Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “martxoa, 2015”

Apirilaren 9an, Kabigorriko hurrengo bertso gaua

Hiru bertso gau eder eta bero ditugu oraindik gozatzeko ikasturtea bukatu aurretik, apiriletik ekainera bitarteko hirurak, hain zuzen ere. Apirilaren 9an, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Iñigo Ugarte irundarra, Maddi Sarasua itsasuarra, Patxi Castillo beratarra eta Unai Gaztelumendi añorgarra ariko dira bertsotan. Gotzon Aizpiolea irundarrak jarriko dizkie gaiak lau bertsolariei, eta Exteban Martiarena oiartzuarraren eskutik joango dira bat-bateko saioaren aurreko bertso jarriak.

This slideshow requires JavaScript.

Anima zaitezte! Eta kontuan hartu Kabigorrik saioa eta gero ederki asko afaltzeko aukera eskaintzen digula ostegunero.

Korrikaren aldeko bertso-afaria ederki asko joan zen

Joan den martxoaren 14ean bertso-afaria antolatu genuen, Korrika 19 zela eta, Irungo AEKrekin eta Bidasoako EKTrekin elkarlanean. Bikain afaldu genuen bertara bildutako 60 lagun inguruk, sukaldari eta zerbitzari boluntarioen lanari esker. Afalondoan, omenaldia eskaini zien Irungo AEKk Brasil gozodendako Koldo eta Xoleri, erretiroa hartu berritan, urtetan egindako lana eskertzeko. Lore sorta, Ainara Maiaren olerkia, Egoitz Zelaiaren bertsoak eta bertaratutako guztion txaloak eta esker ona etxeratu zituen bikoteak. Ondoren, bertso saio ederraz gozatzeko parada izan genuen Iñigo Ugarte, Egoitz Zelaia, Gotzon Aizpiolea eta Abel Zabalaren bertsoei esker.

Hona larunbatean bildutako hainbat irudi:

This slideshow requires JavaScript.

“Hendaia Euskaraz”en estreinaldian bertsotan

Hendaia Euskaraz hilabetearen estreinaldia ospatzen zela eta, Txingudiko bertso eskolako Gotzon Aizpiolea eta Urko Casado Hendaiako Herriko Etxean aritu ziren bertsotan martxoaren 3an. Ekimenaren antolatzaileek aurten aisialdia hautatu dute lan-lerrotzat, eta honako leloa jarri hilabetez luzatuko duten ekintza multzoa biltzeko: “Aisialdiak, euskaraz aise!”, eta gaiaren bueltan aritu ziren Urko eta Gotzon.

 

This slideshow requires JavaScript.

Martxoaren 14an Korrikaren aldeko bertso-afaria EKTn

Korrika 19 dela eta bertso afaria antolatu dugu Irungo AEK-k, Bidasoaldeko EKT-k eta Irunabarrek.

Martxoaren 14an izango da, larunbatarekin, gaueko 20:30etatik aurrera, Bidasoaldeko EKTn (Larretxipi kalea, 12 – Irun). Afariaren prestaketaz sukaldeko lanetan hainbat bider aritutako boluntarioak arduratuko dira (otordu bikaina dastatzeko aukera, beraz), eta afalosteko bertso saioaz, aldiz, Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneko jendea. Bertsotan Gotzon Aizpiolea, Egoitz Zelaia, Iñigo Ugarte eta Abel Zabala ariko dira; gai-jartzaile lanak Aitor Errazkinek hartuko ditu bere gain.

Sarrerak 15 euroan izango dira salgai Irungo EKTn eta Hazia kultur elkartean. Bestalde, zalantzak argitzeko eta sarrerak lortzeko hirugarren aukera modura, 618 889 702 telefono zenbakia jarri dugu zuen zerbitzura.

Anima zaitezte Korrikari bultzadatxoa ematera. Ederki pasako dugu.

 

Kabigorriko martxoko bertso gaua, hilaren 5ean!

Martxoaren 5ean izango da hilabete honi dagokion bertso gaua. Kabigorrin izango da, beti bezala, Irungo Peña kaleko lehenengoan, arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Martxoko zitan Gotzon Aizpiolea irundarra, Maddalen Lopez lesakarra, Aimar Karrika auriztarra eta Aitor Servier azkaindarra ariko dira kantuan, guztiak Egoitz Zelaia hendaiarraren aginduetara. Bat-bateko saio aurretik Abel Zabala irundarrak bertso jarriak kantatuko ditu. Eta saioa amaitutakoan, badakizue Kabigorrik aukera ezinhobea eskaintzen digula bertan lagunarte atseginean afaltzeko; aprobetxa dezagun.

This slideshow requires JavaScript.

Bestalde, ostegunean sarituko dugu joan den hilabeteko argazki lehiaketako irabazlea, eta jendearen parte hartzea ikusita, ekimenari jarraipena ematea pentsatu dugu. Beraz, prest ekarri zuen argazki makinak, sakelekoak, edo dena delakoak.

 

Post Navigation