Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “urria, 2018”

Hartu Hitzak deituta, bertso bazkaria. 2018-11-10, Bidasoako EKTn (Irun)

Azaroaren 18an Irunen egingo den herri galdeketa antolatzen ari da Hartu Hitza herri-plataforma. Eta galdeketa egunerako 20 egun eskas geratzen den honetan, bertso bazkari baten berri dakarkizuegu. Bidasoako EKT Elkartean izango da, eta bazkaldu eta gero Alaia Martin, Oihana Bartra, Urko Casado eta Aitor Errazkin ariko dira bertsotan, Adrian Arruti gai jartzailearen agindutara. 20 € balio du txartelak, eta Hartu hitza ekimenak, Bidasoako EKTk eta Irunabarrek elkarlanean antolatutako ekimena da.

“Bertso berriak, 2018-2019 ikasturte berriari jarriak” Iruneron. Aitor Errazkin Vicenteren bertsoak

Aitor Errazkin Irunabarreko kideak idatzitako bertso sorta argitaratu du Irunero aldizkariak bere 334. zenbakian. Irunero hamabostekaria bada ere, hilabetero argitaratu zituen joan den ikasturtean eskualdeko hainbat bertsolarik idatzitako bertso sortak, eta berdin egiten jarraituko du hasi berri den honetan ere, Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunearen eta Irunero, Irungo euskarazko hamabostekariaren arteko elkarlan hitzarmena dela eta. Eta bigarren elkarlan ikasturte honi hasiera emateko, arestian aipatu Errazkinen sorta: “bertso berriak, 2018-2019 ikasturte berriari jarriak”.

 
BERTSO BERRIAK, 2018-2019 IKASTURTE BERRIARI JARRIAK
 
 
1) Bi mila hemezortzi
eta hemeretzi
ailegatuko zela
bihar edo etzi
jakin bagenekien;
beraz, gogor eutsi!
Ikasturte berri bat,
erronkak ez gutxi.
Heldu eta alferrik
joaten ez utzi.
 
2) Irunen elkarte eta
talde asko gara
elkarlan, dinamika,
ilusio bailara.
Denei desio diet,
(tamalez hartara
hiri honetan nahiko
ohituak baikara)
trabarik ez bidean,
besterik ez bada.
 
3) Soldatapeko ofizio
denek, jai eta aste,
egunerokoari
loturik gaituzte;
dirusari truk egin
nahi gaituzte “aske”.
Aldiz, afizioek
sarritan, nik uste,
herritarrak bizirik
mantentzen dituzte.
 
4) Hargatik, kultur, kirol
zein gizarte talde,
herriarentzat ari
bagara, ni alde!
Berdin du nork egiten
duen gure galde;
sarritan, lan-baldintza
txiroenen jabe,
hurkoa aberasten
ohiturik baikaude.
 
5) Herritik piztu behar
denean herria
lanean jarraitzea
da kurtso berria.
Eginbeharrei hartzen
bazaie neurria
eta iraila gertatzen
ez bada urria
udazkenez loratzen
da udaberria.
 
6) Dagoeneko martxan
ere Irunabar,
egitasmo berri zein
egitasmo zahar:
bertso-eskolak, hainbat
saio eta abar…
Gurera hurbildu nahi
baduzu, bi ohar:
ez biharko utzi eta
etor zaitez azkar.

Iturria: https://irunero.eus/bertso-berriak-2018-2019-ikasturte-berriari-jarriak/

[ https://irunero.eus/wp-content/uploads/2018/10/Irunero334_txiki-.pdf ]

Abiatu ditugu 2018-2019 ikasturteko Kabigorriko bertso gauak

Ederra, osoa eta bizia izan zen joan den urriaren 4an Ibon Ajuriagogeaskoak, Ainhoa Agirreazaldegik, Manex Agirrek eta Egoitz Zelaiak eskaini saioa. Eneko Sanchezek egin zituen gai-jartzaile lanak, eta Aitor Errazkinen eskutik heldu zitzaizkigun bat-bateko saio aurreko bertso jarriak.

 

This slideshow requires JavaScript.

 

Post Navigation