Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea

Archive for the month “urtarrila, 2020”

“Gaur egungo folklorea”. Garbiñe Beraetxe Moralesen bertsoak, Oarso-Bisoaldeko Hitzan

Gaur egungo folklorea

Doinua: ‘Besarkadak eta labankadak
Egilea: Garbiñe Beraetxe Morales

1)
Garai berriak iritsi dira
eta gai zaharrek oztopo
feminismoa gaur egun baita
matxismoan antidoto
letra matxistak eduki arren
musika ez dut gorroto
feminista naiz ta harro diot
perreoa dut gustoko

2)
Jamaikarren erritmoa dugu
gizartean murgilduta
Azken finean tradizioak
amaiera bat badu ta
Arin-arina ta fandangoa
dance hall-arekin nahastuta
hauetako bat aukeratzea
da nire barne burruka

3)
Skin, txonia, pijoa edo
abertzaleen tankera,
Gu Oialumen ibili ohi gera
Daddy Yankeeren antzera
Regetoia gaur egun delako
erromeri saiakera
Itsuragatik ez du ematen
baina denak fansak gera

4)
Adidas eta salomonekin
sarritan goaz dotore
Gozategi, Tapia ta Leturia
eman zazue amore
Gaur egunean gazteak gara
trikitixaren traidore
regetoia ta perreoa
bihurtu dira folklore!

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/garbine-beraetxe-morales-gaur-egungo-folfklorea/

Bizipoza dokumentalaren aurkezpena [2020-01-23]

Urtarrilaren 23an Bizipoza aurkeztu zuten Hondarribiko Kultur Etxean. Tartean, Mindara, Juneren Hegoak eta Ume Alaia elkarteak ere aurkeztu zituzten. Adrian Arruti eta Aitor Errazkin irundarrak bertsotan aritu ziren ekitaldian.

 

5. urtez jarraian, Landetxako bertso bazkaria [ 2020-03-07]

5. urtez jarraian, Landetxako bertso bazkaria. 2020ko martxoaren 7an, Landetxako auzo elkartean. Informazio guztia kartelean duzue.

“Bertso berriak, Antxeta Irratiari jarriak”. Aitor Errazkin Vicenteren bertsoak, Oarso-Bisoaldeko Hitzan

Bertso berriak, Antxeta Irratiari jarriak

(Bertso-sorta entzuteko: https://www.antxetamedia.eus/news/guk-ere-baditugu-gure-bertsoak-aitor-errazkin-bert/)

Doinua: ‘Oraindik hango oihartzun hots bat
Egilea: Aitor Errazkin Vicente

1.
Kalatxorien karranka arrotz
zen bi mila ta batean
baina Antxeta sortu zen Behe
Bidasoako partean
komunitate euskaldunari
parte hemen ta parte han
euskara hutsez berri emateko
goizetik moko betean.

2.
Irrati izan nahi izan zuen
afizio, ofizio…
Hendaia beti habia sendo
baina izateko zio
sortze beretik Euskal Herria
nahimen, irrika, desio
eta urteak bete ahala
ametsak bete zaizkio.

3.
Hegan, ibiltzen zein igerian
guztietan da trebea
aurrerabide erraza, baina,
ez da laguntza gabea
Antxetak bizi iraungo badu
gertu behar du taldea
elkarlanean edo bakarrik
badago-eta aldea!

4.
Euskal Irrati, Arrosa eta
Radio Kultura bidaide
Antxetak uhin bidez darama
gure berri airez aire
sentiarazten ditu Barkoxe
Hondarribia, Luzaide
tokian toki berezi eta
herri bereko partaide.

5.
Donostiara ere heldu zen
Bidasoatik harago
orain Iruña, Gasteiz ta Bilbo!
Izango al da gehiago?
Aurrez txikitik eragitera
Antxeta ohituta dago
baina badaki behar denean
handira jotzen hordago.

6.
Horra Antxetak azken boladan
iritsi duen tamaina
legea bera borrokatzeak
ekarri dion ordaina.
Geroa kezka iturri dauka
aktualitatea haina
hegoak zabal iparra galdu
gabe jardun behar, baina.

7.
Orain Itsasu daukagu Bilbon
eta Gasteizen Heleta
Donostia aldean, Iruñerrian
Domintxaine-Berroeta
mugak apurtzen trebea izan
da betidanik Antxeta
mugaz gaindi-ak muga badela
onartzea dakar eta.

8.
Euskaldunontzat irla bat zara
irratien itsasoan
zenbat etxetan sartzen da sortzen
dena Behe Bidasoan?
Garoa ez da kalte gurean
ez kresala lur gozoan
ezer sustraitu asmorik bada
gure lurralde osoan.

