Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the category “Berriak”

Txingudiko Lore Jokoetan bertso-jaialdia izango da larunbatean

Kaixo, bertsozale:

Txingudiko Lore-Jokoen baitan egitarau zabala antolatu dute egunotan. Ekitaldien artean, larunbatean, urriaren 10ean, bertso-jaialdia izango da Irunen.

Saioa 18:30ean hasiko da, Istillaga plazan, eta kantuan ariko dira Manu Goiogana Bengoetxea eta Igauri Lopetegi Amostegi irundarrak. Aiora Fagoaga Iza irundarra izango da gai-jartzailea. Bertan, Hendaiako hainbat bertso-eskolako kidek ere egingo dute bertsotan.

Bertara gerturatu eta arratsaldeko bertsoez gozatzeko gonbita luzatzen dizuegu.

Jarraian, Txingudiko Lore-Jokoen egitarau osoa:

Txingudiko bertso-eskolako kideak Eugeniren Txokoan. Hitz eta pitz.

EUGENIren TXOKOA – EuTxo bertsozale, euskaltzale, artista, kirolari eta hainbat ekintzaileren topagune kuttun bilakatu da azkenaldian. Oraingo honetan, Txingudiko bertso-eskolako hiru kide izan dira Eugeniren gonbidatu bereziak: Igauri Lopetegi Amostegi eta Manu Goiogana Bengoetxea irundarrak eta Jon Luzuriaga Iurramendi Ikaztegietarra. Bertan, beren bertso-ibilbideaz, langintzez eta bizitzako hainbat pasartez hitz egiteko aukera izan dute.

Eskerrik asko, bihotz-bihotzez, Eugeni Alzibar Etxeberria, zure etxeko ateak horrela zabaltzeagatik!

Hemen dituzue elkarrizketak ikusgai:

Igauri Lopetegi Amostegi:

Jon Luzuriaga Iurramendi:

Manu Goiogana Bengoetxea:

Txingudiko bertso-eskolak: 2026-2027 ikasturtea. Izen-ematea abian.

Azken ikasturteetan bezalaxe, aurtengoan ere, Txingudiko bertso-eskolak hainbat talde martxan jartzeko asmoa du 2026ko urritik aurrera:

  • Haur, nerabe eta gazteentzako bertso-eskolak
  • Hasiberrientzako bertso-eskolak
  • Bat-bateko jardunerako taldeak


Txingudiko bertso-eskolen jardunak, ordea, ez du zertan bat-bateko jardunera mugatu. Beraz, beste edozein arlo landu edo ekimen bultzatu nahi baduzue, pozik entzungo zaituztegu. Izena emateko edo informazioa behar baduzu, idatzi lasai asko irunabar@gmail.com posta elektronikora, eta gu geu jarriko gara zuekin harremanetan.

Anima zaitezte, eta zabaldu mezua.

Beste ikasturte batez Irunero eta Bidasoako Hitzarekin elkarlanean

Irunabarren, ondo dakizuen bezala, bertso idatziek ere badute euren lekua. Bertsolaritza eta bertso-jarriak inguruko txoko eta plaza ezberdinetara eramateko asmoz, hainbat urtez aritu gara bailarako hedabideekin elkarlanean, eta bide horretan 149 argitalpen egin ditugu, 142 bertso-sorta ezberdinek ikusi dute argia eta 28 bertso-jartzaile izan ditugu bidelagun. Ikasturte honetan ere, elkarlan horiei eutsiko diegu.

Hasi berri dugun 2026/27 ikasturtea hamargarrena izango da Irunerorekin elkarlanean. Urritik ekainera bitarte, hilero, hilabetearen hasieran, Txingudiko bertso-eskoletako kide batek sortutako bertso-jarriak argitaratuko dira aldizkariaren paperezko edizioan. Handik egun gutxira, argitalpen bera formatu digitalean ere izango duzue eskuragarri. Eta, noski, sorta guztiak Irunabarren webgunera ere ekarriko ditugu.

Bestalde, zortzigarren ikasturtea izango dugu Bidasoko Hitzarekin elkarlanean. Txingudiko bertso-eskoletako kideren baten bertso-jarriak hilabeteko azken ostiraletan argitaratuko dira, irailetik ekainera bitarte. Kasu honetan ere, paperezko edizioan zein bertsio digitalean izango dituzue irakurgai, eta Hitzan argitaratutako sorta guztiak Irunabarren webgunean ere bilduko ditugu.

Horrez gain, elkarlan hauen osagarri gisa, idatzitako bertso-sortak musikatuak direnean ere zabalduko ditugu gure webguneko argitalpenetan eta Ivoox-eko kanalean. Beraz, ikasturte honetan ere animatzen bazarete, plazer handiz jasoko ditugu zuek musikatu eta kantatutako bertso-sortak irunabar@gmail.com helbidean.

Eskerrik asko, beste behin ere, elkarlan hau posible egiten duzuen guztioi!

Bertso-saioa Arbes auzoko jaietan [2026-08-29]

Kaixo, bertsozale:

Arbes auzoko festak izango dira abuztuaren 27tik irailaren 3ra bitarte. Egitarau zabala antolatu dute auzo elkarteak eta auzoko tabernek hainbat komertzio eta erakunderekin batera. Tartean, larunbatean, arratsaldeko lauretan hasita, bertso-saioa eskainiko dute Manu Goiogana Bengoetxea irundarrak eta Jon Luzuriaga Iurramendi ikaztegietarrak.


