Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “ekaina, 2016”

“JOXE MARI LOPETEGIREN BERTSOAK KALERIK KALE” ekimenaren laburpentxoa

Hona hemen “JOXE MARI LOPETEGIREN BERTSOAK KALERIK KALE” ekimenaren laburpentxoa, 2016ko ekainaren 10ean bildutako irudi eta hotsekin osatutako ikus-entzunezko labur batean, bertso-tailerreko lagunen eskutik.

Irungo bertso eskolen V. eguna

2016ko ekainaren 4an ospatu genuen Irungo bertso eskolen eguna, bosgarren urtez jarraian, Meaka auzoko Ola sagardotegian. Ehun lagun inguru bildu ginen, eta Txingudiko bertso eskolako talde guztietako partaideek eta Txingudi Ikastolako bertso-tailerreko haurrek hartu zuten parte.

Bertsoez gain, trikiti doinuek ere ederki bete zuten Ola, Auntxa trikiti Eskola eta Musika Eskolako ikasleen eskutik, Iñaki Aranaga irakasleak gidatuta.

This slideshow requires JavaScript.

Egun hartakoak laburtzen dituen ikus-entzunezko honekin batera, Txingudiko bertso eskolako haur eta gazteen taldeko zenbait ikaslek euren marrazki eta bertsozko kronika bidali digute (mila esker guztioi!):

Doinua: mila kilo zorion

Gure saioa hasteko
neukan nik irrika
arratsalde txukuna
ta saio polita
jende guztia joan da
saioa ikusita
txintxo-txintxo egon dira
denak eserita.

June Caro Sagarzazu. 2016-06-06

 

Doinua: Astoa ikusi nuen

Hura apaindu genun
pila bat bertsokin
olan izandu zen hoi
multzo bat jendekin
Merendu bat egon zen
janari askokin
Olatik itzuli naiz
gogo gehiagokin.

Aitor Labandibar Herrero. 2016-06-06

 

Doinua: Orioko balearenak

Ekainak 4 izan zen
bertsoen eguna
Olan elkartu ginen
gu eta laguna
Egun zoragarria
ta oso txukuna
hori da itzultzeko
gogoa duguna!

Hai Trieu Alzaga Truong eta Osane Amiano Galdos. 2016-06-06

 

20160606_182653

Ainize Lazkano Aizpiolea. 2016-06-06

Hika ikastaroa, arrakastatsua oso

Maiatzaren 28an amaitu zen AEK Irungo euskaltegiak eta Irunabarrek elkarlanean antolatutako hika ikastaroa. Hamar ikasle inguru bildu da ikastarora, eta guztiek egin dute ikastaroaren oso balorazio positiboa, bai ikasleek, bai antolatzaileek, eta baita irakasle lanetan aritu diren Joxan Elosegik eta Aitor Errazkinek ere. Ea, bada, 2016-2017 ikasturtean gisa bereko ikastarorik antolatzerik baden.

Arrakastatsua ikasturteko azken bertso-gaua

Bete egin zen atzo Kabigorri. Aurreikusi bezala, bertso-tailerreko lagunak bertan izan ziren, eta haiek eman zioten hasiera saioari, Joxe Mari Lopetegiren “Semeak amari” bertso sorta kantatzeko gonbita eginaz bertaratutako jendeari. Ondoren, Oinatz Mitxelenak eta Eneko Sanchez gai jartzaileek hartu zuten saioaren gidaritza, eta umorez eta maisutasunez bertsolari sarda bat jarri zuten lanean. Umoretik joan zen saioa, eta entzuleak eskertu zuen hori. Kabigorriko mahaietan bazen, gainera, nahikoa pintxo goxo eta sagardo, Kabigorriren eta Irunabarren kontura joan zirenak. Eta halaxe igaro genuen arratsa, umore eta lagunarte ezin hobean.

This slideshow requires JavaScript.

Mila esker bihotz bihotzez Eneko eta Oinatzi, hartutako lan eta pazientzia eskergarengatik; Kabigorriri, gurekin jostatzen segi nahi izateagatik (esker bereziak Naroari, atzoko partez); eskualdetik kanpo gerturatu zineten bertsolari guztioi: Alaia Martin, Julen Zelaieta, Arkaitz Oiarzabal “Xamoa”, Patxi Castillo, Haritz Casabal eta Beñat Gaztelumendi. Eta, nola ez, zuri, entzule; zure babes, txalo, arreta eta irririk gabe, gureak ez luke zentzurik izango.

Jaso besarkada bana, eta urrira arte,

Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Joxe Mari Lopetegirekin kalerik-kale [2016-06-10]

joxe mari lopetegi ixeritaBertso-tailerrak bertso-ibilaldia antolatu du ekainaren 10erako. Gaia, Joxe Mari Lopetegi bertsolaria. Arratsaldeko 18:30etarako egin dute lehendabiziko deialdia, Irungo herriko etxean (bigarren deialdia 19:00etan, Irungo Atsegiñan, berandu datozenak batu daitezen), eta hona bertso-tailerrekoek proposatu duten ibilaldia: herriko etxea, Atsegiña, EKT, Deportivo taberna,”Lopetegi-etxeak” (Erlaitz kalea) eta Santiago kaleko 1.goa (Joxe Mariren jaiotetxea). Sei toki hauek, besteak beste, garrantzia berezia izan zuten Joxe Mari Lopetegiren obran eta bizitzan, eta bakoitzean bertso-sorta bat kantatzea proposatuko dute tailerrekoek, eta eurak arduratuko dira, gainera, bertso sorta horiek denboran eta testuinguru historikoan kokatzeaz, bertaratutakoek Joxe Mari Lopetegiren hainbat aspektu ezagutu ditzaten.

Bertso-tailerrekoek animatu egin nahi dute jendea bertso-kalejira honetara, eta, batez ere, proposatutako geldiuneetan bertsoak kantatzera. Izan ere, bertso-paperak banatuko dizkiote jendeari, eurekin batera kanta dezaten.

Hainbatetan bezala, bertso-tailerrekoek Auntxa trikitixa eskolako ikasle-irakasleak izango dituzte lagun, bi elkarte hauen arteko hartu-eman onaren seinale. Irunabarretik ez gara sekula aspertuko Iñaki Aranaga eta haren ikasleek egiten duten lana eskertzen. Bejondaiela!

Ekimen honen berri bihar emango dute bertso-tailerreko kideek, ekainaren 2ko Kabigorriko bertso gauean.

joxemari ibilbidea

Post Navigation