Iturria: https://bidasoa.hitza.eus/generoak/iritziak/aitor-errazkin-vicente-bertso-berriak-antxeta-irratiari-jarriak/

Hainbat bertsolari eta Gari Garaialde argazkilaria, Parean Berdintasun Elkartearekin elkarlanean: Emakume Migratzaile (AK) Artean

Batetik edo bestetik Irunera iritsitako 8 emakumeren testigantzak jaso dituzte Parean Berdintasun Elkarteko kideek, eta eskualdeko hainbat bertsolarik, Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunearen bidez, testigantza horiek guztiak bertsotan jarri dituzte.

This slideshow requires JavaScript.

Abel Zabala Elizazu, Egoitz Zelaia Perez, Urko Casado Usandizaga, Manu Goiogana Bengoetxea, Adrian Arruti Bernadet, Beñat Elosegi Ortiz de Zarate, Zuhaitz Olazabal Susperregi eta Aitor Errazkin Vicenteren bertsoak bildu ditu Parean elkartearen egitasmoak eta hainbat hedabidek zabaldu du ekimenaren berri:

https://irunero.eus/emakume-migratzaileen-ikuspuntua-aztergai-parean-elkarteak-antolatutako-hurrengo-erakusketan/

https://antxetamedia.eus/news/emakume-migratzaileak-artean-izeneko-erakusketa-au/

Irungo aniztasunari aitortza

 

“Lurtarron desafioak”, Iruneron. Andoni Zelaia Otañoren bertsoak.

Lurtarron desafioak

Doinua: “Potajiarena
Egilea: Andoni Zelaia Otaño

1)
Zer moduz irakurle?
Zenbait gogoeta:
noren eskutan dago
lurtarron oreka?
Iturriak agortu
mendiak erreta
ura gainez daraman
ibaia, erreka…
Gaixotasun sintomak
hartu du planeta.

2)
Hausnartzeko denbora
hartzea bederen
planeta bakarrean
bizi gara zeren
laster ez da guretzat
ez eta besteren
zuzentzeko aukera
helduko ote den
ondorengoentzako
kiskali baino lehen.

3)
Ozono zulo beltza
handitzen, handitzen
atmosfera zikinez
ari da loditzen
hotz-bero baremoak
dihoaz gorritzen
ezin esan naturak
ez duela sufritzen
gero eta zailago
daukagu garbitzen.

4)
Aurreikusten duen
zientzi zentroa
itsasoa igoko
omen da metroa
zikloiak, lurrikarak
dena da makroa
horren aurrean nola
mantendu neutroa
gerora iristeko
orainan zikloa.

5)
Kontsumo erregelak
ez da berriketa
multinazionalen
zonbi ariketa
dena da merkatua
diru pilaketa
urrean pareta bat
atzean pareta
ez ote gara ari
burukin kolpeka.

6)
Abiapuntuaren
“kilometro zero”
denbora kontua da
estresan bezero
nora joan etorri,
hola egunero,
Beste biderik jada
ez da honezkero…
Tximista bezain bizkor
Bidaiatu edo!

7)
Lur azpiaren txanda
bete baita gaina
bide-gorri, metroa
ta bus-a, jakina!
Bakoitzari autoa,
motoa, patina,
Lemoniz-en bikia
beharko da, baina,
elektrika sortzeko,
guztientzat haina.

8)
Lurtarron erronkari
jo diot aldaba
kontsumoa handitu
berdin abiada.
Zorionaren zama
zinez hori bada
itzulerarik gabe
aurkituko gara.
Suntsipenera doan
trena habian da.

 

Iturria: https://irunero.eus/lurtarron-desafioak/

Kabigorriko urtarrileko bertso-gaua [2020-01-09]

Kaixo, bertsozale:

Urte berria hasi da eta Kabigorriko aurtengo lehen bertso gaua ere badator. Gabonak tarteko, hileko bigarren ostegunean izango da saioa, urtarrileren 9an hain zuzen. Betiko moduan, 19:30ean.

Bertan ariko dira kantuan Adrian Arruti irundarraHaritz Casabal antxotarra, Nerea Elustondo legazpiarra eta Nerea Ibarzabal markinarra. Saioaren gidaritza Iker Altuna hendaiarrak eramango du. Hilero legez, saioaren aurretik bertso jarriak izango ditugu, honakoan Eleuterio Jauregi “Makalo” zaldibiar hendaiartuaren eskutik.

Gogoan izan Kabigorrik afaltzeko aukera bikaina eskaintzen duela.

Bertan elkar ikusiko dugulakoan,
Anima zaitezte!

Post Navigation