarketa
berrogeita hamar urte
bete ditut eta.

2-
Jaiotzak haurtzaroa
dakar parez-pare
zenbat momentu eder
nintzela nerabe
bat bestearen atzetik
zenbakiek alde!
Urteak joan zaizkit
konturatu gabe.

3-
Sasoiko sentitzen naiz
badaukat indarra
baina hain da lausoa
adinaren marra
linbo batean nago
ai zer zoritxarra
za(ha)rrentzat gaztea naiz
gazteentzat zaharra.

4-
”Zahartzen ari zara
ta goiari eutsi!”
hori gezurra dala
nola erakutsi
zalantzari tarte bat
nahi nioke utzi
zenbat da urte asko?
zenbat urte gutxi?

5-
Galdera potoloa
dugu alafede!
Nork bere erantzuna
egin behar bere
aktiboa izatea
beti da mesede
zenbait ederki daude
laurogeikin ere.

6-
Denboraren joanak
dakar desgastea
eta ezinezkoa
hori saihestea
baina izpiritua
badugu askea
ezin ahal da bihurtu
zaharra gaztea?

7-
Hogei eta laurogei
ez direnez berdin
mirari haundirikan
ezin leike egin
buruari ahal dela
egoki eragin
gorputza hein berean
emendatu dadin.

8-
Berrogeita hamar urte
berdin mende erdi
ongi bizitzekotan
ez dira gehiegi!
Nik zortea izan dut
argi gera bedi
baina gehiago batzen
nahiko nuke segi. (Bis)

Iturria: https://irunero.eus/50-urte/

Jarraian bertso-sorta entzungai Peio Etxeberriak musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

“BI BELAUN”. Jexuxmari Mendizabal Iraola «Bizargorri»-ren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

BI BELAUN

Egilea: Jexuxmari Mendizabal Iraola «Bizargorri»

Doinua: Juana Bixenta Olabe

1)
Eternitate biren tarteko
bizitza dugu jaio-hil arteko.
Bizitzan, berriz, zahartu ahala
murrizten zaigu, eskasten ahala…
Bi belaunen hau
luzetik dator, testigu nerau;
baina ezinak hezi ere nau.

2)
Gazte urteetan kirola lege,
hamaika egina naiz, alafede!
Gero artritis nahiz zahartrosiak
gaindika dizkit eman dosiak.
Atarramendu
onik kojoak, ai!, ez omen du:
minak ezina ze sufrimendu!

3)
Belaun biak min gaiztoz josita,
medikuari derrigor bisita.
Behar zutela protesi bana;
abila zela; erraza lana…
«Eskuina, di-dau!
Ezkerrak pozik ipiniko nau
baldin urte bat onik badirau…».

4)
Ospitalera (Irun hurbil nik)
etsi-etsian jo nuen zurbilik.
Ohean etzan, anestesia…;
oroitzapenik deus ere ez ia…
Ai, demonio,
nire belaunak erremedio
plastiko-kromo-ta-titanio!

5)
Hortik paseak ondo badaki
zein latz diren bost burdin-adabaki.
Haizeak eta lainezak otxan,
txirriki-txarra oinezko lotsan,
zer fandangoa…!
Baina gaitz orok du txarragoa:
aurki noiz, ene, beste zangoa!?

6)
Nolanahi ere, makuluz ekin
eta egun, aste, hil motz luzeekin
protesi zeukan belaun-burua
sendo jarri zen, oin segurua…
Txirriki-txan-txan!,
gorputzak berez baitaki dantzan,
oinez hasteko ni esperantzan.

7)
Lehen pausoekin aski batera,
kontuak nituen asko atera.
“Kirolak” aldez beste “kalorik”,
deus ez kirola bezalakorik.
«Hi habil jota!
—nuen brast neure brankara bota—;
usteltzen beti, geldi hago-ta!».

8)
Gaur egunero nabil suabe,
senperrenak jotzen ibili gabe.
Bost urtez gero, kontent belaunak;
akabo zaharron min-amaraunak…
Eta eskerrak
sarri ematen dizkit ezkerrak:
«Ut!, ospitale zoko-bazterrak!!!».

9)
Jakintsu dabil gure gorputza;
alditsu burua, zakurren putza!
Segi temati oinez-ta-oinez;
ahaztuko zara soinezko minez.
Bai, baldinbetan!,
ibiliaz on gehio benetan,
botikaz baino, bi belaunetan.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta/

Jarraian bertso-sorta entzungai Peio Etxeberriak musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

“Aspaldiko”. Gotzon Aizpiolea Etxegoienen bertsoak, Bidasoko Hitzan.

