Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “apirila, 2017”

Maiatzeko Kabigorriko bertso-gaua [2017-05-04]: A. Zelaia, J.M. Lopez, M. Arozena eta I. Zelaia

Badator ikasturteko azken-aurreko bertso-gaua, Andoni Zelaia, Juan Mari Lopez, Manolo Arozena eta Iñaki Zelaia bertsolariak kantuan aditzeko aukera eskainiko diguna. Lau bertsolariei gaiak jartzen eta saio aurkezten, aldiz, Urko Casado ariko da, Txingudiko bertso-eskolako kide astigartarra. Bat-bateko saio aurreko bertso-jarriak Egoitz Zelaiaren eskutik helduko zaizkigu.

19:30etatik aurrera izango da saioa, eta ondoren, gogoan har ezazue Kabigorrik afaltzen geratzeko eskaintzen digun aukera paregabea.

Bertan ikusiko dugu elkar.

This slideshow requires JavaScript.

… Bertso guztien habia

Hona Taket Bertso Eskolako kideek eta Mungiako musikariek elkarlanean ateratako diska. 5 euroan dago salgai, eta gurean ere baditugu ale batzuk. Eskuratu nahi izanez gero, jarri harremanetan gurekin irunabar@gmail.com helbidera mezu bat bidalita.

Taketekoek ondutako lan honi buruz gehiago jakiteko:

http://www.bertsoa.eus/eu/bertsoa-albisteak-ficha.asp?idAlbistea=6498

http://www.bertsolari.eus/bertsolaritzaren-hemeroteka/bertso-guztien-habia-mungia/

http://www.hamaika.eus/tb/bideo/81047

http://www.kontaizu.eus/node/1569

Txingudi II taldeko kideek Gipuzkoako Herriartekoan kantatutako hainbat bertso

Txingudi II taldeak Irungo Mendizaleak Elkarteak Larretxipi kalean duen lokalean hartu zuen “Ebie ai do” taldea, 2017ko martxoaren 3an, eta Andoainen kantatzera joan ziren 2017ko martxoaren 10ean. Hura eta gero, bigarren faserako sailkatu, eta Villabonako gaztetxean aritu ziren “Am…ona” taldearekin, lehenik, eta Hondarribiko Olagarro Kultur Elkartean hartu zuten “26 +” taldea, 2017ko apirilaren 8an. Hona lau saio horietan barrena Aitor Errazkinek, Egoitz Zelaiak eta Manu Goioganak ondutako ariketa eta bertsoaldi zenbait.

 

Txingudi I taldeko kideek Gipuzkoako Herriartekoan kantatutako hainbat bertso

Txingudi I taldeak Irungo Hazia Elkarte Kulturalean hartu zuen Ereñotzuko Taldea, 2017ko martxoaren 3an, eta Azkoitiara kantatzera joan ziren 2017ko martxoaren 10an. Hona bi saio horietan barrena Abel Zabalak, Iñigo Ugartek eta Andoni Zelaiak ondutako ariketa eta bertsoaldi zenbait.

 

JOXE MARI LOPETEGIREN ITURRITIK BERTSOTAN – Kantaldia (bideoa)

Blog honetan adierazi genuen bezala, 2016ko urriaren 22an izan zen Joxe Mari Lopetegi bertsolari irundarraren omenez antolatu genuen kantaldia; orduko grabazioa publiko egiteko, ordea, gaurko eguna hautatu dugu: Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zen egunaren bezpera, eta Joxe Mari Lopetegi zenaren eguna, 1875eko apirilaren 13an jaio baitzen, Irunen, orain dela 142 urte.

Post honekin itxitzat ematen dugu, momentuz, Txingudiko Bertso Eskolako Bertso-tailerreko kideek 2016ko urrian Joxe Mari Lopetegi bertsolari irundarra eta haren obra ezagutzera emateko abiatutako ekitaldi sorta. Mila esker bihotz-bihotzez bidelagun izan zareten guztioi.

Kantaldiari buruz, hona Argia aldizkariko zuzendari Estitxu Eizagirrek bere blogean idatzitakoak. Mila esker, Estitxu, beste behin ere (Estitxuk “Joxe Mari Lopetegi: Irungoa, errepublikarra eta bertsolaria” artikulua idatzia zuen, aurrez, Argian bertan, 2005. urtean).

Post Navigation