Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “martxoa, 2023”

Muarako laugarren bertso-gaua [2023-04-07]

Kaixo, bertsozale:

Lehen hiru saioak egin ditugu eta primerakoak izan dira. Laugarren saioaren atarian gaude honezkero. Apirilaren 7an izango da. Bertan ariko da kantuan Txingudiko Bertso-Eskoletako Manu Goiogana Bengoetxea irundarra. Harekin batera Odei Lopez Larrauri legorretarra eta German Urteaga Garmendia beasaindarra izango ditugu. Bertso-saioa 19:30ean hasiko da.

Gogoan izan Muarak afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan,

anima zaitezte!

“Gure herri ttiki hau zer den”. Igauri Lopetegi Amostegiren bertsoak, Bidasoko Hitzan.

GURE HERRI TTIKI HAU ZER DEN

Egilea: Igauri Lopetegi Amostegi

Doinua: Gure herri ttiki hau da

 

“Gure herri ttiki hau da
gosetearen erreinu.
Gaitz erdi zer janik behintzat,
denek izango bagenu.
Ura ta ogia dira
biztanlearen mantenu,
negarrak eta gosea
gure goizeroko menu.
Gaitz erdi gure herrian
bizi ahalko bagenu,
ea ez zaidan bihurtzen
paradisua infernu.” X. Silveira

1)
Gure herri ttiki hau da
mundu handi baten testigu,
gogor hartzen gaituena,
nahiz ta saiatu ezti gu.
Ttikitasunak mesede
handirik egin ez digu,
ez dugu mundu hark beste
ez botere ta ez diru.
Askatasun desioak 
kateak ditu kastigu,
ta boterea duenak 
mantendu nahia aski du.

2)
Gure herri ttiki hau da
horma zuhaitzen gerizan,
Istorioak asmatua
geronek sinis genitzan.
Sehaska kanta kantatuz
Pedagogia bailitzan,
haizea bezain ixilik
egon gintezen bizitzan.
Isiltasunak, norbere
azken esperantza gisan,
azkenerako, alferrik,
ez digu balio izan.

3)
Gure herri ttiki hau da
kolpatua esan zezan
nor babesten duen berak,
nor duen bere defentsan.
Izan izateko gure
buruekiko promesan,
gurari bat jarri dugu
gaur garenaren ordez han.
Nahiz ta hau sinistu dugun
bizi hau jasan genezan,
entzun nahi ez ditugunak
nahi nituzke hemen esan.

4)
Gure herri ttiki, hau da,
hiritxo baten tamaina.
Irunek ez du balio,
antza, besteenak aina.
Irun da delinkuentzia,
muga, droga ta labaina.
Irudi ederra egin 
digute, bai, alajaina.
Euskaldun peto batzuen
hitzez “Irún es España”,
Irun España omen da,
besteak zer dira, baina?

5)
Gure herri ttiki hau da
bereizteko instintua,
sarri berariazkoa,
batzuetan istripua.
Klasismoa izaten du,
maizenik, inplizitua:
Atzo belarrimotza zen,
gaur moroa, ijitua.
Txio batean soberan
gelditzen den digitua.
Herri neurriz ttikitua,
pusketatan txikitua.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/hitza-irubabar-bertso-sorta/

“Erlauntzan barrena”. Jon Luzuriaga Iurramendiren bertsoak, Iruneron.

ERLAUNTZAN BARRENA

Egilea: Jon Luzuriaga Iurramendi
Doinua: Nehoiz ez da senditzen

1- SARRERA:
Udaberriak dakar
naturaren iraultza:
kantuan mila txori,
hegan pinpilinpauxa,
eguzki izpi goxoak,
zeruan polen hautsa,
loreen aroma nor ez
da usaintzeko gauza?
Erleek pasa dute
jada neguko pausa,
azter dezagun zer moduz
ote dugun erlauntza.

2- ERLAUNTZA:
Erlauntzaren barruan
“brun-brun”-ka bada grina,
erlamando, langile
nola ez erregina;
hirurogei mila erle
ze etxe atsegina,
erle bakoitzak izaten
du bere zeregina
komunitatearen
mesedetan egina.
Alde horretan ez gara
gu erleak adina.

3- ERREGINA:
Erlauntza bakoitzeko
dago erregin bana
bertako langileen
erlamandoen ama,
berea da erlauntzaren
ugalketaren zama
arrautzak jartzea baita
izaten duen lana,
egunean bi mila
ze sasoia daukana!
Berriz ere izango du
nagusiaren fama!

4- LANGILEAK:
Langileak, bai izen
bai izanez behargin:
lorez lore dabiltza
udaberrian baldin
tenperatura goxoek
badiete eragin.
Garbitzaile, hornitzaile,
soldadu eta hargin;
dena egiten dute
primeran eta arin
gerora ere erlauntza
sasoiko egon dadin.

5- ERLAMANDOAK:
Erle emeez soilik
osatua ez denez,
arrak ere badira,
bertan dirudienez,
ez dira asko zikintzen
nektar edo polenez,
erlauntza ezin babestu
eztenik ez dutenez…
Erlamandoak dira,
“zangano” ezizenez,
erregina estaltzeko
gai dira gutxienez.

6- JANA:
Udaberriko plazer,
poz eta gozamena
udazkena heltzean
bihurtzen zaie pena.
Nektarra listuaz ezti
bilakatzen dutena,
baita ere proteina
iturri den polena,
gelaxketan jasotzen
dute ahal den dena,
eduki dezaten nondik
jan neguan barrena.

7- OSAGAIAK:
Erlauntzan dena ez da
edana eta bazka,
osagai asko dira
zutabe edo masta:
erretxinetik eratzen
duten propoli pasta,
isolatzaile ona da
badauka arrakasta;
argizariz osatu
ohi duten abaraska,
jan almazena da eta
erleentzat sehaska.

8- ARAZOAK:
Klima aldaketaren
albo-kalte gogorra,
barroa akaroa,
asiako liztorra
eta pestizida asko;
hainbat arazo horra.
Erleen defentsa izan
dadin eraginkorra
gizakien laguntza
ia da derrigorra,
erlezainik gabe dute
etorkizun ezkorra.

9- GARRANTZIA:
Ibiltzen direnean
loretik loretara
polinizazioa
haien zeregina da.
Einsteinen idatzietan
jarriaz begirada:
“erle oro desagertu
eta lau urtetara
gizaki denak ere
desagertuko gara”.
Erleen inportantziaz
jabetu ote zara?

10- AMAIERA:
Erleek zenbat dohain
eta zenbat gaitasun!
Hemen da nire sorta:
zailtasunak zailtasun
erlauntza baten barrura
begiak sar ditzazun.
Zure galderaren bat ez
baldin badut erantzun
(nahiz aipatu ditudan
haien lau xehetasun)
zure eskutan uzten dut
deskubritu dezazun.

Iturria: https://irunero.eus/erlauntzan-barrena/

Jarraian bertso-sorta entzungai Jone Garmendia Castañosek musikatu eta kantatuta:

Hemen jaitsi dezakezu

VIII. BERTSO BAZKARIA (2023-03-18)

Post Navigation