ASPALDIKO

Egilea: Gotzon Aizpiolea Etxegoien
Doinua: Iparragirre abila dela

1)
Eskuentzako heldulekua,
eragiteko bi biela,
hiri barruan, mendian edo
errepidean bestela.
Izan azkar, nahiz trankil
gurpil gainean dabil
eta esertzeko zela.
Ba al dakizu asmakizunik
onenetakoa dela?

2)
Bakoitza bere lekuan jartzen
aritzen zara zintzoki
mundu guztia ez garelako
Ane, Miguel edo Coppi.
Baina zenbat helburu,
gu adina seguru,
ta mundua jolastoki.
Lanean zintzo ariko zara
zaindu ezkero egoki

3)
Bi platerako bizikletari
jarri dizute bakarra.
Nire ustetan erabakia
izan da nahiko kaxkarra.
Pisuaren antsia,
hori da garrantzia…
Hemen ere, kaka za(ha)rra!
Hau da guztia, eta guztiok,
dietaz mugatu beharra!

4)
Diskoak edo zapatak hobe?
Nola balazta gainbe(he)ra?
Modu berria edo zaharra?
Ez atzera, ez aurrera.
Gaur arte zen normala,
harreman naturala,
ondorioak atera;
diskorik gabe zapata batzuk
dantzatzerik ba ote da?

5)
Koroak berriz, hamabi jada,
ez da kopuru hutsala,
eta onartu behar da gorantz
kontrolik gabe doala.
Ez al da gertatuko,
historia lekuko,
ez baldinbetan, oxala!
Espainiako koroarekin
gertatu zaigun bezala

6)
Suge txistuak utzi badizu
gurpil-uztaia lurrean,
zorteak iskin egin dizula
zaude jakin beharrean.
Geratu zaitez hemen,
eta hartu atseden
lasaitasun ederrean,
zulatutako hori konponduz
errepide bazterrean

7)
Azken bertso hau irakurtzean
utz iezadazu esaten,
bizikleta bat baldin baduzu,
ez geratu itxaroten.
Sor ezazu aukera
igotzeko gainera,
utziozu eramaten,
koipe beltzik ez duen kate hau
sekula ez dadin eten.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-kolaborazioak-bertso-sorta-irunabar/

Jarraian bertso-sorta entzungai Peio Etxeberriak musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

“Minetik”. Adrian Arruti Bernadeten bertsoak, Bidasoko Hitzan.

MINETIK

Egilea: Adrian Arruti Bernadet
Doinua: Calle melancolía

1
Nahiz irakurtzera heltzen
zaren ez zaidan inporta
hitz hauekin hautsiko dut
zu eta bion konforta.
Hona hemen idatzita,
eta odola borborka,
nire ahotik sekula
entzungo ez duzun sorta.

2
Hasierako eztia
bilakatu zen gozakaitz
nahiz egoerak behartu
ez zuen izan behar gaitz.
Izurriek zer ikasi
erakusten dutenez maiz;
zoriontasunik bada
asintomatikoa naiz.

3
Ez nagoelako ongi
ezin dut egin eskerik,
baina zure jokaerak
nire mina berresten dit.
Ustez ez zenuenean
zure hitza saihesterik
zugandik ez dut aditu
isiltasuna besterik.

4
Hautazko isiltasunak,
ohartu behar zenuke,
gainontzekooi ahotsa
ere ken diezaguke.
Ahots-korden loturek maiz
gehiegi estutzen dute
zure eztarrian daude,
baina ni itotzen naute.

5
Batera eta bakarrik
pasatako une latzen
ondotik ez dakit ongi
zer ari zaren bilatzen
mundua ez baita zure
zilborretik abiatzen
eta, are gutxiago,
zure ohean bukatzen.

6
Aldentzearen ideia
gu biontzat bada bera
bidea aukeratzean
joan banaiz galbidera
nik nire gezurrarekin
egin dezaket aurrera.
Zuk zure egia duzu,
baina egia ote da?

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-bertso-sorta-irunabar-adrian-arruti-minetik/

Jarraian bertso-sorta entzungai Peio Etxeberriak musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

Ikasturte honetan ere bailarako hedabideekin elkarlanean ariko gara

Irunabarren helburuetako bat bertsoa inguruko hainbat txokotara helaraztea ere badenez, badira zenbait ikasturte bailarako hedabideekin elkarlanean ari garela.

