Bortzirietako Bertso Eskolak gonbidatuta joan ginen Irunabarren jirako hainbat lagun XXIII. taldekako lehiaketara kantura, eta sekulako harrera egin ziguten bortziritarrek. Horra bidasotarrentzat ondutako bertsoak, esate baterako; behin baino gehiagotan kantatu genituen denok elkarrekin, baita Arrano Elkartean jokatu zen finalean ere.
Irun badaukazu zerbait
Hondarribiko kresala
Irun badaukazu zerbait
Aiako harrien itzala
Irun badaukazu zerbait
Biriatuko magala
Irun badaukazu zerbait
Plaiaundi ta Sindikala
Irun badaukazu zerbait
Bidasoa ospitala
Irun badaukazu zerbait
Bortziriko kapitala?
Irun badaukazu zerbait
Irunabar mundiala
ta bihar egunsentiak
bertsotan erna zaitzala
Bortziriko bertso eskolan
gabon bueltako epela
hogeita hiru aldi dira
taldeka biltzen garela
bertso onenaren saria
Kottorentzako txapela
koplak trikitixarekin
kale ixkiñan kartzela
oparia oroigarri
ta kanta bat gai bezela
Arranoko afaria
bertsozaleen hotela
irri algara ta malko
emozioen koktela
gazteak zarete eta
gozatu dezazuela
Eskerrik asko Kataku, Zialdo, Antoiu eta Arrano; eskerrik asko Bortziriak!
Urteak dira Txingudi Ikastolako Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasle eta irakasleek bertso-saioa antolatzen dutela, Euskararen Egunaren jiran, beti ere. Aurtengoan Igauri Lopetegi irundarra eta Aitor Tatiegi oñatiarra deitu zituzten, eta oso giro ederrean joan omen zen saioa. Eskerrik beroenak Amaia Amostegiri, bidalitako argazkiengatik.
Bejondeizuela guztioi, eta gure arteko harremanari eta elkarlanari dagokionez, urte askotarako izan dadila!
Bortziritako bertso eskolak beren “Bertso Eskolaren XXIII. Taldekako Lehiaketa”-n parte hartzera gonbidatu gaitu. Taldetxoa batu eta parte hartzera joatekoak gara. Plazer baduzue, Berako Katakun izango gara, esan bezala, abenduaren 10ean, larunbatarekin, eguerditik aurrera.
Joan den irailaren 17an, larunbatarekin, egin zen Bertso-jartzaileen I. topaketa. 11 lagun bildu ziren, primerako lan-giroan. Saio amaieran parte-hartzaile guztiek ongi baloratu zuten jardunaldia, guztien artean egoeraren diagnosia osatzeko eta aurrera begirako lan-ildoak zerrendatzeko gai izan baitziren.
Irunabarrek Irunero eta Bidasoko Hitzarako ikasturtez ikasturte bertsoak idazten egiten duen elkarlanak bertso-egileengan sortutako kezka eta beharren jiran antolatu dira topaketak. Aurrerantzean topaketa gehiago antolatu beharra dagoela ebatzi zuten parte-hartzaileek, kezkatzen dituzten gaiak lantzen eta haien gaineko iritzi eta esperientziak partekatzen jarraitzeko.
Aurten Egoitz Zelaia, Sustrai Colina eta Anjel Mari Peñagarikano arituko dira bertsotan, abuztuaren 6an, Urdanibia plazan, eguerdiko 12:15etik aurrera.
Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko hainbat kidek eta inguru hurbileko lagunek osatu duten halako “bertso-banda”-ren saioa izan da aurtengo Kateako jaietan: Bertsolariak (Adrian Arruti, Abel Zabala, Egoitz Zelaia eta Aitor Errazkin), musikariak (Maddi Sanz, Rafa Rodrigo, Iker Eizagirre eta Beñat Elosegi), eta guzti horien artean, lokailu lanetan, gai jartzailea (Gotzon Aizpiolea). 2022ko maiatzaren 22an izan zen saioa, eguerdiko 12:30etatik 14:00etara bitarte, auzoko frontoian. Hainbat lagunek bidalitako argazkiak segidan. Eskerrik asko zinez Aitor Martinez, Iñigo Gebara, Edurne Mendia, Aratz Altzaga, Gotzon, eta Maddiren “jarraitzaileei”, saioko argazkiak egin eta guri bidaltzeagatik.