Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “apirila, 2026”

Txingudi A taldea aurrera, Gipuzkoako Herriarteko Taldekako Txapelketan.

Txingudi A taldeak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako final-laurdenetako saioa izan zuen apirilaren 24an, arratsaldeko 19:00etan, Hernaniko Milagrosan, bertako Hernani taldearen aurka.

Azkenean, estu-estu, eta talde bien artean oso saio ederra osatu ondotik, Txingudi A taldeak Txapelketan aurrera egitea hobetsi zuten epaileek. Zorionak Igauri, Jon eta Manu! Eta zorte on aurrerantzean!

Saio ostean bertaratu zirenek mokadutxoa egiteko aukera eduki zuten Hernaniko bertso-eskolaren eskutik. Mila esker egindako harreragatik eta hartutako lanarengatik!!

Maiatzaren 16an izango du finalerdietako saioa Txingudi A taldeak, Tolosako Bonberenean, 18:00etan hasita. Bertan, Zumarraga-Urretxu 1 taldekoekin ariko dira kantuan Irunabarreko kideak. Bertan ikusiko dugu elkar!

Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketako final-laurdenetako saioa Hernanin [2026-04-24]

Kaixo, bertsozale.

Dagoeneko amaierako fasean murgildua da Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa. Donostia-Oarso-Bidasoa bailarako saioetan nagusi irten ondoren, Buruntzaldeako irabazle izan zen Hernani taldearekin ariko da Txingudi A taldea final-laurdenetan.

Aipatutako saioa apirilaren 24an, ostiralean, izango da eta 19:00etan emango zaio hasiera. Bertsotan “Txingudi A” taldeko Igauri Lopetegi Amostegi, Manu Goiogana Bengoetxea eta Jon Luzuriaga Iurramendi eta “Hernani” taldeko Ekain Tolaretxipi Errazti, Unai Agirre Goia eta Eñaut Martikorena Lizaso ariko dira; gai jartzen, Jon Cia Insausti eta Markel Oiarzabal; epaile lanetan, berriz, Aitor Errazkin Vicente eta Ainara Azpiazu Aduriz “Axpi”.

Hernaniko Milagrosa aretoan jokatuko den saiorako sarrera eskuratu beharra dago. Horretarako bertsosarrerak.eus atarian duzue aukera, eta bestela, saioa hasi aurretik txarteldegian.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan, ostiralera arte!

“Herri Dantzaria”. Aiora Fagoaga Izaren bertsoak, Bidasoako Hitzan.

HERRI DANTZARIA

Egilea: Aiora Fagoaga Iza
Doinua: Aita San Migel Idurretako

Hemen jaitsi dezakezu

1
Iturenen eta Zubietan
joaldunen joariak
hamaika herritan dantzan eta
hartzak atera nagiak.
Puska biltzera ta sorgin dantzan
herriak daude biziak
udaberria loratutzeko,
gora gora inauteriak!

2
Kriskitin hotsak entzun Oñatin
denak badoaz plazara.
Urdiainen ta Biasterin San Juan,
ekainan dena algara
Hernani eta Andoain ere
axeri-dantzan festara
urteko penak sutan erreta,
ongi pasatu udara.

3
Zubi, herria dantzariz betez,
Lesakak badu distira
Trokeo dantzak Iruñan bizi
plazan jira eta bira.
Euskal Herria dantza ta dantza
mila tokira begira
udara eta egun beroak
segituan pasa dira.

4
Katximorroa Eltziegon eta
biba Bobo ta Otsagi!
Cortesen ere makilak jota
indarra Erriberari.
Ezpata, makil ta txintxarriak
entzuten dira ugari
eta Iurretan hanka altxatuz
esan agur irailari!

5
Inauteritan puska biltzera
ezetz etorri laguna
Soka-dantzakin gaur jaiak hasi,
bihar da San Juan eguna
Ezpata-dantza irailan dugu
ekainan galdu duzuna
beti kanpora begira baina
hau da hemen daukaguna.

6
Laburpentxoko dantza guztiek
badute bere magia
Euskal Herriko dantzen zerrenda
da luze ta ugaria.
Gure Bidasoa txiki hontan
badabil hor gazteria,
Euskal Herria zerbait bada da
herri oso dantzaria.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irunabar-bertso-sorta-aiora-fagoaga-2/

“Baratzea”. Josu Laguardia Igiñitzen bertsoak, Iruneron.

BARATZEA

Egilea: Josu Laguardia Igiñitz

Doinua: Praixku Galtzarreta A

Hemen jaitsi dezakezu

1)
Baratzea udazkenean, oraindik, emankor.
Tomate festak jarraitzen du, baina gain behera dator…
Elikatzen, erleak, etenik gabe, hor…
Kuia eta zerba biltzera oso gustura nator!

2)
Abenduan bada lana, baina nahiko suabe.
Zeruan eguzkia ez da gehiago jaun da jabe.
Babak erein behar dira, ta erleak, bestalde,
erlauntzetan gordetzera egiten dute alde.

3)
Urtarrilean gurean ezin dut gehiago.
Hotza eta euria barra-barra, jai girorik ez dago.
Etxetik irten gabe, aspertuta nago.
Bitartean baratzean, barazki gutxiago.

4)
Barazki gutxi eta euria, guretzat, kondena.
Kuiarik eta zerbarik ez… betetzeko barrena.
Aza bat edo beste, neguko azkena…
Norbaitek uzta biltzeko ba al du itxaropena?

5)
Martxoarekin batera, epeltze garaia.
Agur otsaileko elurra, barazkien etsaia!
Konpondu arrastalua, zorroztu igitaia!
Azkenean, baratzean piztu egin da jaia.

6)
Jaia hasi ondoren, uzta; bazkaltzeko, bapo!
Eguzki-beroa nolako, jan-edana halako!
Marrubiak, ilarrak…. Den-dena, etxerako!
Lagunei pixar batzuk… maite ditugulako!

7)
Baratzea egin dezagun! Egin, berehala!
Tokikoa baino hoberik, topa daiteke ala?
Bideratu hortara gure eginahala!
Elikadura sanoa… Hori bai naturala!

8)
Ta erleekin arestian, a zer buruhauste!
Lorautseztapenik ez dago, haiek gabe, ez uste!
Milioika polen-bidai egiten dituzte.
Baratzeen desagertzetik, salbatu ohi gaituzte!

Iturria: https://irunero.eus/zerrendan/

Post Navigation