Hasi berri dugun 2022/23 hau laugarren ikasturtea dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Irailean hasi eta ekaina bitarte, hilero, eta hilabeteko azken ostiraletan, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek bertso-jarriak argitaratuko ditu aipatutako aldizkariko papereko edizioan, eta egun gutxi batzuk igaro ondoren, eskuragarri izango duzue argitalpen hori bera baita bertsio digitalean ere. Nola ez, Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu bertso horiek guztiak.

Irunero aldizkariarekin hasitako elkarlana oraindik lehenagokoa da. 6. ikasturtez jarraian, Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso jarriek argia ikusiko dute hilero. Iruneroren kasuan, hilabete hasieran argitaratuko da elkarlanaren emaitza, eta kasu honetan ere paperezko edizioan zein bertsio digitalean egongo da ikusgai. Ikasturtea urria hasieran hasi eta ekainean amaituko da, eta Iruneroko sorta guztiak ere Irunabarren webgunera ekarriko ditugu.

Horretaz gain, osagarri modura, idatzitako sorta hauek musikatzen direnean ere eskuragarri izango dituzue webguneko argitalpenetan zein Ivoox-eko gure kanalean (harpidetu zaitezte!). Gero eta gehiago zarete elkarlan hauetako bertso-sortaren bat musikatzera animatu zaretenak. Ikasturte honetan ere animatuko bazinate plazer handiz jasoko genituzke zuek musikatu eta kantatutako bertso-sortak irunabar@gmail.com helbidean.

Hona hemen pasa den ikasturtean argitaratu eta musikatutako bertso-sorta pare bat:

  • “Bizitzako gauzarik onenak doan”, Aitor Errazkin Vicentek 2022ko maiatzean Iruneron argitaratu eta Aitorrek berak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu

  • “Bidasoa”, Adrian Arruti Bernadetek 2022ko otsailean Bidasoko Hitzan argitaratu eta Peio Etxeberriak musikatutako bertso-sorta:
Hemen jaitsi dezakezu

“Hau eta hura, hemen eta han”. Igauri Lopetegi Amostegiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

HAU ETA HURA, HEMEN ETA HAN

Doinua: Itsaso hori dago zatarra
Egilea: Igauri Lopetegi Amostegi

1)

Urpeko hotsa, lurreko lotsa,

titular triste baten aitortza,

ta hemen bertan bizi den haren

entzungorrale zikoitza.

Nola zaie hain arrotza

egunekiko morrontza,

hemen ito den bakoitza?

Bihurtu baita, eta gu gaitu

eten beharrik bihotza,

aste arteko berri arrunt bat

migranteen heriotza.

2)

Batzuen bizi, biziraupena,

ez denez bizi itxaropena

zer da bizitza, bizi beharra

edo bizitzeko pena?

Azkena eta aurrena

zenbat ta zenbatgarrena

putzu hauetan barrena?

Guk hemen ere entzuten dugu

hango “I can’t breath”-arena.

Sakona bezain zabala den hau

da putzurik handiena.

3)

Jabe ez dena da kanpotarra.

Eurek legea, eurek indarra.

Baina gurea da amorrua,

borondatea, negarra.

Jauzi bat batzuk iparra,

hautsita mugako marra.

Auzia zein da? Biharra:

Irtenbide bat bi arazook

konpontzekotan bakarra,

Inork jauzirik ezin emana

ta jauzi egin beharra.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-igauri-lopetegi/

Jarraian bertso-sorta entzungai Peio Etxeberriak musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

“Aisia”. Urko Casado Usandizagaren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

AISIA

Doinua: Lurraren pean sar nindaiteke
Egilea: Urko Casado Usandizaga

1)

Gaur eguneko gizarte garen

aiton-amonen garaian

AISIA eta alferkeria

aipatzen ziren jarraian.

Duintasuna, lanetik lortu

beharra zuten usaian.

Gaur zorionez horrelakorik

ez dugu jartzen ezbaian,

baina, zuetan inork ez al du

zalantzarik esanahian?

2)

Existentzia bete batentzat

nork dauka antidotoa?

AISIA ez da beti ikasketa,

kirola edo jokoa.

Eske dituzu, zain, merkatua,

moda eta horoskopoa…

Modu askean aukeratua

behar du, (e)ta gustokoa

eta ez benetan bete nahi diren

ametsentzat oztopoa.

3)

Aipatu ere ez ditut egin

internet eta pantailak!

Nola ukatu teknologiak

sortutako abantailak?

