Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “maiatza, 2020”

“Ikastolara itzulera”. Zuhaitz Olazabal Susperreguiren bertsoak, Oarso-Bisoaldeko Hitzan

Ikastolara itzulera

Doinua: ‘Oraindik hango oihartzun hots bat
Egilea: Zuhaitz Olazabal Susperregui

1.
“Ikastolara joan nahi dut aita
beste askoren moduan
bi hilabete pasa ondoren
etxe barruan guduan”.
Nahiz eta hori dugun semea
aspaldi hontan buruan
Besteen esku gaudela beti
ohartzen gara orduan.

2.
Ikastetxeak irekitzea
erabaki zen Parisen.
Protokolo bat oinarrizkoa
betetzeko ezarri zen.
Eta orain zer egingo dugu?
ez dugu berdin sentitzen
onartzeak ez al gaitu denok
goitik behera zipriztintzen?

3.
Sistema honen joko arauak
barneratzen direnean
jende askoren iritzietan
beldurra dagoenean.
Ikastola bat irekitzea
ona al da azkenean?
Segurtasuna eskubideen
gainetik jartzen denean?

4.
Halakoetan kudeaketak
nola egin bageneki
erabakiak ez bihurtzeko
haserre iturri beti.
Zauriak sortu eta zabalduz
doaz emeki-emeki
ez dugulako adosten jakin
ateak nori ireki.

5.
Mezu uholde amaigabeek
galtzen dute balorea,
hauen atzean norbere nahia
baldin badago gordea.
Ikastolara edo etxean
ez dakit zer den hobea
baina umeek zer behar duten
nork pentsatu du ordea?

6.
Inposaketa berri gehiegi
Ikastola baterako
baliagarri izan litezke
nahiz ez jakin zertarako.
Bete edo ez gaixorik inor
behintzat ez da aterako
argi baitago guzti hau ere
ez dela hainbesterako.

7.
Denbora luzez egon ondoren
denon begiradapean
batzuk etxean besteak berriz
ikastolan bapatean.
Ea lehenbailehen batzen ditugun
umeak ume artean
ikastolako geletan eta
etxe ondoko parkean.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/zuhaitz-olazabal-susperregi-ikastolara-itzulera/

“Enegarrenez etxera”, Iruneron. Maddi Sanz Sanchezen bertsoak.

ENEGARRENEZ ETXERA

Doinua: ‘Itsasoari begira
Egilea: Maddi Sanz Sanchez

1)
Afalostean, lagun artean
azkena hartzen genbiltzala,
ilun dago ta etxera buelta
ez da izu kasuala
hogeita hamar minutu luze
bidea ez da hutsala
plaza atzean utzi orduko
ni sentitu naiz huts hala
giltzak eutsita, mobila eskuan
normala balitz bezala.

2)
Pausu motzean, bakardadean,
bide hutsa parez pare.
Farola azpian ez dakit naizen
egoera honen jabe
saiatu arren jartzen barrena
itsasoa bezain bare
oraingo honetan nire olatuek
ez dute astintzen suabe
etxera buelta egin nahi nuke
batere beldurrik gabe.

3)
Bide ilunez, bakardadeaz
izaten ohi gara kexu,
denen ahotik erantzun bera:
gaia da oso konplexu.
Denen ahotan egonda ere
hantxe bakarrik zaude zu
zuhaitza eta pareta izkinei
ere beldurra diezu.
Ba lasai egon, korrika eta
oihu egin dezakezu.

4)
Urtean bitan halako gaiak
izaten dira protesta,
eta halere mila lagunek
gaua buka aldrebeska
ez da normala etxera bueltan
begiratzea trabeska
eta buruan irri guztiak
bihurtzea soilik kezka,
eta oraindik epaile jauna
zer jantzi nuen galdezka.

Iturria: https://irunero.eus/enegarrenez-etxera/

Post Navigation