Azken Kabigorriko Bertso-Gaueko argazki bilduma [2022-12-01]
Kaixo, bertsozale.
Hainbeste saioren ondoren, abenduaren lehenean egin genuen proiektu handi honen azken saioa. Jarraian gauak emandako zenbait irudi.
















Kaixo, bertsozale.
Hainbeste saioren ondoren, abenduaren lehenean egin genuen proiektu handi honen azken saioa. Jarraian gauak emandako zenbait irudi.
Urtarrilaren 4ean izango da urteko lehendabiziko bertso gaua, eta bertan ariko dira Iñaki Zelaia, Julen Zelaieta, Aimar Karrika, Andoni Zelaia eta Abel Zabala. Gaiak jartzen Aitor Errazkin ariko da, eta bat-bateko saioaren aurreko bertso jarriak, aldiz, Adrian Arrutiren eskutik helduko zaizkigu.
Gogoan izan saioa eta gero afaltzeko aukera paregabea eskaintzen digula Kabigorrik. Bertan elkar ikusiko dugulakoan, urte berri on denoi.
Arratsaldeko 19:30etatik aurrera izango da azaroko Kabigorriko bertso-gaua. Arkaitz Oiarzabal “Xamoa” bertsolari oiartzuarrak hartu du oraingoan saioa aurkeztu eta gaiak jartzeko ardura, eta Julen Zelaieta, Amaia Agirre, Iñaki Gurrutxaga eta Nerea Elustondo ariko dira bertsotan.
Bat-bateko saio aurretik, Beñat Elosegi Txingudiko bertso eskolako kideak jarritako bertsoak eta haur eta gaztetxoen bertso-eskolako ikasleak bertsotan aditzeko aukera izango dugu.
Saioa eta gerorako ere, eta Kabigorrin ohikoa denez, ez da proposamen faltarik: goxo-goxo afaltzeko aukera paregabea.
Anima zaitezte!
Apirilaren 16an hartu genituen Txingudi taldekook goierritarrak gurean, Irunabarrek (Irungo bertsoaren bilgunea), Antxeta Irratiak eta EKTk (Bidasoako Kultur Elkartea) elkarlanean antolatutako bertso-bazkarian. EKT elkartean antolatu genituen otordua eta saioa bera, eta Antxeta Irratiak bere 15. urteurrena dela eta programatutako urte osoko egitarauaren barnean txertatu genuen ekimena.
Eguerdiko 13:00etarako hasi zen jendea EKTra biltzen, ordurako elkartea girotzen hasiak baitziren Aritz Erasun eta Aitziber Arruabarrena trikitilariak.
60 bazkaltiarretik gora bildu zen azkenerako, eta 14:00ak jota hasi ginen bazkaltzen, Antxeta Irratiko, Irunabarreko eta EKTko bozeramaile banak ongi etorria egin eta Bertsotruk ekimenaren zein elkarte antolatzaileen arteko elkarlanaren berri eman eta segidan. 16:30ak pasatxo ekin zion lanari Abel Zabala irundarrak, saiorako gaiak prestatu eta egunean bertan saioa gidatzeko ardura hartua zuen Irunabarreko kideak, eta Goierri eta Txingudi taldeen izenean kantuan hastear ziren bertsolariak aurkeztu zizkien entzuleei: Mikel Tapia, Ane Beloki eta Odei Lopez Goierritik, eta Urko Casado, Manu Goiogana eta Aitor Errazkin Txinguditik.
Saio gustagarri askoa egin zuten bertsolariek, eta entzulearen txaloak eta irriak lortu zituzten, ez gutxitan. Gaiei dagokienean, bertsolariek umoretik jo zezaten prestatua zituen Zabalak, eta hala egin zuten bertsolariek, aukera izan zuten guztietan. Bertsolariek ofizio bana burutzeko aukera izan zuten, eta, gainerakoan, hiru, lau eta sei lagunen artean burutu beharreko ariketei egin zieten aurre. Ia ordu eta hiru laurdeneko saioa eta gero, bertsolariak, antolatzaileak eta entzuleak, denak gustura. Lagun zahar eta berriak agurtu, elkartea jaso, erratza pasa, kontuak egin eta argiak itzali genituen, neke eta nahigabe punttuaz, baina datorren urtean berriz ere “Bertsotruk” berpiztuko dugun esperantzarekin.
Irunabarretik esker bereziak eman nahi dizkiegu Bertsotruk egitasmoak iraun duen bitartean laguntza eskaini diguten lagun guzti-guztiei eta saioetara hurbildu diren entzule guztiei, eta bereziki Joxeja Zabalo jarraitzaile sutsu eta eragile nekaezinari eta Julen Zelaieta bertsolari beratar prestuari. Biba zuek!
Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneak Euskararen Egunak herri ekimenean parte hartu du aurtengoan ere. Izan ere, Irungo hainbat eragilek elkar hartzen du Euskararen Nazioarteko Egunaren jiran, eta aprobetxatzen dute euskararen alde jarduerak antolatzeko zein elkarteen arteko elkarlana sustatzeko. Hala, Irunabarrekook, aurten, Kabigorriko osteguneko saioa Euskararen Egunak-eko egitarauan sartzeaz gainera, Auntxa trikitixa eskolarekin, Irungo Musika Eskolarekin eta Txorimaloak soinu taldearekin aritu gara elkarlanean, honako ekintzak aurrera ateratzen gure aletxoa jartzen:
2015-11-27 > Triki bertso poteoa, Irungo Urdanibia Plazatik abiatuta: Aia taberna, Txalaka sagardotegia, Irungo Atsegiña, Urdanibia taberna eta Hazia Elkartea. Iñigo Ugarte, Abel Zabala, Julen Zelaieta eta Aitor Errazkin.
2015-11-29 > Euskararen Egunak emanaldia, Irungo Txorimaloak Soinu Taldeak antolatua. Aitor Errazkin eta Egoitz Zelaia
2015-12-03 > Kabigorriko bertso gauak. Karlos Aizpurua, Jon Martin, Patxi Castillo eta Aitor Errazkin.
Aurten Moskuko Jaietako bertso saioetan Irunabarreko hainbat kide aritu dira bertsotan eta antolakuntza lanetan. Hona larunbateko bertso-triki-poteoak eta igandeko bertso saioak utzi dizkiguten hainbat irudi.
Gaur hasi dira Moskuko jaiak, eta egitarau betea eskainiko digute igandera bitarte. Bertsoari dagokionean, bertso-triki-poteoa izango da larunbat honetan, abuztuak 16, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, herri bazkariaren ondotik. Arkaitz Oiarzabal “Xamoa” oiartzuarra, Egoitz Zelaia hendaiarra eta Aitor Errazkin irundarra ariko dira bertsotan.
Igandean, aldiz, bertso jaialdia izango da eguerdiko 12:00etatik aurrera. Bertan, Haritz Casabal pasaitarra, Julen Zelaieta beratarra eta Gotzon Aizpiolea irundarra ariko dira bertsotan; laugarren bertsolari bat ere izango da oholtzan, baina oraindik ez da nor izango den zehaztu. Gaiak jartzeaz Egoitz Zelaia hendaiarra arduratuko da.