Denbora lapur izanagatik

hain dira saihesten zailak

nere jarrera ikuste hutsak

gorritzen dizkit masailak…

Leiho irekien aitzakiz jartzen

ditu ateetan zarrailak.

4)

Historian inoiz ez dugu izan

gaur beste AISI aukera

baina hainbeste izate hutsa

berez nahikoa ote da?

Begiratua eraman nahi dut

beste ikuspuntu batera

ez dakit beti zuzenena den

haurrekin dugun jarrera;

AISI izatetik marratxo fin bat

dago betebeharrera.

5)

Adibidera jarri edozein

lehendakari edo alkate

oraingo haurrek baino agenda

askeagoa daukate:

Frantsesa, yoga, alemaniera,

Kapoeira, dantza, xake,

igeriketa, zirko, musika,

futbol, pintura, karate …

Ohartu gabe ixten zaienik

ireki adina ate.

6)

Esperientzia izan behar luke

aurrekoei ikasiak:

Ilara txukun batean edo

elkarrekin nahasiak

baratzak berdin eman ditzake

loreak eta sasiak

etorkizuna markatzen badu

ereiten dugun haziak,

aitzakiarik ez, haur hauek dira

gure eskutik haziak.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/urko-casado-aisia/

Jarraian bertso-sorta entzungai Peio Etxeberriak musikatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

“Bidasoari”. Adrian Arruti Bernadeten bertsoak, Bidasoko Hitzan.

BIDASOARI

Doinua: Trumoia ortzi beltzean hoska
Egilea: Adrian Arruti Bernadet

1
Txingudin duzu fluxu lausoa,
sarri pausatu arte pausoa,
batzen dituzu baso nafarra
eta Kantauri itsasoa. (Err.)
Nola azaldu ahal nizuke
erdi aldatuta soa
Bidasoa, Bidasoa…
Nolatan zaren konponbidea
nahi dutenen arazoa. (Err.)

2
Sostengu falta duzu, sostengu.
Zenbat eskaini; hainbeste kendu,
hainbat arazo larri zuregan
ez al dira nabarmendu? (Err.)
Nik zurekiko dudan maitasun
hau nahiko nuke mantendu,
baina zenbat sufrimendu!
Gizakiaren esku hartzeak
maitasun hori zailtzen du. (Err.)

3
Poligonoek duten tamaina
batuta ia zerorri haina…
Zure luzean nabarmena da
kutsaduraren orbaina. (Err.)
Eskualdeko aberastasun
handiena zara, baina
zer tratu-txar, alajaina!
Garestiegi duzu geroa
hain merke bada oraina. (Err.)

4
Bailara bakar, baina hau mauka:
bi estaturen artean gauzka!
Gure arteko harreman hitsak
erruz gogaiturik nauka! (Err.)
Bi kulturaren arteko talken
eraginez elkar zaunka…
Txingudik horixe dauka;
zure albotan lubakiratu
gaituzte elkarren aurka. (Err.)

5
Inposaketak hainbeste dohain…
Ni, behintzat, ez naiz jasateko lain.
Zu ezizenez Muga deitzea
ez al da ba aski irain? (Err.)
Zure trazaren eraginpean
Euskal Herrian zer orbain!
Ohartu gaitezen orain
zuri ezarri dizuten zama
ez dugula nahi gure gain. (Err.)

6
Zure zubiak diren asuna
bizi dutenek zenbat marruma!
Bizkarroi asko sartu zaizkizu;
Migranteentzat zer trauma! (Err.)
Checkpoint artean bihurtu dute
pasa nahi duen laguna
guztiaren erruduna.
Ederra zara; ez da, ordea,
gertatzen ari zaizuna. (Err.)

7
Pasabide hain arriskutsurik…
Hainbeste hilotz dauzka Txingudik,
bai ote duzu zure luzean
odolik gabeko urik? (Err.)
Zein erru dauka Nafarroak? Zein
Gipuzkoak? Zein Lapurdik?
Zure uretan galdurik
errukirik ez daukazu, baina
inork ez al du errurik? (Err.)

8
Ingurumena ingurunean,
migrantearen ihes xumean
edo herri bat hiru zatitan
bereizi duten gunean… (Err.)
Iraun dezagun hau amaituko
baita etorkizunean;
zulorik ilunenean
argia piztu dezakegula   
sinesten dugun unean. (Err.)

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-bertso-sorta-irunabar/

Peio Etxeberriak musikatu du. Jarraian entzungai:

Hemen jaitsi dezakezu

Post Navigation