Jarraian egitarau osoaren berri ematen duen lotura:

https://irunero.eus/arbesek-bost-eguneko-jai-egitaraua-prestatu-du-abuztuaren-27tik-31ra-auzoa-jaietan-murgiltzeko

Eta saioko afixa:

Moskuko Jaiak 2026 [Argazki bilduma]

Kaixo, bertsozale:

Pasa den igandean, abuztuaren 16an, urteroko bertso-saioa izan genuen Moskuko Jaietan.

Saioa polita izan zen.

Argazki bilduma jarraian:

Manu Goiogana txapeldun ‘Metaberso, Gaintxurizketako Bertso Txapelketa’-n [2026-08-14]

Gaintxurizketako Antxillastegin jokatu zen ostiralean Metaberso, Gaintxurizketako Bertso Txapelketaren lehen edizioa, giro ederrean eta auzotarren erantzun beroarekin. Bertso saioaren aurretik, 20:30ean, afari autogestionatua egin zuten bertaratutakoek, eta 22:30ean ekin zioten saioari.

Zortzi bertsolari aritu ziren kantuan: Inge Mitxelena oreretarra, Egiar Otegi Torres oiartzuarra, Igauri Lopetegi Amostegi irundarra, Jon Luzuriaga Iurramendi ikaztegietarra, Manu Goiogana Bengoetxea irundarra, Karlos Aizpurua Etxarte oiartzuarra, Jon Altuna Iza «Oxan» hernaniarra eta Mikel Lujanbio «Xapo» hernaniarra. Epaile lanetan Zuhaitz Olazabal Susperregui eta Abel Zabala Elizazu aritu ziren, eta Iñigo Ugarte Azurmendik gidatu zuen saioa.

Bertsolarien jarduna arretaz eta gustura jarraitu zuen bildutako jendeak, eta gauaren amaieran Manu Goiogana Bengoetxea izan zen lehen edizioko txapelduna.

Lehen aldia izanagatik, ekimenak harrera oso ona izan zuen Antxillastegin. Saioa amaituta, auzokideen artean iritzi nagusia argia izan zen: errepikatzeko moduko ekimena da. Lehen edizioak, beraz, hurrengo baterako atea zabalik utzi du.

Bertsolariek amaierako agurretan egin bezala, hemendik ere eskerrak eman nahi dizkiogu Iñigo Ugarte Azurmendiri, ekimena aurrera ateratzeko egindako lan guztiagatik eta bertsolariak hain goxo hartu eta zaintzeagatik.

Moskuko Jaiak 2026

Kaixo, bertsozale:

2026 honetan ere Moskuko Jaiak egongo dira eta aurten ere, egitarau zabal eta aberats baten baitan, bertso-saioa antolatu du Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneak, Moskuko Jai Batzordeko kideekin elkarlanean.

Bertso-saioa, igandean izango da, abuztuaren 16an. Plazan izango da, arratsaldeko 17:30ean. Oinatz Mitxelena gai-jartzailearen esanetara ariko dira kantuan Irantzu Idoate hazpandarra, Igauri Lopetegi irundarra, Jon Luzuriaga ikaztegietarra eta Ekhiñe Zapiain beratarra.

Adiorik ez! [2026-05-30]

Txingudi A taldea Gipuzkoako Herriarteko Taldekako Txapelketako finalaren atarian gelditu da.

Txingudi A taldeak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako final-erdietako saioa izan zuen maiatzaren 16an, arratsaldeko 17:00etan, Tolosako Bonberenean, Zumarraga-Urretxu 1 taldearen aurka.

Saio bizia, parekatua eta maila altukoa entzun ahal izan zuten bertaratu zirenek. Igauri Lopetegi Amostegi, Manu Goiogana Bengoetxea eta Jon Luzuriaga Iurramendi izan ziren Irungo taldea ordezkatu zutenak. Manex Mantxola Urrate, Mikel Iturriotz Etxaniz eta Antton Fernandez Lasa, berriz, Goierriko taldean kantuan aritu zirenak. Epai mahaia Aitor Errazkin Vicente, Jon Mendizabal eta Iñigo Legorburuk osatu zuten. Leire Akizu Bidegain aritu zen gai jartzen.

Azkenean, estu-estu Zumarraga-Urretxu 1 taldeak lortu zuen Gipuzkoako Herriarteko Taldekako Txapelketako finalean kantatzeko txartela. Saioa eta gero, Bonberenean bertan afaltzeko aukera izan zuten, bertako lagunen eskutik. Eskerrik asko egindako harrera eta tratu goxoarengatik!

Honenbestez, finalaren atarian agur esan behar izan dio Irungo Txingudi A taldeak Gipuzkoako Herriarteko Taldekako Txapelketari. Ibilbide luze eta oparoa egin dute, beraz bejondeizuela eta zorionak!

Hemen dituzue ikusgai saioko bi taldeen hasierako agurrak eta hainbat argazki:

https://ataria.eus/tolosa/1778955856673-txingudi-a-taldearen-agurra-bonbereneako-finalaurrekoan

https://ataria.eus/tolosa/1778955985076-zumarraga-urretxuren-agurra-bonbereneako-finalaurrekoan

Mila esker Tolosaldeako Atariari eta Unai Gaztelumendiri argazkiak eskuratzeko aukera emateagatik.

Halaber, jarraian duzue saio osoa entzungai Imanol Artola “Felix”ek gidatutako (H)ari naizela irratsaioan:

https://ataria.eus/komunitatea/harituz/1779373341236-bonberenean-jokatutako-gipuzkoako-herriarteko-finalaurrekoko-bertso-saioa


Post Navigation