“Bertso berriak, Antxeta Irratiari jarriak”. Aitor Errazkin Vicenteren bertsoak, Oarso-Bisoaldeko Hitzan
Bertso berriak, Antxeta Irratiari jarriak
(Bertso-sorta entzuteko: https://www.antxetamedia.eus/news/guk-ere-baditugu-gure-bertsoak-aitor-errazkin-bert/)
Doinua: ‘Oraindik hango oihartzun hots bat’
Egilea: Aitor Errazkin Vicente
1.
Kalatxorien karranka arrotz
zen bi mila ta batean
baina Antxeta sortu zen Behe
Bidasoako partean
komunitate euskaldunari
parte hemen ta parte han
euskara hutsez berri emateko
goizetik moko betean.
2.
Irrati izan nahi izan zuen
afizio, ofizio…
Hendaia beti habia sendo
baina izateko zio
sortze beretik Euskal Herria
nahimen, irrika, desio
eta urteak bete ahala
ametsak bete zaizkio.
3.
Hegan, ibiltzen zein igerian
guztietan da trebea
aurrerabide erraza, baina,
ez da laguntza gabea
Antxetak bizi iraungo badu
gertu behar du taldea
elkarlanean edo bakarrik
badago-eta aldea!
4.
Euskal Irrati, Arrosa eta
Radio Kultura bidaide
Antxetak uhin bidez darama
gure berri airez aire
sentiarazten ditu Barkoxe
Hondarribia, Luzaide
tokian toki berezi eta
herri bereko partaide.
5.
Donostiara ere heldu zen
Bidasoatik harago
orain Iruña, Gasteiz ta Bilbo!
Izango al da gehiago?
Aurrez txikitik eragitera
Antxeta ohituta dago
baina badaki behar denean
handira jotzen hordago.
6.
Horra Antxetak azken boladan
iritsi duen tamaina
legea bera borrokatzeak
ekarri dion ordaina.
Geroa kezka iturri dauka
aktualitatea haina
hegoak zabal iparra galdu
gabe jardun behar, baina.
7.
Orain Itsasu daukagu Bilbon
eta Gasteizen Heleta
Donostia aldean, Iruñerrian
Domintxaine-Berroeta
mugak apurtzen trebea izan
da betidanik Antxeta
mugaz gaindi-ak muga badela
onartzea dakar eta.
8.
Euskaldunontzat irla bat zara
irratien itsasoan
zenbat etxetan sartzen da sortzen
dena Behe Bidasoan?
Garoa ez da kalte gurean
ez kresala lur gozoan
ezer sustraitu asmorik bada
gure lurralde osoan.