Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “martxoa, 2016”

Hendaia Euskaraz 2016

Martxoaren 10ean eman zitzaion hasiera Hendaia Euskarazi, herriko etxean ospatu ekitaldian. Txingudiko Bertso Eskolako Andoni Zelaiak “Bertso Tailerrean” ondutako bertso sorta kantatu zuen, Aitor Errazkin bertso eskolako kidea eta Hendaiako musikari prestu bat gitarrarekin laguntzaile izan zituela.

This slideshow requires JavaScript.

 

HENDAIA EUSKARAZ

2016-III-11

Ekitaldian parte hartuaz

bertsozko lehen urratsa

gertutasuna adieraziz

kenduko dugu arantza.

Hitz jokoekin margotutako

eguna nola arratsa

beste urtetan bezala aurten

martxoak hartzen du martxa.

 

Beraz, Hendaian euskararentzat

banderaren igoera,

hura maitatu ta erabili

beraren parte baikera.

beste hizkuntzak hor daude baina

gurea bultza aurrera,

euskaraz bizi nahi duenak

izan dezala aukera.

 

Eguneroko bizitza duina

gure eskutan hartzea,

zer ederrago gure herrian

gure hitzak mintzatzea.

Gerta daiteke zabarkeriaz

gure altxorra galtzea;

gauza normala izan behar du

guk euskaraz bizitzea.

 

Mundu globala zein den handia

txikiak behar arreta…

Euskal Herria bere ttikian

berari gure apeta.

Hiru hizkuntza daude Hendaian

hori ez da berriketa!

Bertsoen bidez egiten dugu

euskararen ariketa.

 

Entzuteko zain gure hizkuntza

anitz balitz, hala bedi.

Baikor jarrera eskua luza

elkarri laguntzen segi.

Eguneroko solas txikiak

itxaron gabe gehiegi,

euskararekin jantzi daitezen

Bidasoaren alde bi.

 

Zorte on opa hendaiatarrei,

berotzen doa giroa.

Alaitasunez bizi dezagun

oraina eta geroa.

Udaberria kax-kax atea

joka duen urtaroa

euskararentzat hilabete hau

izan bedi oparoa.

Bertsotruk: Gasteizko saioa (2016-III-13)

2016ko martxoaren 13an Gasteizko taldearekin saioa egin zuten Txingudikoek. Iñigo Ugarte, Abel Zabala eta Aitor Errazkin aritu ziren Txinguditik, eta Asier Otamendi, Felipe Zelaieta eta Xabier Rico Gasteizko Kakiturri taldetik. Goxo asko hartu zituzten gasteiztarrek txinguditarrak, eta hamabost bat lagunen aurrean egin zuten saioa Kakiturri elkartean; gasteiztarrek elkarte horren izena hartu dute taldea izendatzeko, bertan egiten baitute bertso-eskola, asteazkenero. Saioaren kronika Felipe Zelaietaren eskutik.

Apirileko Kabigorriko bertso gaua (2016-IV-07)

Jokin Bergara eibartarra, Iñaki Murua gabiriarra, Beñat Gaztelumendi añorgarra eta Aitor Errazkin irundarra ariko dira kantuan apirileko bertso gauean, eta Manu Goiogana irundarra arduratuko da gaiak jarri eta saioa aurkeztu eta gidatzeaz. Bertso jarriak Uxue Larrukert irundarraren eskutik helduko zaizkigu; atzerrian da bera, baina iritsaraziko dizkigu bertsoak, ziur, nola edo hala.

Hitzorduari dagokionez, beti bezalatsu; 19:30etan ekingo diegu bertso idatziei eta amaitu bezain laister oholtzaratuko dira bertsolariak. Kontuan izan aparta izaten dela saioa amaitu eta afaltzen geratzeko Kabigorrik eskaintzen digun aukera. Guk aldiro baliatzen dugu, bederen; anima zaitezte zuek ere.

This slideshow requires JavaScript.

Bertsotuk: Legorretako saioa (2016ko otsailak 20)

Otsailaren 20an, Legorretako gaztetxean kantatu zuten Manu Goioganak, Urko Casadok eta Aitor Errazkinek, Txingudiko Bertso Eskolakoak, hirurak. Goierritik Aitor Irastorza, Gema Urteaga eta Odei Lopez aritu ziren. Gureak aski pozik itzuli ziren, bai Odeiek soziedadean prestatutako afari goxoagatik, bai harrera egin zietenekin eta kantulagun izan zituztenekin primeran moldatu zirelako ere. Irunabarrek oso balorazio positiboa egin du Bertsotruk ekimenak orain artean emandakoaz.

This slideshow requires JavaScript.

Ederra joan zen Landetxako Elatzeta Elkarteko bertso saioa

421209947_39526

“Gustora zeuden elatzetako kideak saio amaieran; eta ez zen gutxiagorako, bikain atera baitzen elkarteko zuzendaritza berriak egindako apustua.

Azken urteetako gabeziari aurre egin eta Elatzeta elkarteak dinamika propio indartsua izan behar duela hausnartu ondoren, bide horretan, bertso bazkaria antolatu zuten otsailak 20an, Alaia Martin eta Julio Sotorekin.

Elkartea jendez lepo, giro bikaina, goi mailako bi bertsolari eta antolatzaileen ilusio eta gogoak osagai nahikoak egun ederra aurretik genuela ohartzeko.

Eta hala izan zen: bazkari itzelaren ondoren, arratsalde bikaina pasa baikenuen Alaia eta Juliori esker. Gozatu ederra hartu genuen bertan geunden ume, gazte zein helduek. Umorea eta goxotasuna nahasturik saio borobila osatu zuten bi bertsolariek. Bertsolariak eta entzulegoa, gustora.

Pozgarria da halako ekimena horrenbeste mimoz antolatzea. Bertsolaria eta bertsozalea pozik uzten dituen horietakoa. Eta onena, hurrengo urtean ere, dena ongi bidean, otsailaren hirugarren asteburuan, hitzordua izango dugula Landetxan.

Mila esker, Elatzeta.”

Zuhaitz Olazabal,

Irunabarreko kide eta saioko gai-jartzailea.

Peio Iriarte 2016ko Gipuzkoako eskolarteko txapelketan

Martxoaren 11n Aretxabaletan kantatu zuen Peio Iriarte irundarrak, 2016ko Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan. Lehendabiziko parte hartzea izan du Peiok, Txingudiko Bertso Eskolako kideak. 60-70 lagunen aurrean kantatu zuten bertsolariek Murualde elkartean. Saioa eta gero, oso pozik zen Peio egindako lanarekin, aberasgarritzat hartzen du Aretxabaletako esperientzia, eta ikasten jarraitzeko motibazioa eman diola esan digu.

Era berean, Irunabarretik, bereziki eskertu nahi dugu azken hilabete parean Arkaitz Oiarzabal “Xamoak” Peiori emandako laguntza guztia, bai eta Egoitz Zelaia (Peioren irakaslea), Abel Zabala eta Igauri Lopetegi ere, saioaren egunean berean Peio Aretxabaletara lagundu izanagatik.

Mila esker eta zorionak guztioi!

2016_III_11_Eskolartekoa

Peioren saio amaierako agurra:

Post Navigation